Negoziazio kolektiboaren erreforma

Negoziazio kolektiboaren erreforma soldaten aurka doala salatu du ELAk

Hego Euskal Herrian lan kostuak Europan baino txikiagoak dira, baina produktibitatea nabarmen handiagoa daAberastasunaren banaketari buruzko txosten bat kaleratu du sindikatuak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Egunotan CCOO eta UGT sindikatuak patronalarekin negoziazio kolektiboaren erreforma negoziatzen ari dira Madrilen. Eta han «soldaten aurka» egiten ari direla uste du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Negoziazio kolektiboaren erreforma egiteko arrazoi nagusietako bat soldaten aurkako neurriak hartzean datza», Muñozen hitzetan. Eta negoziazio horietan soldaten aurka doazen unetik beretik, «krisiaren sorburuan soldatek erantzukizuna izan zutela eman nahi dute jakitera». Baina soldatek krisiaren sorburuan ez dute inongo zerikusirik izan, Muñozen iritziz.

Soldatez gain, lanaldiak luzatu eta malgutu nahi dituztela ere salatu zuen Muñozek, «gero eta jende gutxiagok lan gehiago egin dezan». Horren arabera, produktibitate handiagoa lortu nahi dute enpresariek, «diru eta irabazi gehiago lor ditzaten». Horregatik, ELAk soldatak aldarrikatzen jarraituko duela esan zuen, «aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko bidea» delako.

ELAk atzo aurkeztu zuen Hego Euskal Herriko aberastasunaren banaketaren inguruko txostena, eta bertan banaketa hori «desorekatua» dela erakusten du, Mikel Noval ELAko arlo sozialeko arduradunaren hitzetan. Txostenaren arabera, 1980 eta 2009 urteen artean, lan errentek 7,1 puntu galdu zituzten, hau da, barne produktu gordinaren (BPG) %57,1 izatetik %50 izatera igaro zen langileen soldata. Denbora tarte berean, aldiz, enpresarien errentak 5,6 puntu hazi zirela nabarmentzen du txostenak, %36,1etik %41,7ra. Datu horiek eurotara ekarriko bagenitu, 2009an 1980ko aberastasun banaketari eutsi izan balitzaio, langile bakoitzak 5.979 euro gehiago irabaziko zituen urte horretan.

Batez bestekotik behera

Aberastasunaren banaketa «bidegabe» horretaz gain, Hego Euskal Herriko biztanleen gehiengoa «bataz besteko per capita errentaren behetik dago», Novalen hitzetan. Biztanleko errentaren bataz bestekoa 31.334 eurotan zegoen 2008an, irabazien bataz bestekoa 24.020 eurotan zegoen bitartean.

Bitartean, enpresak zuzentzen dituztenen diru sarrerak «lotsagarriak» direla salatu zuen. Txostenean bildutako datuen arabera, Espainiako Ibex-35ean kotizatzen duten enpresetako administrazio kontseiluek bataz beste 2,3 milioi euroko ordainsaria jaso zuten iaz. Hau da, diru administrazio kontseiluko ordezkari bakoitzak 510.000 euroko ordainsaria jaso zuen.

Datu horiek guztiak aipatu eta gero, Muñozek hainbat pertsonak hilabete amaierara iristeko zailtasunak dauzkatela gogorarazi zuen. 1.000 eurotik gora kobratzen duten pertsona kopuruen datuak eman nahi zituztela azpimarratu zuen Muñozek, baina ez zituen eman, Hego Euskal Herriko ogasunek ez dutelako informazio hori ematen. «Espainiakoak, ordea, bai», gehitu zuen.

Txosteneko datuek erakusten dutenez, martxoan batez besteko pentsioa 974,12 eurokoa izan da Hego Euskal Herrian. Eta langabezia prestazioei dagokionez, langabetu bakoitzak bataz beste 945 euro jaso ditu. Datu horiek guztiek «arrazoizkoaren baitan dauden bizi kalitate mailara iristeko zailtasunak jartzen dizkiete pertsona hauei guztiei», Novalen hitzetan.

Merkeago, gehiago

Enpresaburuen elkarteak eta Europako zenbait agintari soldaten igoerak produktibitatearen araberakoa izan behar duela esaten ari dira etengabe. Hego Euskal Herriko enpresaburuek diote inflazioaren araberako soldata igoerekin ez direla lehiakorrak, lehiakideek baino garestiago ekoizten dutelako.

Bada, ELAren txostenaren arabera, lan kostuak Europako bataz bestekoa baino %11,4 txikiagoak dira Hego Euskal Herrian. Hala ere, «produktibitatea handiagoa da, nabarmen», Novalek dioenez. Produktibitatea, ekoizten dena lan egiten den pertsona kopuruen artean banatzean datza, beraz «gero eta jende gutxiagok lan egin, orduan eta produktibitate altuagoa da», Muñozen hitzetan.

Txostenak emandako datuek Hego Euskal Herriko produktibitate tasa altua erakusten dute, 2009an Europako produktibitatearen bataz bestekoaren goitik baitzegoen. Batez bestekoari ehun puntuko balioa emanez gero, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 132,4koa produktibitate tasa dute. Europan, Irlandak (135,2) eta Luxenburgok (167,9) bakarrik zeukaten EAEko produktibitatea baino altuagoa.

Gaur egun langabeziaren tasa %12tik gorakoa dela gogorarazi zuten ELAko ordezkariek, eta patronalak pertsona gehiagorekin gutxiago ekoiztu nahi duela azpimarratu. «Horrek langabezia handitzea dakar. Eta produktibitatea denaren gainetik handitu behar dela esaten duten horiek, gizarteari esan beharko liokete langabezia handitzeko apustua egiten dutela», Novalen hitzetan. Egungo egoera honetan, gero eta langile gehiagok lan egin dezatela eskatu zuen Muñozek, «langabezia baita marjinaziorako atea».

«Ekonomiaren kolapsoa»

Salatu zuen egungo eredu ekonomikoa aldatzeko, lanaldiak igotzen, soldata politika murriztaileak ezartzen, zerga politika bere horretan uzten, interes tasak igotzen, aurrekontu estuak aurkezten eta defizit publikoa gutxitzen ari direla. Eta horrek guztiak, «ekonomiaren kolapsoa dakar, eta irtenbide bezala esportazioa jartzen dute jomugan». Eredu horrek ordea, ez du etorkizunik bere ustez.

Horretaz gain, Espainiak bere moneta ezin duenez debaluatu, «soldatak eta eskubide sozialak debaluatzea aukeratu du», Muñozen hitzetan. Era berean, patronalari «ekonomia espekulatiboaren interesak defendatzen aritzea» leporatu zion, ekonomia erreala kontuan hartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.