Sony bezalaxe, Applerekin lehian galtzen ari da Nokia, eta neurri oso gogorrak hartu ditu borrokari eusteko. Atzo, zazpi mila langile kaleratuko dituela iragarri zuen, kostuak 1.000 milioi euro gutxitu ahal izateko.
Berez, kaleratze zuzenak 4.000 izango dira, horietatik 1.400 Finlandia sorterrian, eta gainontzekoak sakelako telefonoak egiten dituzten Danimarkako, Erresuma Batuko, AEBetako, Indiako eta Errumaniako lantegietakoak.
Beste 3.000, berriz, Accenture kontsultore teknologikora eramango ditu Nokiak, eta Symbian sistema operatiboaren garapenean jardungo dute. Kontua da Nokiak Windows Phone sistema operatiboa hobetsi duela Appleren iOSi eta Googleren Androidi aurre egiteko, eta horren ondorioz baliteke bi urte barru Symbian erabat baztertzea eta langile horiek beren lanpostuak galtzea.
Applek iPhone kaleratu zuenetik %70 jaitsi da Nokiaren akzioen balioa, baina atzo, kaleratzeen berri izatean, %3,3 igo ziren. Nokia da, alde handiz gainera, munduan sakelako telefono gehien saltzen duen enpresa, baina arazo handiak ditu etekin handieneko smartphonen atalean Applerekin eta Googlerekin lehiatzeko.
Nokiak 7.000 langile kaleratuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu