Aste erabakigarria izan daiteke honakoa pentsio sistemaren erreformarentzat. Sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak berriro negoziatzera deitu ditu Frantziako Gobernuak, bihartik aurrera. CFDT eta sindikatu erreformistak limurtzen saiatuko dira Edouard Phillippe lehen ministroa eta Muriel Penicaud Lan ministroa. Ez dute lan erraza izango, batik-bat ez badu alde batera uzten erreformaren gakoetako bat: orekarako adin bat ezartzea, eta horretara iritsi ez direnei pentsioa txikitzea.
Igandean, Laurent Berger CFDTko buruak ziurtatu zuen orekarako adina kendu ezean ez duela erreforma babestuko. Neurri horren helburua da sistemaren finantzen oreka bermatzea. Alternatiba gisa, Bergerrek proposatu du konferentzia bat egitea erretiroa finantzatzeko neurriak eztabaidatzeko. CFDT ados dago erretiro pentsioa jasotzeko erregimen bakarra finkatzearekin.
Beste bi sindikatu nagusiek, CGTk eta FOk, berriz, ziurtatu dute ez dutela onartuko erreforma bertan behera geratzea den beste ezer. Haien asmoa da kaleko mobilizazioak berrindartzea, Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren. Horregatik, bat ez, bi protesta egun antolatu dituzte aste honetan, ostegunean eta larunbatean. Horren aurretik, atzodanik, greba egitera daude abokatuak, haien erregimen propioa babesteko.
Gainera, mugimendua beste sektore batzuetara hedatu nahi dute. Horrela, CGTren kimika federazioak findegiak eta petrolioarekin zerikusia duten beste instalakuntza guztiak lau egunez blokeatzeko deia egin dute, gaurtik aitzin.