Nekazarien protestak Bruselara iritsi dira

Mobilizazio handi bat iragarri dute gaurko, Europako Batasuneko buruzagien bilerarekin bat eginez. Nekazaritza Politika Bateratuko ingurumen betebeharrak eta EB-Mercosur akordioa kritikatu dituzte.

NEKAZARIAK
Traktoreak Bruselako erdigunean, gaur goizean. OLIVIER HOSLET / EFE
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 1a
10:05
Entzun

Gaur traktore ilarak Bruselako sarrera-irteerak oztopatzen aritu dira goizean goizetik. Hainbat herrialdetako nekazariek mobilizaziora deitu dute, Europako Batasuneko (EB) buruzagiek gaur egingo duten bilerarekin bat eginez, eta 11:30erako elkarretaratze handi bat egin dute Batasuneko erakundeak dauden auzoan. 

Gaia ez dago estatuburuen gaurko bilerako agendan, baina Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak laborarien protestei buruz hitz egiteko asmoa agertu du. Haren helburu nagusietako bat da EB-Mercosur akordioaren negoziazioak blokeatzea, nekazariek eskatu bezala. Azken egunetan, mobilizazioak gogortu egin dira, bereziki Frantzian, baina baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Gaur protestak egon dira hainbat tokitan. Nekazarien ezinegonaren atzean hainbat arrazoi daude, batzuk orokorrak eta beste batzuk tokikoak.

Ipar Euskal Herrian aste osoan aritu dira protestan, FDSEA sindikatuen federazioak deituta, eta ELBren babesarekin. Hegoaldean, Bizkaiko EHNE eta ENBAk mobilizazioak iragarri dituzte datorren ostiralerako, Bilbon. Traktoreekin sartuko dira Bizkaiko hiriburuan. Mobilizazio horiek gainerako lurraldeetara zabaltzeko asmoa agertu dute. Arabako UAGAk eta Nafarroako UAGNk bihar Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroarekin egingo duten bileraren ondoren erabakiko dute zer egin.

Frantzian, Macronek 230 milioi euroko diru-laguntza plan bat iragarri zuen atzo. Horrekin lotuta, gaur Gabriel Attal lehen ministroak esan du Frantziak debekatu egingo duela EBren kanpotik datozen eta pestizidekin edo Europan erabili ezin diren beste produktu fitosanitario batzuekin tratatu diren elikagaiak inportatzea.

Mercosur eta politika berdeak

Europako Batzordeak ere neurri batzuk iragarri ditu: proposatu du beste urte batez luzatzea Ukrainari ematen dizkion abantaila komertzialak, Errusiarekin duen gerran bere ekonomia babesteko, baina salbuespen batzuk sartu ditu: prest agertu da EBko nekazariei kalte egiten dieten laguntzak aztertzeko. Era berean, 2024. urte osoan nekazariak beren lurren zati bat landu gabe uztera behartzen dituen araua indargabetzea planteatu du.

NEKAZARIAK
Protestan parte hartzen ari direnetako batzuk, goizeko lehen orduetan. OLIVIER HOSLET / EFE

Baina nekazarien aldarrikapenak haratago doaz. Copa Copega EBko nekazaritza erakunde eta kooperatiben bilguneak bi gai nabarmendu ditu Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari bidali dion gutunean: EBren eta Mercosurren biltzen diren Hego Amerikako herrialdeen arteko merkataritza arautzen duen akordioa, eta EBko Nekazaritza Politika Bateratuak ezartzen dituen ingurumen betebeharrak.

Nekazariek Von der Leyeni ohartarazi diote «probokazio bat» dela egungo protesten jokalekuan EB-Mercosur akordioa bultzatzea, uste baitute itun horrek mesede egiten diela Hego Amerikako produktuei. «Mercosurrekin egindako akordioa onartezina da EBko nekazarientzat. Akordioa betetzeko bultzada etengabea probokazio berritzat hartuko da, eta Europako Batzordearen beste neurri batzuen aurkako gaitzespena areagotuko da», adierazi dute.

Horien artean Nekazaritza Politika Bateratua nabarmendu dute, eta, bereziki, horrekin lotutako «plan ekologikoak eta nekazaritza eta klima konpromisoak». Horiek «berriz» definitu behar direla.

Ukrainari buruz ere mintzatu dira gutunean, eta eskatu dute berma dadila EBn sartu baino lehen zehaztea nora esportatuko diren Ukrainako nekazaritza produktuak, mekanismo bat jartzeko produktuak benetan zehaztutako herrialdeetara iristen direla bermatzeko.

Era berean, kexu dira zenbait herrialdetan gasolioa erosteko laguntzak kendu dituztelako hango gobernuek.

Ekologisten erantzuna

Europako erakundeetan eragiteko ahalmen handia duten beste elkarte batuk ere mintzatu dira gaiari buruz. Greenpeacek, adibidez, kritikatu egin du Europako Batzordearen proposamena, lurrak urtebetez landu gabe edukitzeko baldintza bertan behera uztekoa. Gogorarazi du Nekazaritza Politika Bateratuak neurri hori eskatzen duela lurraren higadura prebenitzeko, eta azpimarratu du bertan behera uztea arriskutsua dela klimarentzat. Gainera, nekazarien aurka doala uste du, ez duelako prezio justurik bermatzen. «Gehiago produzitzea ez da bidea».

Greenpeacek uste du nekazariek «arrazoi» dutela beren diru sarrerak bermatu behar direla eskatzen dutenean, baina uste du irtenbidea beste bat dela, eta neurri hauek proposatu ditu: modu iraunkorrean lan egiten duten nekazariei diru laguntza gehiago ematea eta Nekazaritza Politika Bateratuko funtsak modu bidezkoagoan banatzea, nekazari txikiak industria handien aurretik jarriz. Halaber, uste du nekazaritzako inportazioek EBn indarrean dauden jasangarritasun, osasun eta segurtasun estandar berberak bete beharko lituzketela, lehia desleiala saihesteko.

Antzera mintzatu dira beste elkarte batzuk ere. Europaren Lagunak ideia laborategiak eta Merkataritza Justiziaren aldeko Europako Koalizioak EB-Mercosur akordioa eta merkataritza libreko beste itun batzuk kritikatu dituzte, EBko nekazarien lan baldintzetan eta diru sarreretan dituzten ondorioengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.