Irlandako banku sistema ia osorik salbatzeko jarritako diruaren erdia berreskuratzeko itxaropena du Dublingo gobernuak. Galdutzat jotzen ditu Anglo Irish Banken jarritako 29.000 milioi euroak eta Irish Nationwiden jarritako 6.000 milioiak —biak likidatu dituzte—, baina gainontzeko 30.000 milioiak oraindik patrikaratu ditzakeela kalkulatu du. Bere parte hartzeak ongi salduz gero milioi batzuk irabaztea ere ez du baztertu Michael Noonan Finantza ministroak.
Noonanen lehentasuna AIB Allied Irish Bank saltzea da. Aurreko gobernuak 20.800 milioi jarri zituen banku horretan, eta akzioen %99,8 ditu orain Irlandako Errepublikak. Goldman Sachs inbertsio bankua kontratatu du orain Noonanek, parte hartzea nola saldu behar duen aztertzeko. Salmentak hamar urte irautea espero du Dublinek. Gaur egun AIBk 11.700 milioi euro balio du.
Bank of Ireland salbatzeko 6.000 milioi jarri zituen Irlandak, eta %15 bere esku du; Permanent TSB ia osorik da estatuarena, 1.000 milioi jarri ondoren. Azken horren aseguru adarra eta Bank of Irelanden akziobatzuk salduta, jadanik 5.000 milioi berreskuratu ditu Irlandak.
Noonanek baztertu egin du 2012ra arte bere helburua zena: bankuen zama ESM erreskate funtsaren gain jartzea.
Nazionalizatutako bankuak saldu nahi ditu Irlandak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu