NEKAZARITZA. Urtea

Elkarteen pribatizazioa, mobilizazioak eta hiltegiak ekarri ditu gogora

joxerra senar
2004ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Gipuzkoako EHNEk 2004. urteko gertaeren laburpena egin zuen atzo, eta, oro har, urtea «oso gogorra» izan dela nabarmendu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren «bazterketaz» gain, hiltegi txikien itxiera eta elkarteen pribatizazioaz ere mintzatu ziren. Urtarrilaren 18an Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilduko dira azkenik eta, urte bat bildu gabe igaro ostean, gogoz hartu dute bilera. Urratsik eman ezean, ostera, mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Foru Aldundiaren eta EAJren jarrera gaitzetsi zuen atzo prentsaurrean Eneko Karrera Gipuzkoako EHNEko presidenteak. «Baztertu» nahi izatea egotzi zien eta, besteak beste, diru laguntzak ekarri zituen gogora.Diru laguntzak jasotzeko irizpideak aldatu egin direla nabarmendu zuen, besteak beste. Gaineratu zuenez, «urte bat igarotzen da diru laguntzak agintzen dituztenetik ematen dituztenera arte».

Urratsik ezean, mobilizazio gehiago

Bestetik, nekazaritzako aurrekontuak «negoziaziorik gabe» onartu direla ohartu zuen. «Hori oso larria da guretzat». «Horrenbeste arazo dituen sektorean» elkarrizketarik gabe jardutea gaitzetsi zuen Karrerak.

Lurgintza kudeaketa kooperatibaren gatazkaren inguruan ere mintzatu zen. Sektorea kontrolatu nahi izatea egotzi zion Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Kudeaketa enpresa pribatua sortu dute». Enpresa hori sortu bezain laster, funtzioak zehazteko lehiaketa publikoa egin zela ekarri zuen gogora.Urtarrilaren 18an bilduko dira Nuria Lopez de Guereñu Gipuzkoako Nekazaritza idazkariarekin azkenik. «Gure asmo nagusia negoziazioaren bidez lan egiten jarraitzea da», azpimarratu zuen Karrerak. Dena dela, urratsik eman ezean, mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuen. Donostiako San Telmo museoan ere itxialdia egin zuten iragan astean. Eusko Jaurlaritzari, berriz, hiltegi txikiak ixtea egotzi zion Karrerak. Monopolio egoera sustatzen aritzea ere leporatu zion, «nekazari guztiak hiltegi zehatzetara joatea bultzatzen ari delako». «Beste behin, nekazaritza esku pribatuetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.