Erreskateen oxigenorik gabe ere bizi daitekeela erakutsi nahi du Atenasek. Atzo datozen bost urteetarako bonua jaulki zuen, eta merkatuen erantzunaren zain gelditu zen, kanpo laguntzaren osteko aroa ez dagoela urrun erakusteko. Bada, nota onarekin gainditu zuen azterketa: 3.000 milioi euro saldu ditu, %4,62ko interesarekin. 6.500 milioiko eskaera egon da, helburua halako bi baino gehiago, eta 200dik gora inbertitzailek erosi nahi izan dute bonu greziarra.
2014tik estreinakoz jaulki du bost urterako bonua Atenasko gobernuak. Urte horretan, Antonis Samarasen gobernuak %4,95eko interes tasa ezarri zitzaien bonuak merkaturatu zituen, haiek ere proba moduan; porrot bat izan zen. Samarasen bonua ordezkatzeko jaulki du orain Alesix Tsiprasek berea, 2022ra artekoa.
Atenasko gobernuak jarritako helburuetako bat zen jaistea Samarasen garaiko jaulkipenaren interes tasa, eta hori uste baino hobeto lortu du, besteak beste, inbertitzaileen artean espekulatzaile gutxi egon delako, Euklides Tsakalotos Finantza ministroaren arabera. Erreskateen osteko Greziarako bidean lehen urrats bat egin nahi izan du gobernuak, finean. 2018rako, berez, bere kabuz finantzatu beharko da herrialdea, hirugarren erreskatea atzean uzten duenean. Hala, inbertitzaileen gogoa probatu nahi izan du Tsiprasek, merkatura derrigor jo behar izaten duenerako.
Batzarra Moscovicirekin
Greziaren erreskatea 2018ko abuztuan bukatuko da, ondo bidean. Gehienez 86.000 milioi euroren maileguak jasoko ditu Atenasek ordura arte. Atzoko jaulkipenean, Tsiprasek merkatuetan ezin zuen saldu 3.000 milioi baino gehiagoko zorra, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) muga hori ezarri diolako, azkenean erreskatean parte hartu ondoren.
Christine Lagarde zuzendari duen erakundeak 1.600 milioi euroko mailegua ematea onartu du, baina Greziaren kontuak ikuskatzen dituen hirukoan sartu gabe (EB, ESM eta EBZ). Zorraren kita bat egon beharko luke lauko hori eratzeko; halaxe nahi du NDFk, eta Europako erakundeek ez dute onartzen hori.
Batera edo bestera, giroa aldatu da zertxobait agintari europarren eta Greziarren artean, erreskatatutako herrialdearen kontuak nola hobetu diren jakin eta gero. EBko Ekonomia komisario Pierre Moscovicirekin batzartu zen atzo Alexis Tsipras. «Inbertitzaileek oso harrera ona egin diete bonu greziarrei», esan zuen lehen ministroak; «Greziako ekonomiaren martxa ona berretsi du honek». Halaber, Greziaren geroaz hitz egiteko garaia heldu dela esan zuen, eta datorren urteko laguntzak nola emango diren zehazteko. «Biharamunerako planak egiteko unea iritsi da».
Moscovici komisarioak azaldu zuen Greziaren bonuak merkatura atera ahal izan direla herrialdeak konfiantza berreskuratu duelako. Erreskatearen bigarren azterketa aipatu zuen, konfiantzaren aldeko aldagai gisa; «doikuntza neurri mingarri asko» ekarri dituela ere ez zuen ezkutatu.
Nota onarekin gainditu du Atenasek bost urterako bonuaren azterketa
3.000 milioi euroko zorra saldu du merkatuetan Greziak, %4,62ko interesarekin. Lehen urratsa da erreskate osteko herrialderako bidean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu