Makroekonomia

Negua ez zaio iritsi ekonomiari

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,8 handitu da urteko lehen hiruhilekoan, eta 4.700 lanpostu gehiago sortu ditu.

Pasaiako portua eta Aiako harria elurtuta, pasa den urtarrilean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 26a
12:42
Entzun

Euskal estatistika erakundeak, Eustatek, gaur goizean argitaratu du 2018. urteko kontu ekonomikoen aurrerapena, ohar baten bidez. Datu berriaren arabera, moteltzeko joerarik ez dago, eta, aldiz, bizkortu egin da hazkundearen erritmoa. Emaitza egiaztatzen bada, hazkunde aurreikuspenak igotzea espero du Eusko Jaurlaritzak.

Hain zuzen ere, urte batetik bestera %3,1 handitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina. Hiruhileko batetik bestera zortzi hamarren igo da. Bi kasuetan, aurreko neurketan baino hamarren bat gehiago izan da. Krisia amaitu zenetik bigarren emaitzarik onena da lehen hiruhilekorako.

Hazkundeari esker, enplegu sorrerak ere erritmoari eutsi dio. Urtarriletik martxora beste 4.700 lanpostu gehitu dira. Urte batetik bestera, 20.000 baino gehiago dira. Kontu ekonomikoek lanaldi osoko lanpostuetan neurtzen dute enplegua, lanaldi partzial eta aldi baterakoen efektua ezabatzeko.

Hilabete barru, maiatzaren 25ean, Eustatek kontu ekonomikoei buruzko xehetasun guztiak argitaratuko ditu. Estatistika zerbitzuak aurreratu du industriak, eraikuntzak eta zerbitzuek eutsi diotela hazkundeari.

Azken asteotan euroguneko ekonomiaren portaerari buruzko zalantzak zabaldu dira. Datu aurreratu batzuek iradoki dute industriaren jarduerak behera egin duela 2018ko lehen hilabeteetan, eta Alemanian jaisten ari direla produkzioa nahiz esportazioak. Aditu batzuek neguaren efektuari egotzi diote ustekabeko murrizketa hori. Lehen neurketek diote Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dela antzekorik gertatu. Eurostatek maiatzaren 2an jakinaraziko du Europako Batasuneko eta euroguneko barne produktu gordinaren lehen aurrerapena.

Azpiazu: "Tinko jarraitu du"

Eustatek emandako aurrerapenari buruz iritzia eman du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, legebiltzarreko prentsa aretoan egin duen agerraldian. Urte arteko tasan, azken urte eta erdiko igoerarik handiena dela azpimarratu du, eta ez du inolako moteltze seinalerik ikusten. Garrantzi handia aitortu dio emaitzari, Europan ekonomiaren martxari buruz piztu diren zalantzen aurrean.

Hiru produkzio sektore nagusiek "oreka handia" dute, eta eragile pribatuen zorpetzea handitu gabe gertatzen ari da hazkundea. "Ekonomia sektore bakar baten menpe ez egoteak etorkizunean tinko jarraitu ahal izango duela bermatzen du", Azpiazuren hitzetan. Interes tasa txikiak, petrolio merkea, aldeko trukea, eta inguruko merkatuen hedapena "oso ongi" baliatzen ari da euskal ekonomia, sailburuaren aburuz.

Azpiazuk aurreratu du posible dela aurtengo hazkunde aurreikuspenak berriro hobetzea, lehen hiruhilekoan hazkundea iragarritakoaren gainetik jarraitzen duelako. Hala balitz, bosgarren hobekuntza litzateke jarraian. 2018. urtean BPGa %2,6 handitzea da Urkulluren gobernuak egindako azken kalkulua, joan den hilabetekoa.

Enplegu datuen kontraesana

Eustaten kontu ekonomikokin batera, gaur INE Espainiako Estatistika Erakundeak enpleguari buruzko inkesta argitaratu du. Hasiera batean, datu kontrajarriak eman dituzte bi azterketek. Eustatek enplegu sorrera garbi indartsua adierazi du EAEn, eta INEk, aldiz, 2.600 lanpostu galdu eta 1.900 langabe gehiago daudela kalkulatu du.

Azpiazuk argudiatu du ohikoa dela halako "ezusteak" egotea urteko lehen hiruhilekoan —Eustatek egiten duen inkestarekin ere gertatu ohi da—, baina ziurtatu du kontu ekonomikoetan islatutako datuak baduela fidagarritasuna, besteak beste Gizarte Segurantzaren afiliazioak daraman garapenarekin bat datorrelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.