Negoziazio kolektiboa

Negoziatzeko epea luzatzeko proposatu du Cebekek

Bizkaiko patronalak eskaini die sindikatuei airean dauden itunak sinatzeko, ultraaktibitatea beste sei edo hamabi hilabetez luzatuko lukeen klausularekin.

Iker Aranburu.
2013ko maiatzaren 21a
18:42
Entzun

Sektore gehienetan lan itunak berritzeko negoziaketak ez aurrera ez atzera daudela ikusita, prozesua beste urte erdiz edo urtebetez luzatzeko proposatu du Bizkaiko patronalak, Cebekek. Francisco Javier Aspiazu idazkari nagusiak eskatu die sindikatuei sina ditzatela uztailaren 7an agortuko diren itunak, baina aldaketa batekin: klausula batean esatea ultraaktibitatea beste sei edo hamabi hilabetez luzatzen dela.

Aspiazuren datuen arabera, Bizkaian 25 lan itun iraungiko dira hemendik 50 egunera, orduan bukatuko baita azken lan erreformak itunen luzapen automatikoari (ultraaktibitateari) emandako urtebeteko muga. Itun horiek berritzen ez badira, behin betiko bertan behera geratuko dira, haien menpean dauden 115.000 langileek haien babesa galduko dute eta oso egoera nahasiari egin beharko zaio aurre: langile batzuei Espainiako itunak ezarriko zaizkie (halakorik dagoenean),  beste batzuei Langileen Estatutuak zehazten dituen gutxieneko baldintzak aplikatuko zaizkie, eta beste batzuek enpresarekin lotu beharko dituzte lan harreman berriak.

Hego Euskal Herrian 500.000 langiletik gora daude berritu gabeko lan itunekin, eta horietatik askori bukatzen zaie ultraaktibitatea uztailaren 7an. Berritu gabe daude sektoreko hitzarmen garrantzitsuenak, metalgintzakoak. Nafarroan (65.000 langile) egin zuten akordiorako oinarria UGTk eta CCOOk, baina ez da gauzatu.

Aurreko urteotan ez bezala, negoziazio kolektiboaren blokeoa ez dago hainbeste soldata igoerarekin edo lanaldiarekin lotuta, lan erreformak enpresei ematen dizkien abantailen inguruan baizik: ultraaktibitatearen muga eta lan itunak ez betetzeko enpresek duten aukera batik bat. Bi puntu horiek indargabetu nahi dituzte itunetan sindikatuek —dagoeneko lortu dute hitzarmen batzuetan—, baina patronalak ez die uko egin nahi. «Ez diogu indarrean dagoen legediari muzin egingo; hori pellokeria da», berretsi zuen atzo Aspiazuk. Jarrera berdina dute beste patronalek —Adegi Gipuzkoan, CEN Nafarroan eta SEA Araban—, baina horietako bakar batek ere ez du jendaurrean negoziazioak luzatzeko proposamenik egin. Adegiko Juan Ramon Apezetxeak espreski baztertu dio aukera hori Berriari, orain konpondu ezin dena, hilabete batzuetara konpontzerik ez dagoela argudiatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.