«Ez dakit egokia den idaztera noana. Ez dakit zuzena den alkate bat modu honetan mintzatzea». Hala hasi du Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak sare sozialetan argitaratu duen gutuna, Nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak izenburu duena. Azken egunetan zeresan handia eman du Corrugados lantegia irekitzeko aukerak, eta hartaz idatzi du Alkortak, ikuspuntu pertsonaletik.
Nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak. @uztarria@ukHitza@berria@faktoriaEITB@argia@Sustatu@euskadi_irratia@NAIZirratia@garanet@naiz_iritzia@NotGip@diariovasco@faktoriaEITB@argia_iritziapic.twitter.com/gDCLe5EO6B
— Nagore Alkorta (@alkorta_nagore) May 26, 2021
Eztabaida erakundeen arteko xextra mingots batekin bukatu da. Alde batetik, Azpeitiko Udal Gobernua, Alkorta buru duela; bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, biak EAJk eta PSE-EEk gidatutakoak. Lehenengoak atzo berretsi zuen ezinezkoa zela lantegia lehen zegoen lekuan berriro zabaltzea, 2013ko hirigintza arauek debekatzen zutelako; bigarrenentzat, berriz, aukera bazegoen juridikoki, eta proiektuak aurrera egin ez badu, errudun bakarra dago: alkatea, «bere erantzukizunei uko egiteagatik».
Alkortak, gutunean, «gehien maite dituenengatik» zin egiten du Azpeitiko Udalak ez duela «Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik, ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan». Adierazi du hori esateak ez diola bere loari ordurik kentzen: «Beste batzuk, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut ea horiek lorik egiten ote duten».
Gaia «modu horretan nahastera» zerk bultzatu dituen ere galdetu du alkateak: «Galdetzen diot neure buruari zerk bultzatu ote dituen [...] enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik ehunka lanpostu sortzeko aukera paregabeaz hitz egitera».
Langabezian edo lan baldintza kaskarretan lanean daudenak izan ditu gogoan Alkortak, eta aitortu du «beldurra» ere ematen duela «hedabide nagusien sintoniak errealitatea desitxuratzeko duen gaitasunak».
Egoera «gogorra»
Alkortak uko egin dio «deskalifikazioei» erantzuteari eta «argumenturik gabeko eztabaidetan» sartzeari. Gehitu du «denborak bakoitza bere lekuan» jartzen duela, eta ofizialki egon den prozedura bakarra Corrugadosen itxierarena izan dela.
Egoera barrutik bizitzea «gogorra» egin zaiola aitortu du alkateak, baina «egiten ari diren bideaz» seguru azaldu da: «Horrelako egoerek erakusten dute oraindik ere asko daukagula egiteko, aldatzeko, hobetzeko». Kalean gelditu duten herritarrak aipatu ditu jarraian, sentsibilitate askotakoak, «EAJko bozkatzaile fidel eta afiliatuetaraino»: «Eta egia osoa jakin dezazun, esango dizut herritar bakarra etorri zaidala Corrugados herrigunean zabaltzeko eskatzera».
Azkenik, eskerrak eman dizkie bere lantaldeari, gerturatu zaizkion herritarrei, sindikatuei, laguntza eskaini dieten enpresariei, EH Bilduri eta beste hainbati. Argi utzi du mezua ez dela agur bat, eta kontzientzia lasai daukala: «Elkarrekin egingo dugu denontzako Azpeitia».