Espainiako gobernu berria

Ogasun ministroa, kritiko kontzertu ekonomikoarekin

PPk EAJri esan dio sumatuko duela "Rajoyren eta Montororen falta", haiek "leialak" zirelako kupoarekin.

Montero, Ogasun ministro kargua zin egiten, gaur, Madrilen. J.J. GUILLÉN / EFE
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 7a
07:39
Entzun

Pedro Sanchezen gobernuak kontzertu ekonomikoa eta itun ekonomikoa ezbaian jar ditzakeela ohartarazi du Arabako PPk. Gobernu sozialistan Maria Jesus Monterok hartu du Ogasun Ministerioaren gidaritza, eta PPk gogora ekarri du euskal ogasunen kontrako jarrera izan duela Andaluziako Ogasun sailburu zen bitartean —bost urtez—.

Ana Amoralesek, Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramaileak, adierazi du "albiste txarra" dela Monteroren izendapena, "PSOEren ahotsik kritikoenetakoa izan delako euskal kontzertu ekonomikoaren sistemaren kontra eta kupoaren lege berriaren kontra".

Amoralesek gogora ekarri du Monterok "pribilegiotzat" jo izan duela kupoa, eta EAJri aurpegiratu dio haren erruz iritsi dela Ogasun Ministeriora kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren aurkari bat. Areago, Andoni Ortuzarren alderdiari esan dio "sumatuko duela Mariano Rajoyren eta Cristobal Montororen falta", haiek "leialak" zirelako kupoarekin.

El Mundo egunkariak argitaratu duenez, Monterok 28 orriko dokumentu bat igorri zion Cristobal Montorori iazko azaro amaieran, kupoaren legea onartu eta biharamunean. Andaluziako Ogasun sailburu zenak, agiri horretan, kupoa "berriz kalkulatzeko" eskatu zion orduko Ogasun ministroari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari "pribilegiorik" ez emateko. Monterok, agiri berean, "dumping fiskaltzat" ere jo zituen EAEko kupoa eta Nafarroako ekarpena, El Mundo-ren arabera.

Kupoaren eta ekarpenaren onarpena

Ana Amoralesek argudiatu du PPren gobernuekin eman direla "aurrerapauso handienak" eskumen fiskaletan. "Mariano Rajoyk konpondu behar izan zituen Rodriguez Zapaterok sortutako arazoak, zeinak arazo handiak zekartzan Kupo Legea planteatu baitzuen".

Iaz berritu ziren bai EAEko kupoa eta bai Nafarroako ekarpena. PPren gobernuak askatu zuen hamar urtez ez atzera ez aurrera zegoen kupoaren negoziazioa, baina beharrizan politikoengatik egin zuen, Espainiako Kongresuan EAJren bost diputatuen botoa behar zuelako 2017ko aurrekontuak onartzeko.

Gasteizek eta Madrilek kontzertu legearen eta kupoaren kalkuluaren inguruan akordioa itxi zuten iaz, eta kontuak Gasteizen alde atera ziren. Madrilek aitortu zuen txarto egin zuela ordura arteko kalkulua, eta 2021era bitartean 1.400 milioi euro itzuliko dizkie EAEko erakundeei.

Nafarroako ekarpenaren kasuan, era berean, akordioa lortu zuten bi aldeek iazko urte amaieran, eta Madrilek onartu zuen 215 milioi euro bueltatzea Nafarroako Gobernuari.

Kontzertu ekonomikoaren funtzionamenduari buruzko azalpena, iazko azaro amaierako Ekonominutua-n:

[youtube]https://youtu.be/ClMCW3uWb5M[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.