Sestaoko ontziolaren behin betiko itxiera saihesteko azken ahalegina egin du Navaleko langile batzordeak gaur. Proposamen bat egin die langileei: kaleratzeen kalte ordaina erabiltzea beharginak eurak agertzeko inbertitzaile bezala, ontziolaren %40 erosita. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu die gainontzeko %60 erosteko. "Has gaitezen bidea egiten, erantzun bat espero dut", adierazi du gaur Juanjo Llorden Navaleko langile batzordeko idazkariak Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean gobernuaren kontrol saioa egiten ari ziren bitartean.
Llordenek gogora ekarri du bai Jaurlaritzak bai Moncloak etengabe esan diotela ezetz langileen eskariari, ontziola diru publikoz erreskatatzeko aukerari. Diru publikoa sartzeko baldintza bakarra jarri izan du Jaurlaritzak, lehenago inbertitzaile pribaturen bat agertzea: hala gertatuz gero, Iñigo Urkulluren gobernua prest egongo litzatekeela aztertzeko parte hartze publikoa.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenako sailburuak gaur berriro gogora ekarri du inberitzaile pribatuaren baldintza, zehaztuz inbertitzaile pribatu bat edo batzuk izan beharko liratekeela, "etorkizunerako bermeak" dauzkan proiektu bat izan beharko lukeela, eta Jaurlaritzak jarritako kapital publikoa kapital pribatuaren "parekoa edo txikiagoa" izan beharko litzatekeela. Azken argudio hori erabil dezake gobernuak, Navaleko langile batzordearen azken proposamenari ere ezetz esateko, %60ko diru publikoa proposatu duelako batzordeak.
Llordenek kritikatu du Gasteizek eta Madrilek ez dutela ezer egin ontziolaren itxiera saihesteko azken hilabeteetan, eta behin eta berriz errepikatu dutela zein den soluzio bakarra: "Inbertitzaile pribatu bat agertzea", "Zer daude, zain, inbertitzaile bat zerutik jausteko? Hamazazpi hilabte daramatzagu inbertitzaile baten zain", adierazi du Llordenek.
Langile batzordeak "aterabide bat bilatzeko asmoz" egin du proposamena. Edonola ere, oraindik ikusteko dago zer erantzun emango duten langileek eta gobernuek.