BILBO. Navaleko akziodun eta hornitzaile gisa egindakoa zuritu nahi du Ingeteamek. Bizkaiko ingeniaritza enpresak ziurtatu du Sestaoko ontziolan egindako inbertsioak 5,8 milioi euroren galerak ekarri dizkiola. Kapitalean jarritako dirua da hori, 2006an sartu zenetik, ez baitu inoiz dibidendurik jaso. «Enpresa kapitalizatzea erabaki genuen, erreserbak denbora zailetan erabili ahal izateko», esan du, hedabideetara igorritako agiri batean.
Navaleko langileen kritiken jomugetako bat bilakatu da azken asteotan Ingeteam. Beharginak haren egoitzaren aurrean biltzera iritsi dira, haren kudeaketak ontziola porrotera eraman dutelakoan. Ingeteamek Navalen akzioen %37 ditu, Murueta ontziolak bezainbeste.
Langileen salaketetako bat da «akziodun batzuek» Naval beste negozio batzuetarako baliatu dutela. Bere kasuan hori hala ez dela ziurtatu du Ingeteamek. Navalek egin dituen hamar itsasontzitarako ekipoak, sistemak eta instalazioak hornitu ditu dio, hau da, urtero hamar milioi euro inguruko negozioa. «Navalek aldi horretan egindako erosketen %6 baizik ez dira, eta Ingeteamen salmenten %2,2». Gainera, hornidura horiekin ere dirua 11 milioi euro galdu dituela ziurtatu du.
Ontziolaren akzioduna izateaz probestu dela ere ukatu du Zamudioko enpresak. «Beti merkatu prezioetan hornitu dugu Naval, beste ontzioletan prezioekin jasaten dugun presio berdinarekin». Ingeteamen aurkako salaketak «bazkide txiki baten intoxikazioen» ondorio dela esan du. «Ez du zalantzarik izan guztien aurkako funtsik gabeko erasoak egiteko, langileak eta iritzi publikoa Ingeteamen aurka jar zedin».
Navalen 5,8 milioi euro galdu dituela ziurtatu du Ingeteamek
Ingeniaritzak esan du ontziola merkatu prezioetan hornitu duela eta horren bidez ere dirua galdu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu