Enpresak

Navaleko langileek "erreskate bat" eskatu diete Gasteizko eta Madrilgo gobernuei

Langile batzordearen ustez, "egoera politiko berria" baliatu behar litzateke negoziazio mahai bat sortzeko.

Navaleko langileen protesta, Sestaoko ontziolan, iazko urran. LUIS JAUREGIATZO / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 28a
08:32
Entzun

Aterabide bakarra ikusten du Navaleko langile batzordeak ontziola ez hondoratzeko: Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua buru-belarri sartzea ontziola erreskatatzeko bidean. Horixe da Sestaoko (Bizkaia) enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzeko aukera bakarra, langile batzordeak ohar bidez azaldu duenez.

Atzo, bilera egin zuten langileen ordezkariek Arantxa Tapiarekin, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuarekin. Langileek azaldu zioten kezkatuta daudela, bankuek eta Van Oord armadore herbeherearrak Vox Alexia draga eraikitzeko lortu beharreko akordioa "modu ulertezinean ari delako atzeratzen".

Ontziola iazko urritik dago hartzekodunen konkurtsoan, inbertitzaile berri baten zain, eta bere nasetan ontzi bakarra dauka, Vox Alexia. Baina finantzaketa arazoak medio, dragaren hezurdura baino ez dago eginda, eta airean dago hura bukatzeko akordioa lortuko duten armadoreak eta bankuek. Ontzi horren eraikuntza bideratzeak hogei hilabeteko arnasa eman diezaioke ontziolari, inbertitzaile berri bat bilatu bitartean, baina hori ahalbidetuko lukeen operazio finantzarioa konplexua da, eta gero eta gehiago konplikatzen ari da egunetik egunera.  

Prestutasun gutxi erreskaterako

Langile batzordearen esanetan, Tapiak atzoko bileran azaldu zien Jaurlaritza "maila gorenean" ari dela hitz egiten bankuein, eta gutun bat bidali diola armadoreari, "draga Sestaon amaitzeko konpromisoa eskatuz". Hala ere, langile batzordeak esplikatu du Tapiak prestutasun gutxiago erakutsi zuela ontziola erreskatatzeko aukeraren inguruan. Izan ere, sailburuak erantzun zien Europako Batasunak ez duela onartzen gobernuek erakunde pribatuak dirulaguntza publikoz laguntzea arazo ekonomikoak badauzkate; beraz, Tapiaren hitzetan, Jaurlaritzak "ezingo luke ezer egin" Naval hartzekodunen konkurtsotik atera arte. Jaurlaritzak iaz ere baztertu zuen erreskatearen aukera.

Edonola ere, langile batzordeak Espainiako Gobernuan izandako aldaketa politikoa baliatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, bi gobernuen artean negoziazio mahai bat osatu dezaten Naval nola erreskatatu eztabaidatzeko.

Beharginen ordezkariek bankuei eta armadoreari eskatu diote berriz ere batzartzeko: "Berriro elkartu behar dira, eta bakoitzak zerbaitetan amore eman". Halaber, bankuen jarrera kritikatu du langile batzordeak: "Ez dira mesederik egiten ari ontziolen sektoreari". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.