BERTOKO ENPRESAK: SPRI Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuko zuzendari Aitor Cobaneraren aburuz, zabalkundeak «argiak eta itzalak ditu». «Egia da merkatua ondo handituko dela. Egia da, halaber, ekialdeko herrialdeen Barne Produktu Gordina, mementoz, ia-ia bere hartan geratuko dela. Egiturazko erreformak sustatu arte, enpresaburuentzat pagotxa ikaragarria da eskulan eta produkzio merkea».
Cobaneraren ildotik jo du Euro Info Centre erakundeko zuzendari Enrique Velascok: «Batik bat esportazioak diru iturri dituzten enpresek igarriko dute zabalkundea, ekialdean ezartzen diren multinazionalek tokian tokiko hornitzaileak baliatuko baitituzte». Haren ustez, «mendebaldeko enpresek langileen prestakuntzan, teknologia berrietan eta ikerkuntzan inbertitu beharko dute lehiakorrak izango badira». Velascok zehaztu du ekialdeko herrialdeak bospasei urteren buruan egonkortuko direla, eta orduantxe, Europa osoko enpresak egoera bertsuan egongo direla.
«Hango eta hemengo enpresak maila berera iritsi bitartean», mendebalekoek zer eginik badutela iragarri du Cobanerak. «Euskal enpresek orain dute aukera ekialdean hedatzeko: bai produkzio zentro berriak eraikiz, bai merkataritza sareak sortuz, bai elkarlan programak hitzartuz».
Atzerriko inbertsioak: Mesedegarri izan zein ez, Joseba Barandiaran ekonomistak esan du zabalkundea «zilegi» dela, eta Europak ez lukeela «urrezko kaiola bat» izan behar: «Ekialdeko bizilagunek EBko merkatuan lehiatzeko eskubide osoa dute».
Gainera, ekonomistak azaldu du zabalkundeak ez diola kalterik egingo Atzerriko Inbertsio Zuzenari (AIZ). Kanpoko enpresek gurera etortzen jarraituko dute. Izan ere, «AIZ ez da tamaina mugatuko gazta». Hitz bitan: askok uste baino sagu gehiago har ditzake merkatuak, Barandiaranen aburuz betiere.
AIZ «lan kostu merkeek eta oso bestelako parametroek»baldintzatzen dutela ohartarazi du: «Herrialdearen egonkortasun politikoa, per capita errenta, azpiegitura sarea, garraio kostua eta eskulan trebatuaren eskaintza funtsezkoak dira». Ekonomistak Volkswagenek Iruñean duen produzkio zentro erraldoia aipatu du adibidetzat. «Eskulana merkeagoa da Bratislavan orain, baina baita duela hamar urte ere, eta lantegiak Landabenen jarraitzen du».
Multinazionalak: Multinazionalak dira AIZren muina. Ildo horretatik, adituek azaldu dute Euskal Herriko ekoizpen zentroak ez dituztela, oro har, ekialdera eramango. «Azpikontratak egiteko amaraun sendoagoa dute; langile gaituagoak dira bertokoak; enpresek ondo ezagutzen dute elkar; eta dirutza irabazten ari dira gurean», azaldu du Cobanerak. «Zergatik lekuz aldatu?».
Dena den, adituek aho batez esan dute litekeena dela multinazionalek ekoizpen zentro berriak eraikitzea Europa ekialdean. «Geografikoki erdirago egongo dira. Kontsumitzaile berri askoko merkatu berri batean eta Asiatik oso hurbil». Velasco hitzak osatu ditu Barandiaranek: «Agian multinazionalen bat edo beste lantegia hustu eta ekialdera abiatuko da. Ezer ez dago harrian idatzia, baina ez dut uste joera hori izango denik. Leku aldaketen mamua mehatxu huts da askotan».
Mehatxua egia dela dionik badago. Besteak beste, Michelinek Lasarten duen enpresako LAB sindikatuko eledun Mikel Munduate. Ororen gainetik, autogintzari buruz mintzatu da. Gogor gaitzetsi ditu multinazionalak. «Sasoi batean, lanaldia luzatzearen alde egin zuten, baita larunbatean eta igandean ekoizpen katea ez etetea lortu ere. Ondoren, inflazioak gora jo, stock-a handitu nahi ez, eta ekoizpena jaitsiarazi zuten. Langileoi malguago izateko galdatu ziguten: etengabe merkatuaren gorabeherei egokitzeko eta soldata txikiagoak onartzeko. Orain, berriz, kontratu politika txarragoa inposatu eta lantegiak ekialdera eramateko zorian dira», deitoratu du Munduatek.
Autogintzan eta gainerako sektoreetan diharduten multinazionalek erabaki ditzaketenen aiduru dira sindikatuak. Badute zergatik kezkatu: besteak beste, CABOTek eta Ericssonek berriki iragarri dute Euskal Herriko lantegiak itxiko dituztela.
Europako Batasuneko merkatu erraldoi berriari desafio egin beharko diote beharginek, baita sindikatuek, bertoko enpresek eta multinazionalek ere.
ENPRESEN IRITZIA
Negozio aukera oparoagoak buruan
EBren zabalkundeak Bizkaiko enpresei zelan eragingo dien jakiteko, inkesta erraldoia egin du Bilboko Merkataritza Ganberak. Herrialdeko ehunka enpresen aburuak jaso dituzte: askotariko sektore eta tamainatako enpresen aburuak, alegia. Emaitzak argigarriak dira oso. Enpresa gehienek ez dute zabalkundeak ekar ditzakeen ondorio txarretan pentsatu; beste negozio aukera batzuk aztertzen ari dira. Ez dute ekialdeko merkatua ondo ezagutzen, eta elkarlan hitzarmenen bidez murgildu gura dute hango ekonomian. Uste dute zabaldundeak ez duela Atzerriko Inbertsio Zuzena motelduko. Diotenez, «EBn herrialde gehiago egoteak ez dio bertoko enpresen ekoizpen ahalmenari kalterik egingo». Merkatu berria mehatxua ez baizik mauka da enpresontzat.