NDFk aurreikuspenak hobetu ditu, baina suspertzea oso ahula dela ohartarazi du

Esan du euroguneak arazoak konpontzen ez baditu munduko ekonomia hankaz gora jar dezakeela

jakes goikoetxea
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ez da ia ezer aldatu: herrialde aberatsetako ekonomiaren egoera hobetzen ari da, baina hazkundeaoraindik ere apala izango da; gorabidean diren herrialdeek hazkundea izango dute, baina ez handia; Europan langabezia tasek goian jarraituko dute; gatazka geopolitikoek petrolioa garestituko dute; eta Europan krisia berriro okertzeko arrikua handia da. Europan berriro krisia lehertuz gero, ondorioak Lehman Brothersen porrotak eragindakoak baino okerragoak izango lirateke.

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) munduko ekonomiari buruzko udaberriko aurreikuspenak kaleratu zituen atzo, New Yorken. Munduko ekonomia urtarrilean iragarri baino gehiago haziko dela esan du: barne produktu gordinaren (BPG) %3,5 , urtarrilean baino bi hamarren gehiago. Eta eurogunekoa espero baino gutxiago uzkurtuko dela: %0,3. Urtarrileko aurreikuspenak ilunak izan ziren. «Baikortasuna bueltatu da», Olivier Blanchard NDFko ekonomialarien buruaren esanetan. NDFk ohartarazi du euroguneak zorraren eta finantzen krisiari eusten ez badiomunduko ekonomiaren hazkundea bi puntu txikituko dela dela—BPGaren %3,5etik %1,5era— eta eurogunekoa 3,5 puntu.

Eurogunean bi herrialderen egoera kaskarra dela nabarmendu du: Espainiarena eta Italiarena. Espainiaren BPGa %1,8 jaitsiko da aurten, eta %0,1 bakarrik igoko da 2013an; Italiarena, berriz, %1,9 jaitsiko da aurten, eta %0,3 datorren urtean.

Sei hilabetean ekonomiaren egoera «errusiar menditik» «lasaitasun urdurira» pasatu dela esan zuen Blanchardek. Euroguneaz ari zen batez ere. Blanchardek ez zuen baztertu euroguneko herrialderen batek dibisa bakarra utzi behar izatea. Gainera, onartu zuen ez dagoela B planik.

NDFk suebakiak eskatu dizkie herrialdeei, krisiari aurre egiteko. Baina NDFk ohartarazi du suebakiek ez dituztela konponduko zenbait herrialderen lehiakortasun, finantza eta hazkunde arazoak.

Mezua aldatu du NDFk. Erakundearentzat jada ez da nahikoa murrizketak egitea eta defizita jaistea. Ez behintzat herrialde batzuen kasuan. NDFk uste du, esaterako, murrizketa guztiak onartuta ere, Espainiak defizit publikoa ez duela %3ra jaitsiko 2018ra arte. Espainiak 2013an lortu nahi du. NDFk %5,3ko defizita espero du orduan.

Merkatuek «eskizofrenikoak» diruditela esan zuen Blanchardek, «gobernuak aurrekontuak murriztera behartzen dituztelako, eta murrizketa horiek hazkundea mugatzen dutenean erreakzio negatiboak dituztelako».

Eurobonuak, berriro

Suebakiak eraikitzeko, eskaera bat egin zion Alemaniari, herrialdea aipatu ez bazuen ere: herrialdeek defizita eta diru kontuak zorrotz kontrolatzea onartu eta gero, «euroguneko herrialdeek aztertu beharko lukete eurobonuak jaulkitzea».

Euskal Herriko enpresariek albiste bat ona eta beste bat txarra jaso zuten atzoko aurkezpenean: txarra, beren merkatu nagusian, Espainian, egoera oraindik ere txarra izango dela; ona, berriz, NDFk bikoiztu egin duela Alemaniaren eta Frantziaren hazkundea, %0,5 eta %0,6, urtarrilean esandakoarekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.