OCDEk eskatu du erretiroa gehiago atzeratzeko eta kotizazioa luzatzeko

Aldez aurreko erretiroak gutxitu nahi ditu, eta alargun eta umezurtz pentsioak mugatu

Iker Aranburu.
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Pentsio sistemaren erreforman are urrunago joateko akuilua jaso zuen atzo Espainiako Gobernuak. OCDEren txosten batek ontzat hartu du erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzea, baina epe erdira hortik gora ere igotzeko eskatu du. Zehazki, pentsioa jasotzeko eskubidea bizitza itxaropenari lotu nahi du, eta hura luzatu ahala, pentsioa beranduago jasotzea. Epe laburrean, pentsioa osorik jaso ahal izateko, 35 urte baino gehiago kotizatzea eta aldez aurreko erretiroa mugatzea proposatu du.

«Espainiako pentsio sistema eskuzabalegia da». Andres Fuentes txostengilearen esaldi horrekin laburbil daitezke OCDEren arrazoiak erreforma sakona eskatzeko. Fuentesek azaldu duenez, erretiro pentsioa jasotzen dutenek batez beste soldataren %80 eskuratzen dute, eta kopuru hori aberatsen klubeko beste herrialde gehienetakoa baino handiagoa da. Portzentaje horri ezin zaiola eutsi iruditzen zaio OCDEri, datozen urteotan, biztanleriaren piramidea dela-eta «igoera dramatikoa»izango duelako zahartzarora heltzen direnen kopurua. 2030etik aurrera, «lan bizitza luzeak izan dituzten langile gehiagok erretiroa hartu ahala, pentsioen kostua izugarri igoko da».

OCDEren txostenak dio Espainian pentsioen kostua beste herrialdeetako halako bi igoko dela 2030-2060ko epean, baina ez du aipatzen, ordea, Europako mendebaldean pentsioetan gutxien gastatzen dutenen artean dagoela orain Espainia: barne produktu gordinaren %8,8. Erresuma Batuak %10,7 behar du, Alemaniak %12,7, Portugalek %13, Frantziak %13,2 eta Italiak %14,7.

Erretiroaren adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzea «ongi etorria» eta «lehentasunezkoa» iruditu zaio Fuentesi, baina erreforma horretan bakarrik ez uzteko eskatu du. Epe luzera, erretiro pentsioa jasotzeko eskubidea bizi- itxaropenera lotu nahi du OCDEk, hau da, heriotzaren batez besteko adina urtebete handituko balitz, urtebete beranduago ematea pentsioa. Berehala erantzun du Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak: erretiroa 67 urtera atzeratu behar da, «baina ez gehiago». Gainera, Gomezek esan du langile batzuek aurretik ere hartu ahal izango dutela erretiroa, baldin eta «38, 39 edo 40 urtez» kotizatu badute, edo lan gogorrak egin badituzte.

Pentsioaren ordaina kalkulatzekoan ere, «gobernuak langileen lan bizitza osoa kontuan hartzeko formula» bilatu beharko lukeela uste du OCDEk. Gaur egun, 35 urtez kotizatu behar da Gizarte Segurantzan pentsioa oso-osorik jasotzeko, baina epe hori «hobetu» daitekeela uste du. Alargun eta umezurtz pentsioen kopurua ere murriztu behar dela uste du OCDEk, eta beste pentsio batzuk dituztenei ez zaizkiela eman behar.

Aldez aurretiko erretiroei buruz, OCDEk eskatu du gutxika kentzeko langile horiek pentsioa jaso aurretik eskuratzen duten langabezia saria. Erretiro partzialak sustatzeko diru laguntzak ere kendu nahi ditu. Erreformak puntu horiek jorratuko dituela argitu du Gomez ministroak, haren ustez, aldez aurretiko erretiroak eta partzialak «gehiegikeriaz» erabiltzen direlako.

Mugak BEZ murriztuari

Pentsio sistemari buruz ez ezik, defizita jaisteko moduei buruzere eman ditu aholkuak OCDEk. Erakundeak nabarmendu du Espainiak beste herrialde gehienek baino astindu handiagoa hartu duela zerga bilketan, krisiaren aurretik zergen zati handi bat etxegintzari lotuta zegoelako. Diru hori itzuliko ez denez, eta Espainiaren zerga presioa —zergek BPGan duten pisua—bere auzokoena baino txikiagoa denez, zenbait zerga igotzeko bidea ikusten du. Espreski aipatu du BEZ murriztua (%8) edo supermurriztua (%4) produktu eta zerbitzu gutxiagori ezartzea, eta tasa arrunta (%18) hedatzea. Uraren prezioa «bere benetako kostura» igotzeko ere proposatu du OCDEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.