Euroguneko hamaikagarren liskarrari buruz duen iritzia argi eta garbi azaldu du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Banku batasun baterako urratsak ezin direla gelditu uste du, eta, prozesu korapilatsua dela dakien arren, ohartarazi du ezin dela gehiago atzeratu. Espainiak, Italiak eta Frantziak auziari buruz duten jarrerarekin bat egin du funtsak. Atzo, alor horretan duten sintonia berretsi zuten Mariano Raxoik eta François Hollandek, Parisen egin zuten bileraren ondoren.
Europako Banku Zentralak krisia gainditzeko oinarriak jarri ditu, NDFren ustez, baina orain gobernuei dagokie erantzun politiko orokorrak bideratzea, eta horien parte dira banku batasunerako eta batasun fiskalerako iragarri diren urratsak, atzerapenik gabe. «Neurri beharrezkoak baina zailak hartzeko unea da. Horiek atzeratzen saia gaitezke, denbora alde dugulakoan. Baina denbora ez dugu alde», ohartarazi du Jose Viñals NDFko finantza aholkulariak.
Finantzen egonkortasun globalari buruzko txostena argitaratu berri du NDFk, eta arrisku nagusiek eurogunean jarraitzen dute. Erantzun politiko «ahulak» hartzen badira, arazoak izango dituzte Espainiak eta Italiak. Euren ekonomia %3,2 eta %2,3 jaits liteke 2013. urtean, eta arrisku saria 700 oinarrizko puntura igo liteke (750 Espainiaren kasuan). Apirilarekin alderatuz, egoerak okerrera eta arriskuak gora egin duela ondorioztatu du NDFk.
Banku batasuna sortzeko akordioa lortu zuten joan den ekainean euroguneko herrialdeek. Ideia sinple batean oinarritzen da: finantza ikuskatzaile bateratua eratuko da EBn (Europako Banku Zentrala), eta gordailuei Europa mailako berme parekoa emango zaie. Europako Batzordearen esku geratu zen proiektua definitzeko ardura, baina Durao Barrosok aurkeztu duen proposamen zehatzak ez ditu herrialde guztiak asebete.
Ikuskatzaile bakarra 2013ko urtarrilaren 1erako prest egotea nahi du Bruselak. Urtebeteko epean, gainera, batasuneko finantza erakunde guztiak kontrolatzeko ardura izango luke. Alemaniari ez zaio hori gustatzen, landerretako aurrezki kutxen eskumena galduko lukeelako. Alemaniarren zalantzak direla eta, datorren urtearen hasierarako ikuskatzaile bakarra martxan egotea oso zaila izango da.
Espainiak interes berezia du banku batasunarekin. Izan ere, ikuskatzaile bakarra indarrean sartzen den momentutik posible izango da erreskate funtsetatik zuzenean arazoak dituzten bankuei laguntza helaraztea, zorpetze hori gobernuaren bizkarrean jarri gabe. Finantza erakundeentzat eskatu duen erreskaterako baliatu nahi du Espainiak aukera hori, baina bide hori itxi nahi diote Alemaniak, Herbehereek eta Finlandiak. Neurritasunaren alde bat eginda dauden hiru herrialde horien ustez, laguntza zuzen horrek soilik hemendik aurrera sortzen diren kapital beharrei erantzun behar die, eta ezin da dagoeneko bankuek zituzten diru gabeziak estaltzeko erabili.
Interpretazioen arteko lehia argitu arte, Alemaniaren zalantzak ezabatzeko presioarekin aurrera jarraitzen dute zenbait herrialdek. Atzo Espainiako eta Frantziako presidenteak bildu ziren, eta auzi horretan François Hollanderen babesa duela bermatu zuen Raxoik. «Aldez aurretik erabaki duguna indarrean ezarri behar dugu, eta hori bankuen ikuskaritza da», Hollanderen hitzetan. Gaur zortzi Europako gobernuburuen goi bilera egingo da, eta batzar horretan batasun finantzario eta fiskalari buruz eztabaidatu beharko dute.
Batzar horretan hitzartutako guztiarekin aurrera egitea defendatuko dutela berretsi zuen Raxoik, halaber. «Ekainean hainbat erabaki hartu zituen Europak. Erabaki horiek betetzea baino ez dugu nahi», zehaztu zuen Hollanderekin batera egindako prentsa agerraldian.
Datorren asteko goi bilera erabakigarria izan liteke Espainiak bigarren erreskate bat jada eskatuko duen edo ez argitzeko. NDFren aurreikuspen ekonomikoek zail jartzen diote beste irtenbide bat. Atzo, horiek zalantzan jartzen saiatu zen gobernua, eta uztailean iragarritako murrizketak ez dituela aintzat hartu aurpegiratu zion. Haatik, NDFren txostenak propio aipatzen ditu neurri esanguratsuenak —BEZaren igoera, langabezia sariaren jaitsiera, eta funtzionarioei Gabonetako ordaina kentzea—.
Zerga neurriak Italian
Datozen hiru urteetan 11.600 milioi euroko doikuntza lortu nahi du Italiako Gobernuak. Horretarako, zenbait aldaketa iragarri ditu zerga alorrean, eta gastu publikoa murrizteko neurriak hartuko ditu. Ustekabean, errenta zergaren tasa puntu bat jaitsi die 28.000 euro arte kobratzen duten italiarrei. Aldiz, balio erantsiaren zerga puntu bat igoko da 2013. urteko ekainean. Bi puntu igoko zituela iragarri zuen, baina erdian geratu da. Tasa murriztua %11 izango da, eta orokorra, %22.
Murrizketa garrantzitsuak ere erabaki ditu Mario Montiren gobernu teknokratikoak. Diru gutxiago egongo da medikuntza hornikuntzarako, eta funtzionarioei zenbait osagarri jaitsiko zaizkie, soldata ez igotzeaz gain.
NDFk bat egin du banku batasuna ez atzeratzeko eskaerarekin
Alemaniak martxan dagoen prozesua trabatu ez dezan presio egiten jarraituko dute Espainiako eta Frantziako gobernuekErrenta zerga jaitsi die Italiak errenta apalei, baina BEZaren tasa puntu bat igoko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu