Hiru hilabete igaro dira Nazioarteko Diru Funtsak bere iragarpen ekonomikoak egin zituenetik. «Moteltze sinkronizatuaz» hitz egin zuen orduan, hau da, herrialde aberatsen hazkundea ez ezik, pobreena eta tartean daudenena ere txikitu egingo zela. Urritik hona gertatutakoa ikusita, NDF ausartu da esatera moteltzea geratzen ari dela eta hazkundea, «maila apalean bada ere», egonkortu egin dela. Aho txikiarekin badaezpada ere. «Ez dago lekurik lasaitasunerako; munduak elkarren arteko kooperazio eta politika nazional indartsuagoak behar ditu, denei mesede egingo dien berreskuratze bati eusteko», azaldu du Gita Gopinath NDFko ekonomisten buruak, gaur, Davosen (Suitza), Kristalina Georgieva NDFko zuzendariarekin batera emandako prentsaurrekoan.
Berez, NDF jaitsi egin ditu urrian egindako hazkunde iragarpenak: munduko barne produktu gordina aurten %3,3 haziko dela dio orain, orduan esandakoa baino hamarren bat gutxiago. 2020ari dagokionez, 0,2 puntu kendu dizkio iragarpenari, %3,4ra arte. Baina Gopinathek esplikatu du berrikuspen horiek Indiari soilik zor zaizkiola.
NDFk elementu positiboak ikusi ditu beste herrialdeetan eta eremuetan. Batetik, AEBek eta Txinak elkarren arteko merkataritza gerraren bolumena jaitsi dute, eta brexit gogor baterako aukerak «txikitu» direla iritzi dio erakundeak. Eurogunea %1,3 haztekoa da 2020an eta %1,4, berriz, 2021ean; Frantzia, %1,3 urte batean zein bestean, eta Espainia, %1,6 bi urteetan.
Industriaren gainbehera amaitzen ari den arrastoak ikusi ditu NDFk, «hobekuntzak izan direlako autogintzan isurketa arau berrien eragina ahuldu ahala».
Zerbitzuei dagokienez, NDFk nabarmendu du oro har hedatzen ari dela, «kontsumitzaileen gastu indartsua bultzatzen baitu soldaten hazkunde sendoak».
Arriskuak
Hazkundearen aurkako arriskuak «atzera egiten» ari diren arren, Gopinathek onartu du arriskurik ez dela falta. AEBen eta Europako Batasunaren arteko merkataritza «tentsioak» sor daitezkeela aipatu zuen, eta Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra itzul daitekeela.
Gomendioei dagokienez, funtsa ez da urrundu azken urteetan gehien zabaldu den iritziaz. Inflazioa apal dagoenez, babestu egin du interes tasek maila apalean jarraitzea, jarduera ekonomikoari laguntzeko. Kontu publikoak saneatuak dituztenei eskatu die inbertitzeko «giza kapitalean eta ingurumenaren aldeko azpiegituretan»; kontu desorekatuak dituztenei, berriz, defizitak txikitzeko eta zorrei eusteko galdegin die.