Nazionalizazioaren bide malkartsuan

Bi hilabete eskas gelditzen dira baliabide naturalak nazionalizatzeko Boliviak bere buruari ezarritako epea amaitzeko, eta zailtasunak ugaltzen ari zaizkio egunetik egunera

Irune Lasa.
2006ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ez da erraza. Evo Moralesen gobernuak ere, jakin bazekien ez zela erraza izango. Baina oraingoz ez dute etsitzeko asmorik. Hiru hilabete igaro dira Boliviako Gobernuak herrialdearen gas eta petrolioa nazionalizatzeko dekretua sinatu zuenetik,eta oraindik ez du lortu baliabideen ekoizpen eta merkaturatzea kontrolatzea. Gobernuak, hala ere, berearekin jarraitzen du, eta nazionalizazio prozesua burutzeko bere buruari ezarritako 180eguneko epea oraindik ez dela amaitu berretsi du aste honetan. Azaroaren lehenean beteko da epe hori, eta ordurako «nobedadeak» egongo direla ziur dago.

Nazionalizazioaren bidean, nola ez, dirua da oztopo handiena Hego Amerikako herrialde pobreenarentzat. Hidrokarburoen negozioaren kontrol erabatekoa estatuaren enpresa batek hartu behar luke, Yacimientos Petroliferos Fiscales Bolivianosek (YPFB). Baina duela astebete, herrialdeko Hidrokarburoen Ministerioak aitortu zuen enpresak ez duela nahikoa baliabide ekonomikorik industrian giltzarri diren zatien %51 eskuratzeko.

Esplorazioa eta ekoizpena, oraindik Brasilgo Petrobras eta Espainiako Repsol YPFrenak dira. Berdin gertatu zaio YPFBri findegiak banaketa eta gasbideen kontrola hartu nahi izan duenean.Operazio horiek Total, BG Group eta atzerriko inbertsiogileen mende jarraitzen dute.

Beraz, prozesuarekin aurrera jarraitu ahal izateko dirua eskatu dio YPFBk Boliviako Banku Zentralari: 180 milioi dolar. Oraingoz legediak debekatu egiten ditu halako laguntzak.



KONTRATUEKIN ERE EZ. Moralesen gobernuarentzako beste traba handi bat Bolivian dauden multinazional horiekin kontratuak berritzeko oztopoak dira. Negoziazioak geldirik daude une honetan. Petrobras, esaterako, aste honetan bertan kexatu da boliviarrek beren kabuz eten izanaz azken asteetako negoziazio bilkurak. Hidrokarburoen ministro Andres Solizek ukatu egin zuen negoziazioak eten izana: «Ez da elkarrizketarik hautsi; egia da ere ez gaudela akordiotik hurbil. Iritziak jasotzen ari gara». Dirudienez, petrolio konpainiak kezkatuta daude bi hilabete soilik falta direlako kontratu berriak hitzartzeko epea amaitzeko eta, haien arabera, «ziurgabetasuna delako nagusi» oraindik.

Bezeroekin ere, eta batez ere Brasilekin, negoziazioak motel doaz. Joan den ekainean Argentinarekin akordioa lortu zuen Boliviak eta gasaren salneurria milioi BTUko (Britaniar Unitate Termiko) 3,35 dolarretik 5era igotzea lortu zuen. Brasilek lau dolar ordaintzen ditu gaur egun eta Boliviak zortzi eskatzen dizkio. Egunero egunero 26 milioi metro kubo gas natural inportatzen ditu Petrobrasek Boliviatik, eta datozen urteetan inportazioak 30 milioira igoko dituela espero da. Bi herrialdeen arteko kontratua 2019. urterainokoa da.

Hala ere, dena ez da zailtasuna. Petrobrasek eta Repsol YPFek inbertsioak eten arren, nazionalizazioa iragarri zuenetik badira Boliviara hurbildu diren beste multinazionalak: AEBetako Franklin Mining edota Gazprom. Dena den, orain arteko akordio garrantzitsuenak Venezuelako Estatuaren PDVSArekin egin ditu, besteak beste YPFBrekin batera lan egiteko eta konpainia horretako 300 arduraduni prestakuntza emateko.

Baina Chavez «populistaren» itzalaren beldur denak aintzat hartu beharko du Norvegiak ere laguntza agindu diola Boliviari nazionalizazioetarako. Bere petrolio erreserbak nola murrizten diren ikusten ari den Norvegiak.

Prozesuarentzako zailtasunen artean sartu behar da ere YPFBko arduradunen aurkako «irregulartasun» salaketak. Dena den, Moralesek kargu guztiak berretsi ditu aste honetan. «Akusazio faltsuekin nazionalizazioa galarazi nahi dute» , esan du presidenteak. «Baina ezingo dute; aztertu dugu; ez gaude bakarrik». Hainbat arlotan banatuta dagoen herriak behintzat babesten du oraindik nazionalizazioa. Herritarren %80k gutxienez. Eta horrek indarra ematen du bide malkartsuan.

 

Beste iruzur bat leporatu diote Repsoli



Berriro Repsol. Berriro iruzurretan ibili den susmoa. Berriro gas natural esportazioak liskar iturri. Eta, berriro, Boliviako Gobernua salatzaile. Oraingo honetan, gainera, Brasilgo Petrobras konpainiari ere lapurreta egitea egotzi dio.

Hidrokarburoen nazionalizazioaren haritik dator gatazka. Orain, Boliviako Gobernuak dauka kapitalaren erdiamultinazionaletan. Zuzendaritza batzordeetan lekua hartu du, zorrotz aztertzen ari da gas natural salerosketak eta, dirudienez, badauka zertaz kezkatu. Repsolen filiala den Andina enpresaren eta Petrobrasen harremanez, adibidez.

Andinak aspalditik saltzen dio gas naturala Petrobrasi. Behar baino merkeago, ordea, Boliviako Hidrokarburoen ministro Andres Solizek salatu duenez. «Petrobrasek 1,92 dolar pagatzen dizkio Andinari unitate termiko bakoitzeko. Prezioa, ordea, lau dolarrean dago». Hitzarmena daukate konpainia biek eta horregatik da trukea hain onuragarria Petrobrasentzat. «Jakin dugu 2002an egin zutela itun hori. Gaurdaino, beraz, 161 milioi dolar galdu ditu herriak».

Gobernuaren altxortegiei buruz ari da. Gas natural esportazioek zerga ugari eragiten dituzte, eta zerga horiek ez pagatzeko sistema asmatzea da leporatzen diena. Petrobrasek gutxiago pagatu eta, ordainean, mahai azpitik dirutza itzultzen dio Andinari, antza denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.