Diruak dirua egiten duela esaten da sarri. Aurrezkiak dituzten euskal herritarrek, ordea, badakite azkenaldian behintzat ia ezinezko kontua dela hori. «Negar egiteko moduan dago gordailuen errentagarritasuna», laburbildu du Ana Blanco Finantza Erakundeen Kudeaketako EHUko irakasleak gaiaz galdetu eta berehala. Bankuek urtebeterako gordailuengatik eskaintzen duten interesa ia zeroren parekoa da: %0,32koa zen joan den urtarrilean. Euskal Herrian bankuak ez dira Alemaniako muturretara iritsi —Commerzbank eta Stantbank bankuek 500.000 eurotik gorako gordailuei interesak kobratu egiten dizkiete, pagatu beharrean—, baina asko estutu zaie tartea askorik arriskatu barik diruari errentagarritasuna atera nahi dioten aurreztaile txikiei. Egon badaude aukerak ohiko interesak baino handiagoak lortzeko, baina BERRIAk kontsultatutako adituek azaldu dutenez, norberak hartu nahi duen arrisku mailaren araberakoak dira aukera horiek.
Baina, lehenik eta behin, komeni da ulertzea zergatik dagoen hain apal gordailuen errentagarritasuna. EBZren neurriek eta euriborrak bultzatu dituzte gordailuen interesak minimo historikoetara, %0,32ra —%0,26ra jaisten da gordailua bi urtetik gorakoa bada—. Euriborrak negatiboan itxi zuen martxoa, bigarren hilabetez jarraian:-%0,012an. Hipotekak kalkulatzeko indizeak otsailean itxi zuen negatiboan (-%0,008) historian lehen aldiz, eta hala jarraitzen du oraingoz; zuloan beheraka gainera, apurka bada ere. Bestalde, EBZk ezarritako interes tipoa ere minimo historikoan dago: %0,00n.
Egoitz Bergara Laboral Kutxako aurrezki produktuen arduradunak azaldu du, gainera, finantza erakundeek ez daukatela duela urte batzuk zeukaten likidezia beharrizanik. Hau da, bankuek ez daukatela aurreztaileen dirua erakartzeko beharrik. 2012an ia %3koa zen urtebeterako gordailuen errentagarritasuna, baina kolpean %1,23ra erori zen 2013an. 2014az geroztik ez da eten %1etik ia zerorainoko hondoratzea. «Interes tasa baxuena egoera ezezaguna zitzaigun orain arte, baina badirudi ondorengo hilabete edo urteetan ere iraun dezakeela». Ez dirudi, beraz, errentagarritasunaren negu gorria berehala goxatuko denik.
Arrisku maila igotzea
«Negozio tartea txikitu zaie bankuei. Hipotekengatik gero eta gutxiago kobratzen dute, eta, hortaz, gutxiago ordaintzen dute jasotako aurrezkiengatik», azaldu du Blancok. Kontua da norbanako eta familia askok bankuetako gordailuetara jo izan dutela tradizionalki aurrezkiak epe baterako sartu eta diruari errentagarritasuna ateratzeko. Baina orain ez dago ia-ia interesik bueltan.
Zer egin aurrezkiekin orduan? «Pixka bat arriskatu beharra dago errentagarritasuna lortzeko», Blancoren aburuz. Gauza bera dio Bergarak ere, eta aurreztaileen bi aukerak zeintzuk diren zehaztu ditu: «Norberaren ezaugarrien arabera nolabaiteko arriskua bere gain hartu, edo errentagarritasunari uko egin». Diruari etekina atera nahi dionak lehenik eta behin bere errentagarritasun helburuak eta arrisku profila zehaztu behar du, Laboral Kutxako arduradunaren esanetan. «Behin aurreztailearen profila finkatu ondoren, bere ezaugarriei behar bezala egokituko zaion inbertsio zorro bat eratuko genuke, norberaren unean uneko finantza egoera kontuan hartuta».
Hainbat aukera daude gordailu tradizionaletatik kanpo pixka bat gehiago arriskatu nahi duten aurreztaile txikientzat —50.000 eurotik behera dituztenak har daitezke aurreztaile txikitzat—. «Kontserbadorea bazara, badaude gordailuak %3-%5eko interesa eskaintzen dutenak urtean, baina trukean finantza erakundearekin ezkontzea eskatzen dute: soldata edo pentsioa bertara helbideratzea, seguruak bertan kontratatzea, eta abar», esplikatu du Blancok. Gainera, %3-%5eko interes hori gordina izaten da, eta edozein momentutan baldintzaren bat hautsiz gero errentagarritasuna %0,5 inguruan gera daiteke zigorren ondorioz.
Gordailu egituratuak dira beste aukera bat, EHUko irakaslearen aburuz. «Hasierako kapitala bermatuta egoten da, ez duzu galduko. Baina errentagarritasunaren ehuneko bat burtsako indize bati lotuta geratzen da edo Ibex 35ean dauden enpresen balioari. Kontua da orain burtsa ere ez dagoela momenturik onenean».
Inbertsio funtsak dira beste aterabide bat, eta aukera handia dago norberak hartu nahi duen arriskuaren arabera: errenta finkoko funtsak, errenta aldakorrekoak, garabideko merkatuetako funtsak, funts bermatuak...
Enrique Elola Inversis inbertsioetarako aholkularitza konpainiako Donostiako bulegoko zuzendariak igarri du bezeroak gordailu tradizionaletatik inbertsio funtsetara pasatzen ari direla. «Mario Draghik aurreztaile guztiok behartu gaitu arrisku maila igotzera. Azken batean, ez dago beste aukerarik errentagarritasuna nahi bada». Balio seguru izan diren estatuko bonuek ere zerotik gertuko interesa daukate; beraz, irabazi gutxi lor daiteke hor ere. Badago aurrezkiak BGAEetara sartzen duen jendea ere —borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara—, eta urte batzuez zerga ordainketa apaltzen badute ere, dirua handik ateratzean zerga ugari pagatu behar dela nabarmendu du Elolak, eta horregatik jende askori ez zaiola interesatzen.
Gakoa edozein finantza produkturen baldintzak luparekin begiratzea dela nabarmendu dute aditu eta finantza erakunde guztiek. «Egungo interes tipo apalekin, errentagarritasuna lortzeko garrantzitsua da aurrezkiak dibertsifikatzea, eta horretarako beti izan behar da kontuan bezeroaren profila eta haren finantza beharrizanak», azaldu dute Caixabankeko iturriek. Garai batean gordailuetara jotzen zuten bezero asko inbertsio funtsetara jotzen ari dira Caixabanken: %14koa zen Espainiako inbertsio funtsen merkatua 2012an, eta %18koa izan da 2015ean. Hego Euskal Herrian, esaterako, ia %27 handitu zen inbertsio funtsetara bideratutako diru kopurua 2013tik 2014ra: 22.473 milioi euro ziren 2013an, eta 28.504 urtebete geroago.
Baina bankuak azpimarratu du inbertsio funtsa ez dela «publiko guztientzako produktu egokia», eta garrantzitsuena aholkularitza dela. Caixabanken MIFID testak egiten dituzte bezeroaren soslaia zehazteko, eta bankuko langileak aholkularitzan trebatzearen aldeko apustua egin dute.
Higiezinei begira
Gauza bera egiten dute Kutxabanken ere. Bankuko iturriek azaldu dutenez, ohiko gordailuetan baino errentagarritasun handiagoa lortzeko, bezeroaren arrisku soslaia aztertzen dute, eta horren araberako aukerak eman. Dibertsifikazioa da errentagarritasuna handitzeko gakoetako bat, eta interesak handitu nahi dituztenentzat, bezeroaren araberako inbertsio funtsak edo bestelako produktuak eskaintzen ditu.
Baina, gordailuez, altxorraren bonuez, inbertsio funtsez edo zorro delegatuez gain, badago aukera gehiagorik? Baietz dio Ana Blanco EHUko irakasleak. Inbertsio funtsen barruan higiezinetan inbertitzeko garai ona izan daitekeela uste du: «Funtsen zorro bat izanez gero, dibertsifikatzeko, aukera ona izan daiteke SOCIMI elkarteren batean sartzea». Higiezinen inbertsiorako elkarte anonimo kotizatuak dira SOCIMI elkarteak, eta burtsa merkatu alternatiboetan kotizatzen dute, ez Ibex 35ean.
Aurreztaile txiki tradizionalari, ordea, arrotzak zaizkio arrisku maila bat duten produktu horiek. «Ez genuke inoiz behar bezala ulertzen eta ezagutzen ez ditugun produktuetara jo behar», aholkatu du Laboral Kutxako Egoitz Bergarak. Norbere ezagutzak eta inbertsio esperientziaren garrantzia nabarmendu du Bergarak, eta erakundeek eskaini beharreko aholkularitzarena.
Oro har, gizartea ez dago ohituta horrelako interes tipo txikietara, ezta horren alternatibak bilatzera ere. Baina beharbada lehengo interesen maila ere gehiegizkoa zela iritzi dio Blancok. «Euriborra oso altu zegoen, diru asko mailegatzen zuten bankuek eta irabazi tarte handiak zituzten. Hura ez zen normala, eta oraingoa ere ez». Nolanahi ere, uste du urtebete inguruan igotzen hasiko direla interesak, 2008ko antzeko mailara. «%2 eta %2,5 arteko errentagarritasuna izango litzateke kopuru normal bat».
Negu gorria aurreztaileentzat
Ia zero da bankuek gordailuen truke eskaintzen duten errentagarritasuna, minimo historikoa. Interes handiagoa nahi duten aurreztaile txikiak euren gain arriskuren bat hartzera behartuta daude orain. Egon badaude aukerak, baina aholkularitza egokia jasotzea ezinbestekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu