Nervacerok Trapagarango lantegia itxi dezakeela jakinarazi die langileei

Datorren hiruhilekoan etekinik lortu ezean itxiko lituzke ateak; ELAk xantaia egitea egotzi dio enpresari

Koxkako langileek egindako manifestazio bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Datorren hiruhilekoan irabazirik izan ezean Trapagarango lantegia itxi egingo duela esan dio Nervaceroko zuzendaritzak langile batzordeari. Hala jakinarazi du ELAk. Sindikatuak mehatxutzat hartu du zuzendaritzaren esana, abisua ematearekin batera irabazi horiek lortzeko hartu nahi dituen neurriak ere jarri dituelako mahai gainean. ELAk adierazi duenez, proposatu du soldatak jaistea, urteko lanaldia luzatzea, lanpostuz aldatzeko malgutasuna handitzea, ordutegi eta egutegi malgutasuna handitzea, lantaldea txikitzea eta langileen eskubideak murriztea.

Sindikatua, baina, ez da enpresaren xantaiaren aurrean amore emateko prest, eta esan du ez duela eskubideetan atzerapausorik onartuko. Haren iritziz, planteatutako neurriekin langileen lan baldintzak okertzea besterik ez du nahi, «bere benetako asmoa egungo lantalde osoa kaleratzea duelako, gero merkeago eta baldintza okerragoetan kontratatzeko». ELAren ustetan, Nervacerok krisia aitzakia gisa darabil, soldatetan eta arlo sozialean lortu diren hobekuntzetan hogei urtez atzera egiteko.

Siderurgia enpresan 400 lagunek baino gehiagok lan egiten zuten orain gutxira arte, baina iazko urtearen amaieran zuzendaritzak 56 langile kaleratu zituen Eusko Jaurlaritzaren baimenarekin. Dosierra erretiro aurreratuetarako eta kaleratuei berriz lana emateko jartzen zituen bermeengatik onartu zutela esan zuten orduan Enplegu Saileko iturriek.

Indusaleko dosierra, atzera

Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Indusal enpresako zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio eskaera. Arrigorriagako arropa garbitegi industrialeko zuzendaritzak 165 langileetatik 25 kaleratu nahi zituen erregulazio neurriak ezarrita, baina Jaurlaritzak ebatzi du enpresak eman dituen datuak ez direla nahikoa kaleratzeak justifikatzeko.

LABen esanetan, enpresak «errepresalia gisa» kaleratu nahi zituen 25 langile horietatik 21, 2008ko udan «genero diskriminazioaren kontra» egin zuten mugagabeko greba batengatik. LABek lanpostuak kentzeko ahalegin gehiagorik ez egiteko eskatu dio enpresari, eta lan itun berri bat negoziatzera esertzeko.

Espainiako Auzitegi Gorenak, berriz, indarrik gabe utzi ditu Koxkako hamar langileren kaleratzeak, enpresak ez zuelako afiliazioagatik, jardueragatik edota iritzi sindikalagatik diskriminatuak ez izateko haien eskubidea errespetatu. Hamairu kaleratuek enpresaren erabakiaren kontra egitea erabaki zuten, uste zutelako Solidari eta ESK sindikatuetako kide zirelako kaleratu zituztela. Gaur arteko bidean hiruk utzi dute prozesua; Solidari sindikatuko bederatzik eta ESK-ko batek aurrera egin dute, ordea.

Solidari sindikatuak adierazi du CCOO eta UGT sindikatuek ere hamairu lagun haiek kaleratzeko akordioa sinatu egin zutela, zuzendaritzarekin batera. Haiek ere legez kanpoko kaleratzeak onartzearen erantzule jo ditu horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.