Krisia eurogunean

Neurri «gogorrak» laster

Espainiako Gobernuak erreskatea eskatu dio Europari, eta herritarrentzako neurri zailak hartuko dituela iragarri duKutxabankek ez duela dirurik eskatu beharko esan du Fernandez presidenteak

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Europari erreskatea eskatu eta herritarrei neurri «gogorrak» eman. Horixe egin zuen Espainiako Gobernuak atzo. Europako Batzordeari erreskatea eskatu dio finantza erakundeentzat; Mariano Raxoi Gobernuko presidenteak, berriz, «laster» neurri ekonomiko «gogorrak» hartuko dituela iragarri du. Europako Batzordeak gomendatu zion moduan, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga igotzea aztertzen ari da.

Erreskateari buruzko zalantzek argitu gabe jarraitzen dute, eta zalantza horiek dira garrantzitsuenak: prozedura, baldintzak, kopuruak...

Ardura

Espainiako Gobernuak bueltatu behar du dirua. Finantza erakunderen batek dirua itzultzen ez badu, Espainiak jarri beharko du.

Prozedura

Erreskatea eskatuta, orain Europako Batzordeak —Europako Banku Zentralarekin elkarlanean— Espainiako finantza sektorearen egoerari buruzko azterketa «independentea» eta «garbia» egin behar du: finantza erakunde bakoitzaren diru premia, erreskateak Espainiaren diru kontuetan izango duen eragina...

Hiru azterketa izango dira, beraz. Bata, Europako Batzordearena. Bestea, Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresek egindakoa, Espainiako Gobernuak eskatuta: ekonomia asko okertuta ere, gehienez, Espainiako bankuek 62.000 milioi euro beharko dituztela diote. Europako Batzordearentzat estres test horiek «abiapuntu ona» dira bere azterketa egiteko. «Adituak» bidaliko ditu Madrilera.

Hirugarren azterketa egiten ari dira. Lau aholkularitza enpresa finantza erakundeen diru kontuak banan-banan aztertzen ari dira. Azterketa horien emaitzak irailean kaleratuko dira, eta orduan jakingo da Espainiak zenbat diru eskatuko dion Europari. Europako Batzordeak aurreratu du bere azterketaren ondorioak lehenago jakingo direla, uztailaren 9rako.

Kopuruak

Erreskatea eskatzeko gutunean dauden kopuru bakarrak datak eta erreskatearen gehienezko kopurua dira: 100.000 milioi euro. Kopuru garrantzitsuenak falta dira: zenbat diru eskatuko duen; bankuek zenbateko interesa ordainduko duten; eta zenbat denbora izango duten dirua bueltatzeko.

Luis de Guindos Ekonomia ministroak gutunean dio eskatu beharreko kopurua zehazteko Nazioarteko Diru Funtsaren eta bi aholkularitza enpresen azterketak direla abiapuntua: 40.000-62.000 milioi euro. Horri «segurtasun tartea» gehitu behar zaio.

Espainiaren baldintzak

Espainiak erreskatea FROB bankuak berregituratzeko funtsaren bidez kudeatuko du. Gauza bat da Espainiak erreskatea ze baldintzatan jasoko duen eta bestea berak finantza erakundeei ze baldintza eskatuko dizkien. De Guindosen arabera, interesa %3 eta %4 artekoa izango da, bost eta hamar urtean ez da dirurik bueltatu beharko, eta gero hamabost urte izango dituzte dirua bueltatzeko. Espainiako Gobernuak, baina, %8,5eko interesa kobratu nahi die finantza erakundeei.

Kobratzen badie. Orain arte FROBek kapitala jarri baino ez du egin zenbait finantza erakundetan. Erakunde horiek bere esku daude. Teorian, dirua berreskuratu nahi du finantza erakunde horiek errentagarri bihurtuta eta salduta. Teorian. Europaren erreskatearekin gauza bera egiten badu eta jarritako diru guztia berreskuratzen ez badu, Espainiak —herritarrek— ordaindu beharko dute berreskuratu gabeko dirua.

Kutxabankek ez du dirurik eskatuko. Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresek ostegunean jakinarazi zituzten finantza sektoreari aplikatutako estres testen emaitzak, finantza erakundeen egoera partikularrak zehaztu gabe. Laguntza eska zezaketen erakundeen taldean zegoen Kutxabank, baina Mario Fernandez presidenteak zalantzak uxatu zituen atzo, Santanderren (Espainia): «Gure kalitate goreneko kapitala azterketako egoera okerrenean eskatutako gutxienekoa baino handiagoa da».

Europaren baldintzak

Bruselak eskaera jaso du. Olli Rehn Europako Batzordeko lehendakariordeak «ongietorria» dela esan du. Europako Batzordeak azkartu egin du erreskatea jasotzeko prozedura, bai azterketa, bai erreskatearen truke Espainiak bete beharko dituen baldintzen proposamena. Europako Batzordea, Europako Bankuen Agintaritza eta EBZ arduratuko dira baldintzak ezartzeaz. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak beltzezko gizonak deitu zituenak.

Uztailaren 9ko Eurotaldearen bilerarako lortu nahi dute akordioa, bai Europako Batzordeak, bai Espainiako Gobernuak. Bilera horretan sinatu nahi dituzte baldintzak.

Rehnek erreskatearen eskaerari erantzun dio esanez Europako Batzordeak «bertatik bertara» eta «erregulartasunez» kontrolatuko dituztela Espainiako Gobernuaren urratsak eta helburuak defizita gutxitzeko. Oharrean bigarren zatia falta da: helburuak betetzen ez baditu, Espainiako Gobernua zenbait neurri hartzera behar dezaketela. Alegia, erreskatearen baldintzak finantza erakundeetatik eta finantza sektorearen gainbegiratzaileetatik (Espainiako Bankua, CNMV) haratago hel daitezkeela. Erreskate funtsen (EFSF edo ESM) laguntza zatika jasoko da eta zatiak ez dira ordainduko Europako Batzordearen Europako Batzordearen aldeko txostenik gabe.

BEZaren igoera aztertzen

Espainiako Gobernua hasi da Europako Batzordearen gomendioak agindu bihurtzen. Mariano Raxoik atzo esan zuen aurten, «laster», «neurrigogorrak» hartuko dituela. Halakoak entzutea gustatzen zaienen aurrean egin zuen iragarpena, CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Federazioaren urteko batzarrean, Madrilen.

Raxoik ez zuen ezer zehaztu, baina BEZa igotzea izan daiteke neurrietako bat. Espainiako Gobernua aztertzen ari da oinarrizko zenbait produkturi %4ko BEZ supermurriztua eta beste batzuei BEZ murriztua BEZ arruntera (%18) igotzea.

Zerga supermurriztua daukate oinarrizko elikagaiek (ogia, esnea, arrautzak, barazkiak, frutak...), liburuek, egunkariek, eskolarako materialak, babes ofizialeko etxeek eta botikek... Murriztua, berriz, prestatutako janariek, urak, garraioak, ostalaritzak, kultur ekitaldietako sarrerek...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.