NEKAZARITZA

Nekazariak errepideetara atera dira gasolio profesionalaren eske

Sektoreak duen une larria dela-eta «egitura neurriak» eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Milaka traktore errepidera atera eta zenbait unetan zirkulazioa eragotziz, Hego Euskal Herriko nekazariek protesta egin zuten atzo, erregaiaren garestitzeari aurre egin ahal izateko neurriak exijitzeko. Izan ere, azken hilabeteetan behin eta berriz gasolio profesionala sortzeko eskatu diote nekazariek Espainiako Nekazaritza Ministerioari.

Horretarako, gasolioaren gaineko hainbat zerga kentzea nahi dute, edo behintzat Europak baimendutako mugaraino murriztea. Besteak beste, hidrokarburoen Zerga Berezia litroko 0,021 euroraino jaisteko aukera badagoela diote eta nekazari profesionalek kontsumitutako gasolioaren BEZa ere %16tik %7 jaistea proposatzen dute. Nafarroan egin ziren atzo mobilizazio jendetsuenak. EHNEk eta UAGNk deituta, 4.000 traktore eta 5.000 nekazari eta abeltzain bildu ziren Fontellasen Cintruenigon, Valtierran, Tafallan, Peraltan, Los Arcosen, Villatuertan, Beriainen, Irurtzunen, Oronozen, Orreagan eta Carcarren. UAGNeko Angel Eraul pozik zegoen deialdiak izandako jarraipenarekin. Espainiako Gobernuak azken bileretan egindako proposamenetan «soilik neurri fiskalak» eskaini dituela gaitzetsi zuen Eraulek, eta nekazariek egitura neurriak nahi dituztela gaineratu. Araban, Rivabellosan, Burgostik etorritako nekazariak ere bildu ziren CLHren (Compañia Logistica de Hidrocarburos) banaketa zentroaren atarian. 75 traktore eta 500 baserritar inguru ziren eta N-1 errepidea itxi zuten minutu batzuetan. Traktore bat ere erre zuten «sektorearen krisiaren sinbolo» gisa. UAGAko arduradunek salatu zuten azken urte erdian gasolioa batez besteko prezioa %30 garestitu dela. Petrolioaren garestitzeak ere eragina dauka sektoreko beste input batzutan, hala nola ongarri eta plastikoetan eta «bitartean, nekazal produktuen salneurria jaisten ari da etengabe». Gainera, salatu zuen UAGNek, produkzioaren garaia, kopurua eta prezioa ezartzen dute nekazaritza politikak gero eta gehiago dira, eta horrek eragotzi egiten du erregaiaren garestitzea produktuaren preziora eramatea.

Kostuei ezin aurre egin

Gipuzkoan, Batzar Nagusien Aldapetako egoitzaren atarian elkarretaratu ziren nekazariak eta gero traktore ilada Donostiako kale nagusietatik ibili zen. Gipuzkoako EHNEko presidente Eneko Karrerak kritikatu egin zuen administrazioen jarrera. Beren produktuak duela 20 urteko prezioetan saldu behar dituen sektorea kostuei aurre egin ezinean dagoela, erregaiaren bitartez eta nekazaritza sektorearen «kontura» administrazioek «dirutza» irabazten dutela salatu zuen.Hego Euskal Herrian egunero nekazaritza ustiategi bat desagertzen dela gogoratu zuen Mikel Cormenzana Bizkaiko EHNEko presidenteak. Abadiñon, Durangon, Karrantzan eta Muskizen bildu ziren nekazariak eta bi bailaretan N-634 errepidea ere moztu zuten minutu batzuetan.

Nekazari erakundeek Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari Espainiako Gobernuaren aurrean bitartekari lana egiteko ere dei egin zieten atzo. EAEko Nekazaritza sailburu Gonzalo Saenz de Samaniego bera nekazarientzako gasolio profesionalaren alde agertu zen, baina protesten aurka. Nafarroako nekazaritza kontseilari Javier Etxartek, berriz, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu zuen: «Ministerioa BEZaren igoeran eskuzabalagoa izan balitz ez zen protestarik izango».Nekazariek euren produktuengatik jasotzen dute BEZa nekazariei %3 eta abeltzainei %2 handitzeko neurria eskatu diote, besteak beste, ministerioari. Elena Espinosa ministroak, ordea, neurri horrek ez duela gasolioarekin zerikusirik erantzun zien, adibidez, gasoliorik behar ez duten negutegietako gaiei abantaila emango liokeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.