Kontu publikoak

Nafarroaren zorrak %20ko muga gainditu du berriro

Urteko bigarren hiruhilekoan 682 milioi handitu dute zorra Hego Euskal Herriko gobernuek.

Iker Aranburu.
2016ko irailaren 15a
09:01
Entzun

Aurten ere zorpetzea urte hasieran bildu dute Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak. Espainiako Bankuaren datuen arabera, lehenengoak 10.450 milioi euroko zorra du orain, aurreko hiruhilekoan baino 413 milioi gehiago. Hiru lurraldeetako barne produktu gordinaren %15,6 da hori, urte hasieran baino bost hamarren gehiago. 

Proportzionalki handiagoa da Nafarroaren zorra, %19,1etik %20,4ra egin baitu salto azken hiruhilekoan. Guztira, 3.784 milio zor ditu, aurreko hiruhilekoan baino 269 milioi gehiago. Bigarren aldia da Espainiako Bankuaren datuetan Nafarroak %20ko muga gainditu duena: iazko bigarren hiruhilekoan egin zuen, eta gero %18,2raino jaitsi zen.

Behera doa, berriz, enpresa eta erakunde publikoen zorra: 17 milioi Nafarroan (-5) eta 2 milioi EAEn (-2). 2010az geroztik Gasteizko eta Iruñeko gobernuen kontabilitateek hartu dute beren menpeko erakundeen zorraren zama. 

Diputazioek ere diru gutxiago zor dute: 100 milioi jaitsi dute zorra azken hiruhilekoan, 3.314 milioira arte. Zor horretan, ordea, ez da haien menpeko erakunde batzuena zenbatzen.

Espainian, %100,5

Hego Euskal Herriko erakundeen zorra, nolanahi ere, txiki geratzen da Espainiako Erresuma osoak duenarekin: ia 50.000 milioi handitu du zorra, eta dagoeneko 1.106.693 milioi eurotara iritsi da, BPGaren %100,5. Zor horren zatirik handiena administrazio zentralari dagokio (BPGaren %73,2). Erkidegoek  %24,8ko zorra dute, eta %3,2, berriz, udalek eta tokiko beste erakundeek (diputazioak barne). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.