Grezia

Nazioarteko Diru Funtsak onartu du "huts handiak" egin direla Greziaren erreskatean

Esan du herrialdeko ekonomiak uste baino "askoz atzeraldi handiagoa" izan duela eta langabezia ere izugarri handitu dela. Murrizketa neurriak gizarteko mailetan banatzearen premia nabarmendu du.

Miren Garate.
2013ko ekainaren 6a
16:12
Entzun

Greziarentzat prestatuko erreskatearekin ez zuen asmatu. Nazioarteko Diru Funtsak berak aitortu du "huts handiak" egin zituela, eta herrialdearen esperienzia ikusita, nabarmendu du beharrezkoa dela murrizketen karga gizarteko maila ezberdinen artean banatzea, bestela ez delako babes sozialik lortzen. Greziak eta troikak adostutako erreskate planaren erruz ekonomiaren atzeraldia "uste baino askoz handiagoa" izan dela dio, eta esan du langabezia ere izugarri handitu dela.

Barne txosten batean kaleratu ditu ondorio horiek NDFk. Soldatak jaitsi direnez lehiakortasuna hobetu dela ere azaldu du, bana produktibitatea hobetzerik ez dela lortu. Herrialdeak zor publiko handiegia mantendu duela ere adierazi du txostenean, eta horren eraginez berregituratu egin behar izan dela esan du, bankuek balantzeak ahularaziz. Finantza sistemak gordailuen %30 galdu ditu.

Hutsak huts, programaren orientazioa egokia izan dela uste du Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak, erreforma estrukturalak "ezinbestekoak" zirelako defizita murriztu ahal izateko. Erreskatearen eraginez, arrakasta "nabarmenak" ere lortu direla adierazi du. Horien artean azpimarratu du Greziak eurogunean jarraitzen duela, berak nahi zuen bezala. Horrez gain, "fiskalitatea irmo sendotzea" lortu dela dio, eta pentsio sistema bideragarri izateko bidean jarri dela. Mundu osoko ekonomiaren gerta zitezkeen "ondorio larriak" ere saihestu dira NDFren iritziz, gainerako herrialdeak kutsatzeko arriskuak murriztu direlako.

Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordea, berriz, Greziaren erreskatearen alde mintzatu da. "Alternatiba askoz gehiagorik" ez zegoela esan du. "Presaz jokatu behar izan genuen, urgentziaz. Halakoetan ezin da esan unibertsitatera noa ekonomiari buruzko doktoretza bat ikastera. Zailtasun egoeretan, ikusi egin behar izaten da zein diren alternatibak, eta ez zegoen askorik. Orduan zerbait egin behar zen".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.