Norbaitek inor nahi gabe hiltzen duenean ere, nahigabe galanta hedatzen du. Nahi gabe langabe daudenek ere ekonomiaren aurpegi ilunena erakusten dute eta, aurrikuspenetarako, nahigabea hedatzen. Endesaren (-%4,68) mozkinak gorabehera, 223 puntu eta %1,95 galdu zuen Ibex-35 indizeak, bi banku handiek %3na pasa eta Edurnezurik %2,01 galtzearen ondorioz. 2.414 milioiren salerosketa, azken igoeretan ikusi den baino salerosketa bolumen handiagoa da eta, laino beltzekin batera, dolarra ere 1,46raino indartu da. Izan zen %1na pasako igoera ospatu zuen txerritxo txikirik (Iberia, Acerinox, Inditex eta Indra), baina ehiztarien epaiak ez zuen helegiterako zalantzarik laga. Diru politikak eman zezakena eman du eta langabe kopuruak gastu itzela eragingo du. Horri finantza sektoreko erraldoien labankadak gehituta, nahigabea saihestezina zen.
Erresuma Batuko Gobernuak diru publiko gehiago jarriko du dagoeneko erdizka nazionalizatu dituen bi bankutan. 25.500 milioi libera esterlina inbertituko ditu Royal Bank of Scotlanden(-%7,04), eta parte hartzea %84ra igoko du. Beste 8.000 milioi jartzeko konpromisoa ere hartudu, beharrezkoa izango balitz.Lloyds Banking Groupen (+%2,74), berriz, 5.900 milioi jarriko ditu, banku horrek kapitala hedatzeko operazioan parte hartuko baitu. Lloydsen %43 publikoa da. Diruaren truke, banku batek zein besteak beraien aktiboen zati handi bat saltzea onartu dute, eta mugak jarriko dizkiete buruzagi batzuen gainsariei.
Nahi gabeen nahigabeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu