Novaltiako langileek 792. greba eguna bete dute astearte honetan, eta euren egoeraren berri emateko manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. 2019tik daude greban, Zaragozan (Espainia) egoitza duen zuzendaritzak Bizkaiko biltegiko lan hitzarmena etetea erabaki zuenetik eta Espainiako ituna aplikatzen hasi zenetik, lan baldintzak nabarmen okertuz. Ordutik Bizkaiko lantaldearen %40 dago greba mugagabean, 20 langile.
Sendagaien banaketan jarduten duen kooperatiba bat da Novaltia, eta farmaziak dira haren bazkideak. Mobilizazioaren harira ELAk komunikabideetara bidalitako oharrean botiken erantzukizuna nabarmendu du. Sindikatuak gogoratu du langileek bi urte baino gehiago daramatzatela «hitzarmen duin» baten alde borrokan, eta azpimarratu du farmazia horiek hala nahiko balute gatazka konponduta egongo litzatekeela. «Elkarrizketaren alde» egiteko eskatu diete, eta zuzendaritzari presio egiteko.
ELAk azpimarratu duenez, kooperatibako agintariek ez dute negoziatu nahi, konponbiderako ireki diren bide guztiak «blokeatu» dituzte, eta nahiago izan dute aurrera egin «grebarako eskubidea etengabe urratuz»; adibidez, greban dauden langileak beste batzuengatik ordezkatuz.
Horren inguruan Lan Ikuskaritzak agertutako jarrera salatu du ELAk; zuzendaritzaren «aliatu» bihurtu dela dio. «Ez du ikuskatu nahi izan, kasurik onenean, eta beste batzuetan, greba eskubidea urratzen duten praktikak ontzat eman ditu». Horren adibide gisa, ELAk salatu du babestu duela grebarekin bat egin duten langileei 300 euroko aparteko ordainsaria ematea.
Erabaki horiek auzitara eraman ditu ELAk, baina kasu batzuetan epaileek ez diote arrazoia eman. Beste batzuetan, ebazpenenen zain daude.
Hitzarmen «duin» bat
Greba hasteko arrazoiei eusten dietela gogoratu dute langileek: sartu berrien soldatek (950 euro) ozta-ozta gainditzen dutela lanbide arteko gutxienekoa; eskala bikoitza dutela, %35eko aldearekin batzuon eta besteon artean lan bera egiteagatik, asteburu eta jaiegunetan lan egin behar izaten dutela...
Gaurko mobilizazioan beste lan gatazka batzuetako beharginen babesa jaso dute azken hilabeteetan garatu duten elkarlan dinamikaren baitan; han izan dira Tubacex, ITP-PCB, Guggenheimeko Garbiketa Zerbitzua eta Vulcanizados Zuloaga enpresetakoak, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik abiatu da manifestazioa, eta Arriaga antzokiaren aurrean amaitu dute.