NDFk urtebeteko atzeraldia espero du eurogunean, eta bikoa Espainian eta Italian

Nabarmen okertu ditu iazko irailean munduko ekonomiari buruz egindako aurreikuspenak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Nazioarteko Diru Funtsak ere (NDF) ekonomiaren egoera okertu egingo dela uste du. Iazko irailean egindako aurreikuspenak nabarmen okertu ditu hiru hilabete eskasean, eurogunearenak eta bertako herrialdeenak batez ere: euroguneko ekonomia barne produktu gordinaren (BPG) %0,5 uzkurtuko dela dio; irailean, aldiz, %1,1eko hazkundea espero zuen. 2013rako egoera hobea iragarri du, BPGa %0,8 haztea, urrian esandakoaren erdia.

Egoera mundu guztian okertuko da, Europaren eraginez. NDFrentzat, euroguneko «tentsioak» dira munduko ekonomiaren susperraldiaren «mehatxu» nagusia. NDFk datorren asteartean kaleratuko ditu munduko ekonomiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenak. Italiako Ansa agentziak zenbait datu aurreratu zituen atzo.

Munduko ekonomia aurten %3,3 eta 2013an %4 haziko dela dio NDFk, irailean esandakoa baino zazpi eta bost hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Gorabidean diren herrialdeei esker haziko da. Hazkunde esanguratsua izango dute, baina espero baino txikiagoa: BPGaren %5,4 aurten eta %5,9 datorren urtean.

NDF baikorragoa da Ameriketako Estatu Batuen (AEB) egoerari buruz, eurogunearen bilakaerari buruz baino. AEBei eutsi egin die irailean aipatutako hazkundea (BPGaren %1,8) eta hiru hamarren jaitsi die 2013koa, %2,5etik %2,2ra.

Eurogunearen barruan, bi herrialderen egoera gainerakoena baino dezente gehiago okertuko da, NDFren arabera: Italiak eta Espainiak atzeraldi gogorra jasan beharko dute bi urtean: Italiako ekonomia BPGaren %2,2 uzkurtuko da aurten eta %0,6 datorrenean; Espainiakoa, berriz, %1,7 eta %0,3. NDFk errotik aldatu ditu irailean iragarritakoak: Espainiaren ekonomia aurten %1,1 haziko zela espero zuen.

Hazten laguntzeko funtsa

«Erronka politiko nagusia euroaren krisia amaitzea da, hazkundean oinarrituta», dio NDFk txostenean. Hazkundea izango da euroguneko agintarien eztabaida gai nagusia, hilaren 30ean.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak funts bat sortzea proposatuko dute, arazoak dituzten herrialdeen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko. Funtserako dirua iaz gastatu gabe utzitako laguntzetatik lortuko lukete. Normalean diru hori herrialdeei itzultzen diete. Europako Batzordeak ez du zehaztu iaz zenbat laguntza geratu ziren banatu gabe.

Funtsaren laguntza jasoko lukete erreskateren bat jaso duten herrialdeek (Grezia, Irlanda eta Portugal) eta «egiturazko erronka larriak» dituztenek. Espainiak eta Italiak, alegia.

Merkelek eta Sarkozyk sei proposamen aurkeztuko dizkiete beren bazkideei. Horien artean dago euroguneko herrialdeetako sozietate zergak bateratzeko prozesua azkartzea. Irlandak ezetz esango die, %12,5eko sozietate zerga apalarekin hainbat multinazional erakartzea lortu baitu.

NDFk, Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak onartu dute Irlanda betetzen ari dela 85.000 milioi euroko erreskatearen truke hitzartutako neurriak. Iazko urtea %10eko defizit publikoarekin amaitzea espero du, hitzartutakoa baino sei hamarren gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.