Enpresak

Navaleko langileek itxialdia egin dute

Datorren astean langile guztiak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko duela esan die enpresak.

Naval ontziolako langileen protesta, joan den astelehenean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko urriaren 30a
07:36
Entzun

Gaueko hamarretan sartu dira Navaleko langileak Sestaoko ontziolan (Bizkaia), eta han izan dira gaur goizeko seiak arte. Horren bitartez salatu dute langile guztien kontratuak hausteko enpresako zuzendaritzak iragarritako espedientea. Atzo goizean jakinarazi zietenez, erregulazioa eskatzeko tramiteak hasi dituzte, eta datorren astean aurkeztuko dute ofizialki.

Kaleratzeen iragarpena ez da ustekabea izan, duela ia hiru aste iragarri baitzuen enpresak dirua bukatzen ari zitzaiola eta ez zuela langileak ordaintzeko dirurik izango urriaren amaierarako edo azaroaren hasierarako.

Jakina izanagatik, "berria ez da ona", Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak onartu duenez. Ziurtatu du bere sindikatuak lan egingo duela ontziolako ia 180 langileei eta industria osagarrietan dabiltzanei "irtenbide duin" bat emateko. Guztira, 2.000 enplegu daude kolokan, non eta bere sare industriala asko mehetu duen eskualde batean, Ezkerraldean.

Halaber eskatu du instituzioen ekarpena, "itsas sektorea estrategikoa delako, eta hala izaten jarraitu behar duelako".

Ontziola geratuta dago iaztik, enpresak jarduera eten baitzuen 160 milioi euroko zorrari aurre egiterik ez zuelako. Irailaren amaieran, enpresaren likidazioa eskatu zuten Navalen jabeek, eta haren konkurtsoak daraman kudeatzaileak likidazio plan bat aurkeztu zuen joan den astean Sestaoko (Bizkaia) ontziolako ondasun eta aktiboentzat. Ontziolak 160 milioi euro inguruko zorra dauka.

Behin epaileak likidazio plana onartuta, bost hilabeteko epea zabalduko da inbertitzaile batek ontziolako aktiboak bereganatzeko. Epe horren barruan inbertitzaileren bat agertzen bada, harentzat izango dira aktiboak eskatzaile bakarra bada, eta «egokiena» aztertuko du epaileak inbertitzaile bat baino gehiago badaude. Bost hilabeteren ostean inbertitzaile bakar bat ere agertzen ez bada, enkantean aterako dute ontziola.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.