Nazioarteko dirua ez ezik, Irlandak gobernu berria ere izango du

Berdeek gobernuari sostengua kendu ondoren, bozak aurreratu beharko dituela aitortu du Brian Cowen lehen ministroak. Aurrekontuak eta murrizketa plana aurrera atera arte itxarongo du dimisioa emateko

Iker Aranburu.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Dublingo gobernuak nazioarteko laguntza eskatu eta berehala hautsi da hura sostengatu duen Fianna Fail (FF) kontserbadorearen eta ekologisten arteko koalizioa. Brian Cowen lehen ministroak (FF) onartu egin du gehiengorik gabe geratu dela, eta prest azaldu da hauteskundeak aurreratzeko. Aurretik, ordea, 2011ko aurrekontuak eta lau urtean gastua 15.000 milioi euro murrizteko plana onartuta nahi ditu Cowenek, eta bi horiek gabe EBk eta Nazioarteko Diru Funtsak dirurik emango ez dutela iradoki du.

Iluntzeko zortzietan hitz egin zuen Cowenek, bere ministroekin bildu ondoren. Baina bere patua goizetik erakutsi zion Ingurumen ministroak, John Gormley Alderdi Berdeko buruzagiak. «Irlandako herria gaizki zuzendua eta traizionatua sentitzen da», ziurtatu zuen, eta hauteskundeak urtarrilaren bigarren erdian egitea eskatu zuen. Gormleyk garbi utzi zuen bere sei diputatuek gobernuaren neurrien aldeko botoa emango dutela, «interes nazionalaren mesedetan». Zailago izango du, berriz, orain arte gobernua lagundu duten Jackie Healy eta Michael Lowry independenteen botoa eskuratzea, biek ala biek exekutiboarengandik urruntzeko keinua egin baitzuten. FF bere alderdia batzea ere ez zaio erraza izango Coweni. «Gizon horren sinesgarritasuna joan egin da. Herriak lider berria merezi du», esan du Sean Power FFko diputatuak.

Horregatik, Cowenek erantzukizunez jokatzeko eskatu die oposizioko hiru alderdiei. Sinn Feineko lau diputatuen botorik ez du lortuko, laboristen hogeiak ere oso zail ditu, baina Fine Gael kontserbadorearen jarrera ez dago hain garbi. «Aurrekontua ikusi arte, ezin dugu txeke zuririk eman», erantzun zion Olivia Mitchell FGko diputatuak Coweni. Gastu publikoa 15.000 milioi euro murrizteko plana bihar aurkeztuko du gobernuak, eta abenduaren 2011ko aurrekontuak.

Sinn Fein faborito Donegalen

Berez, berdeen eta independenteen erabakiak hilabete batzuk baizik ez ditu aurreratu hauteskundeak, libre geratu diren lau aulki betetzeko boz partzialetan aukerarik ez zuelako FFk. Bozetako lehena etzi da, Donegalen. Aurreko diputatua FFkoa zen, baina ia-ia ziurra da aulkia Sinn Feineko Pearse Dohertyren esku geratuko dela. Murrizketa ororen aurka azalduta, krisiaren aurkako protesta botoa bildu nahian dabil SF. Apustua indartzeko erabaki du Gerry Adams alderdiko liderra hautagai izatea datozen bozetan.

Gobernuak ezarri nahi dituen murrizketek eta Europarekin negoziatzen ari den erreskate planak ez dute protestarik eragin Dublingo kaleetan.

Dublin ez da Atenas

Amaia Alvarez. Dublin

Piztu berriak dituzten Eguberrietako argiei begira egon ziren atzo dublindar gehienak. Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) presioari men egin eta Irlandak erreskatea eskatu ondorengo egunean, Errepublikako hiriburuan ez zen aldaketarik sumatu.

Erreskatearen ajearen egunean, hiritarrak hara eta hona zebiltzan Gabonetako erosketak egiten O'Connell kalean edo bizikletarekin paseoan Liffey ibai inguruan. Krisiari buruz galdetuta, hau erantzun zuen 27 urteko Sarah McCarthy-k hiriguneko Ilac saltoki handiko Bizarzuriri begira zegoela: «Kezkatuta gaude bai, baina... ez dakit, ez dakit».

Handik sei bat eraikin hegoaldera, Irlandako Gobernua kolokan zen une horretan, eta dagoeneko hasia zen Dublingo bigarren aste beltza izenez bataiatu dutena.

Zergatik, bada, ez zen protesta girorik? Bankuen erregulazio falta, sozietate zerga apala eta adreiluarekiko mendekotasuna izan dira Irlandako burbuila ekonomikoa leherrarazi duten arrazoiak, eta zio horiek berak izan dira, hain zuzen ere, jendearen pasibitatea eragin dutenak. Ezer gutxi ikusten ahal da Dublingo kaleetan. Kartel apur batzuk, besterik ez: One solution, revolution dioen bat, esaterako.

«Mentalitate kapitalista indartsua duen klase ertain zabala dauka Irlandak; mobilizatzen ez den jendez osatutako klasea, alegia», azaldu du Sinn Feinneko kide Daithi Byrnek. Alderdi horretako gazteen erakundea, Oghra Shinn Fein, izan zen atzo mobilizatu ziren talde gutxi horietako bat.

Igandean ere, gobernuaren egoitzaren atarian protesta egin zuten Shell to Sea taldearekin batera. Guztira, 40 bat lagun elkartu ziren igandean. Atzo, berriz, 120 inguru. Gobernuko eraikinetara sartu eta poliziarekin tentsio uneak izan zituzten, NDFren eta Brian Cowen lehen ministroaren kontra protesta egiten ari zirela. Poliziek Sinn Feinneko Aengus O'Snoidaigh parlamentaria jo zuten.

Manifestazioa larunbatean

Byrnek adierazi duenez, «protesta txiki zehatzak» antolatzen ari dira, baina oraindik ez da egin ekintza handirik. Zatiketa hori saihesteko, hain justu, heldu den larunbatean manifestazioa deitu du sindikatuen konfederazioak, Irish Congres Trade Unionhi-k (ICTU). Sinn Feinek abenduaren 4rako antolatu du manifestazio nazionala Dublinen. Abenduaren 7an bozkatuko dute 2011ko aurrekontua. «Mobilizazio falta arazo larria da Irlandan, baina hemendik aurrera aldatzea espero dugu», dio Byrnek.

Izan ere, Irlandako hedabideetako protagonistetako bat mobilizazio falta izan da. Egunkari guztiek nabarmendu dute Irlandan ez dela izan Grezian izandako istilurik, eta ez dela izango ere.

Adierazgarria da Irish Times egunkariak atzo nola laburbildu zuen kaleko giroa azaleko informazioan: «Irlandarrak lanpetuta zeuden X Factor programa ikusten, erreskatea zehazten zen bitartean».

Erreskate plana

Noiz onartu du Irlandak laguntza jaso behar duela? Herenegun gauean, laguntza jaso beharko zutela jakin arren erabakia astebete atzeratu ostean.

Nork utziko dio dirua Irlandari? Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Erresuma Batua eta Suedia prest daude laguntza horietatik aparte dirua uzteko.

Zenbatekoa izango da laguntza? 90.000 milioi euro ingurukoa, Greziari emandakoa baino txikiagoa -hari 110.000 milioi euro utzi dizkiote-.

Zenbat denboran itzuli beharko du? Hiru urtean.

Zenbateko interesa izango du? %5 ingurukoa, zor merkatuetan bonoak saltzeko behar duen %8-9a baino merkeago.

Zer egin beharko du laguntzaren truke? Defizita -BPGaren %32koa- murrizteko neurriak hartu beharko ditu. Bihar bertan iragarriko du horretarako lau urteko plana. 10.000 milioi euro aurreztu eta 5.000 milioi euro gehiago bildu nahi ditu.

Ze neurri hartuko ditu? Gutxieneko soldata orduko 8,65 eurotik 7,65 eurora jaitsiko du -1.500 eurokoa da hilean-; gizarte zerbitzuetako gastua %10 jaitsiko du; eta 28.000 funtzionario kaleratuko ditu.

Sozietate zerga igo beharko al du? Gobernuak dio ezetz. Behin eta berriro esan du sozietate zerga (%12,5ekoa) igotzea ez dela negoziagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.