Ohi baino errazagoa da titularreko galderari erantzutea: sekulako ustekaberik izan ezean, interes tasek %1ean jarraituko dute, gutxienez 2010 erdialdera arte, edo urrunago agian. Eta horrek esan nahi du Euriborrak ez lukeela aldaketa handirik izan beharko.
Zoritxarrez hala dela ere esan daiteke, euroaren eremuko ekonomiaren motelaldiak eta bankuek maileguak emateko uzkurtasunari lotuta dagoelako. Eta hazkundeak indarra hartu ezean -edo gurean bezala, atzeraldia bukatu ezean- nekez berreskuratuko dira orain galtzen ari diren lanpostuak.
Euriborrak ia agortuta dauka jaisteko marjina, azken asteotako bilakaerak erakutsi duen moduan: urriaren 7an jo zuen behea (%1,225), geroago igo egin zen -%1,258an zegoen hilaren 19an-, eta behera egiten itxi du hilabetea (%1,237). Nabarmen igotzea ere ez da espero, interes tasa ukitu aurretik, EBZk erabaki behar duelako bankuei ematen dien likidezia mugagabearekin zer egiten duen. Abenduaren 16an berriro kutxa irekitzeko prest dago, azken aldiz, ziur aski.
Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu