Irailean aurreratu zuen Navalek kontratua, ta gaur baieztatu du Navalek. Ferryak 1.600 bidaiari eta 350 ibilgailu garraiatu ahal izango ditu eta 2019an nahi dute lanean egotea. Itsasontziaren truke 175 milioi euro jasoko ditu Sestaoko ontziolak.
Bezero ona izan daiteke Balearia Navalentzat, enpresa handia baita. Balear Uharteak bere artean eta Iberiar Penintsulako portuekin (Bartzelona, Valentzia eta Denia) lotzen dituen konpainia nagusia da, eta Gibraltarko itsasartean ere bi linea ditu, Algeciras Ceutarekin eta Tangerrekin lotzeko. Florida eta Bahamen arteko zerbitzu bat ere ematen du.
Baleariak Denian du egoitza (Alacant, Valentzia), eta gaur egun 24 itsasontzi ditu, eta mila langile inguru. 2014. urtean, 3,2 milioi bidaiari garraiatu zituen.
Berritasunak
Navalek eraikiko duen itsasontziak badu beste berezitasun bat: gas natural likidotua baliatu ahal izango du, gasolioaz gain. Horren bidez CO2 isurketak %30 gutxituko liratekeela azaldu du ontziolak.
Bi erregai mota darabilten beste bi ontzi egiten ari dira orain Sestaoko nasetan: ferry bat Herbehereetako TESO konpainiarentzat eta itsasoan kableak jartzeko beste bat Belgikako Deme-Tidewayrentzat. Navalek nabarmendu duenez, teknologia horretako ontzi «sofistikatuak» egiteko gai dela erakusten ari da, eta «munduan erreferentzia» bilakatzen ari dela.