Ordainketak garaiz egiteko arazoak alor guztiak ari dira estutzen. Foru ogasunek zergapekoei onartu dizkieten atzerapenak %20 gehitu ziren iaz, hots, 2011. urtea amaitu zenean 550 milioi kobratu gabe zituzten aldundiek. Kopuru adierazgarria da, iaz zerga bilketak espero zenarekin izanzuen aldea mila milioi eurokoa izan zela kontuan hartuta.
Zor fiskalak atzeratzeko aukera geroz eta gehiago baliatu dute enpresek eta familiek. 2009. urtean 350 milioi euro ziren, 2010. urtean 460, eta 2011. urtean 550 milioi eurora iritsi dira. Atzerapena ez da doakoa, azken finean kreditu fiskala delako, eta interesei aurre egin behar die zergapekoak.
Atzerapenei buruzko datua Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi zuen, Finantzen Euskal Kontseiluak atzo egindako bileraren ondoren. Administrazio publikoen likidezia egoerari buruzko polemikaren erdian egin zen bilera, EAJko presidente Iñigo Urkulluk Patxi Lopezen gobernua «porrot egitear» dagoela ziurtatu eta gero.
Jaurlaritzaren finantza egoera ona dela adierazteko agerraldia egin zuen Agirrek joan den astean. Besteak beste, foru aldundiei urtean egin beharreko lehen ordainketa atzeratu izana aipatu zuen horren froga modura. Joana Madrigal PSEko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez, joan den urtean aldundiei 3.753 milioi euro behar baino beranduago ordaintzen utzi ziela jakinarazi zuen gobernuak. Azken hiru urteetan 10.771 milioi euro izan dira, kopuru guztiak batuta. Lopezen gobernuak ez dituela foru aldundien altxortegiak estutu nahi erakutsi nahi izan du gobernuak datu horiekin.
Buruhauste ekonomikoen hirugarren atala udalerriei dagokie. Eudel elkarteko presidentea, Ibone Bengoetxea, entzule gisa joan zen kontseilura, eta udalen egoera larriaz ohartarazi zuen. 2009-2011 urteen artean udalerriek aldundiekin pilatu duten zorra 310 milioi eurora iritsi da. Gutxi gora behera, urtero finantzazio foru funtsetatik jasotzen duten diruaren laurdena da.
Aurreikuspenari eutsi diote
2011 urteko zerga bilketaren aurreikuspenek bitan egin zutela kale egiaztatu zuen kontseiluak. Guztira, 11.480 milioi bildu zituzten ogasunek, iazko aurrekontuak egiteko kalkulatu zena baino mila milioi gutxiago. Joan den urrian egindako aurreikuspen gaurkotua ere ez zuten bete: 210 milioi gutxiago izan dira.
Kalkulua egiterakoan ez zutela zuhurtziarik izan onartu zuen sailburuak, baina orduan inork ezin zuela ekonomiaren gainbehera espero uste du. «Nazioarteko erakundeek krisiaren irteera iragartzen ari ziren, indartsua gainera». Ekonomiak okerrera egin izana arrazoi nagusitzat jo zuen Agirre sailburuak, baina Rover kasua eta Kupoaren kitapenari buruz Espainiako ogasunarekin dauden desadostasunak alde batera utzita, bilketa 12.000 milioi ingurura iritsiko zela azpimarratu zuen.
Aurtengo aurrekontuak egiteko 12.116 milioi euro bilduko zirela adostu zuten Jaurlaritzak eta aldundiek. Ekonomiaren hazkunde eskasagoa izatea posible dela onartu zuen zeharka Agirrek, baina egindako aurreikuspenari eutsi diote, aldundiek onartu zituzten zerga igoeren ekarpenari esker. Balizko bilketaren jaitsiera zerga igoerak berdinduko duela uste du gobernuak.
Arabako ahaldun nagusiak, Javier De Andresek, iazko egoera ez errepikatzea espero du, moldaketak beranduegi egitea «oso mingarria» izan zelako. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldunak, berriz, ohar bakarra utzi zion lehendakariari. «Hauek dira bozeramaile ofizial batzuk orain dela gutxi faltsuak zirela zioten datuak».
Ogasunek zergapekoei atzeratzea utzi dieten zorrak %20 gehitu dira
Iazko urtearen amaieran, 550 milioi euro kobratu gabe zituzten foru aldundiek, zerga aurreikuspenean izandako zuloaren erdiaUdalek 310 milioi zor dizkiete diputazioei, eta egoera larria dela ohartarazi du Eudel
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu