Datorren urtean ere krisiaren kontrako plan instituzionala izango da Gipuzkoan, baina aurtengoa baino diru gutxiago izango du obra publikoentzat. Gipuzkoako Diputazioak ehun milioi euro bideratu ditu aurten planera, eta ez du zehaztu zenbat izango diren 2011n. Oraindik aurrekontuak zehazten ari dira. «Aurtengo bideak esaten digu merezi duela, ederki merezi, krisiaren aurkako planaren bidetik aurrera egitea», azaldu zuen Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Donostiako Miramon parke teknologikoan egindako ekitaldian.
2011ko planaren helburua, aurtengoarenaren antzera, enpresei eta zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea da. Olanok, dena den, nabarmendu nahi izan zuen helburu nagusia gizarte bazterketa arriskuan daudenei laguntzea dela. Prestakuntza, lana lortzeko tresnak eta lanpostuari eusteko laguntzak eskainiz.
Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak iragan astean emandako datuen arabera, 14.436 herritarrek behar dute, zuzenean edo zeharka, diru sarrerak bermatzeko errenta, oinarrizko beharrizanak asetzeko. Caritasek iaz 18.000 etorkini lagundu zien, 2008an baino %30 gehiago. Diputazioa «kezkatuta eta asaldatuta» dago.
40 milioi euro aurten
«Errealitateak pertsonen eta enpresen aldeko apustua egitera behartu gaitu», esan zuen Olanok atzoko ekitaldian. «Beraz, gutxitu egingo dugu obra publikoei eskainitako dirua». Aintzat hartu behar da aurtengo planeko ehun milioi euroetatik 40 milioi azpiegituretarako izan direla.
Gipuzkoako Diputazioak krisiaren kontrako aurtengo planaren balantzea aurkeztu zuen atzo. Hauek dira, zenbakitan, emaitza nagusiak: 550 proiektu aurkeztu dira deialdietara; gizarte bazterketa arriskuan dauden 5.500 pertsonak eutsi diote prestakuntzari edo lanpostuari; kualifikazio handiko 183 gazte kontratatu dira; 182 berrikuntza proiektu bultzatu dira; eta berrikuntza proiektuei emandako 11 milioi eurok 32 milioi euroko inbertsioa eragin dute.
Planak zailtasunetan dauden enpresak erreskatatzeko laguntzak aurreikusi zituen. Atzo ez zuten atal horri buruzko zehaztasunik eman, deialdia urriaren 30ean amaituko baita.
Aurtengo planaren aurrekontua ehun milioi eurokoa izan da. Dena den, Pello Gonzalez Ogasun diputatuak aipatu zuen horri gehitu egin behar zaiola zergetan izan duen kostua, 82 milioi eurokoa, enpresei sozietate zergan eskainitako kenkariengatik: «Diru gutxiago bilduko dugu epe motzera, baina epe erdira edo luzera begira hartutako neurria da».
Obretarako diru gutxiago izango du krisiaren kontrako 2011ko Gipuzkoako planak
Enpresak eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak laguntzea izango da helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu