Zorraren krisia

Okerrena 2012an espero du OCDEk

Behingoz erabaki sendoak hartzeko eskatu die euroguneko agintariei, zorraren krisiak mundu osoa sar ez dezan atzeraldianEBZk zorra erosten jarraitu behar duela eta EFSFk indartu behar duela nabarmendu du

jakes goikoetxea
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Kimu berdeak? Argi printzak tunelaren amaieran? Ez behintzat 2012an. Datorren urtea aurtengoa baino nabarmen okerragoa izango da. Eurogunea atzeraldian dago eta gainerako herrialde gehienetan hazkundea moteldu egingo da, OCDEren arabera. «Urte hasieran munduko ekonomia arriskutik kanpo zegoela uste genuen arren, ez da hala», onartu du Pier Carlo Padoanek, OCDEko lehendakariorde eta ekonomialari buruak. Euroguneak porrot egiten badu, depresio handiaren mehatxuari aurre egin beharko dio eta mundu guztia kutsatuko du.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) urtean bitan kaleratzen ditu ekonomiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenak. Azarokoetan nabarmen okertu ditu maiatzean esandakoak. Eurogunea jada atzeraldi «leunean» dagoela dio, aurtengo azken hiruhilekoan eta 2012ko lehenengoan ekonomia uzkurtzea espero baitu, BPGaren%1 eta%0,4 hurrenez hurren. Maiatzean esan zuen euroguneko ekonomia barne produktu gordinaren (BPG) %2 haziko zela 2012an; atzo, ordea, %0,2 baino ez dela izango aipatu zuen.

OCDEko herrialde guztiak aintzat hartuta, aurreikuspenak ia puntu erdi bat jaitsi ditu aurten —%2,3tik %1,9ra— eta puntu bat baino gehiago 2012an —%2,8tik %1,6ra—.

Eta OCDEk hala gertatzea espero du, baita agintariek zenbait neurri hartzen badituzte ere: neurri handi batean zorraren eta finantza sektorearen arazoei eutsita, eta herritarrei gerrikoa gehiegi estutu gabe. Egoera espero baino okerragoa bada, euroguneak eta Ameriketako Estatu Batuek bi urteko atzeraldi gogorrei aurre egin beharko diete, BPGaren %2 ingurukoak; hobea bada, aldiz, BPGaren %2ren bueltako hazkundeak izango dituzte.

OCDEk Europako agintarien bizkar utzi du egoera hobetzea, bere iritziz euroguneko krisia baita munduko ekonomiaren «arrisku nagusia». Zirt edo zart egiteko garaia dela esan die. «Funtsezko neurriak» hartzen ez badituzte zorraren krisia are gehiago kutsatuko dela.

Ondorioak hasi dira iristen ustez finantza sendoak eta osasuntsuak dituzten herrialdeetara, Alemaniara eta Frantziara, esaterako. Alemaniak jaulkitako zorraren erdia baino ez zuen saldu iragan astean. Neurriak hartzen ez badituzte, ondorioak mundu osoko ekonomiara helduko dira.

Konfiantzarik ez

OCDEk ez du konfiantza gehiegi euroguneko agintarien gaitasunaz egoera iraultzeko. «Gero eta zalantza gehiago daude euroguneko agintarien ahalmenaz, aurrean dituzten erronkei aurre egin ahal izateko», Padoanen esanetan. Arazoak konpontzeko eta ez kutsatzeko konpromiso politiko «garbirik eta sinesgarririk» ez ematea leporatu die OCDEko ekonomialari buruak. «Okerrenerako prest egon behar dute».

OCDEren mezua Alemaniarentzat da batez ere. Argi eta garbi esan dio: Europako Banku Zentralak (EBZ) arazoak dituzten herrialdeen zorra erosten jarraitu behar du; interes tasak gehiago jaitsi behar ditu; EFSF funtsa «azkar eta asko» handitu behar da; eta euroguneak eurobonuak jaulkitzearen alde ere badago OCDE, «oso tresna erabilgarria izan baitaitezke». Alemania neurri horien guztien kontra dago.

Padoanek ez zuen Alemania aipatu, baina argi utzi zuen Alemaniak etekin handiak lortu dituela euroguneari esker, eta beharrezko guztia egin behar duela «okerrena saihesteko». Eurogunea hauste a izango litzateke «okerrena».

Alemania eta OCDE neurri batean bat datoz: euroguneko gobernu ekonomikoa sendotu egin behar dela, herrialdeen arteko ezberdintasunak eta desorekak berdintzeko, eta politikak bateratzeko eta koordinatzeko.

Egoera okertuz gero, «neurri erradikalagoak» ere hartu beharko liratekeela uste du Padoanek. Zor bonuen interesei mugak jartzea eta zor bonuen prezioei zorua ezartzea. «Horrela», Padoanen esanetan, «merkatuek jakingo dute norbait badagoela maila horietan salerosten aritzeko».

«Neurri erradikalagoak»

«Gertaera negatibo handi bat» jazoko balitz, OCDEko herrialde gehienak atzeraldian sartuko lirateke; Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian ekonomia nabarmen ahulduko litzateke; eta gorabidean diren herrialdeek ere nabarituko lukete, munduko merkataritza erori egingo litzatekeelako eta finantza aktiboek balioa galduko luketelako.

OCDEk ez du zehaztu zer den «gertaera negatibo handi bat», baina testuan euroguneko herrialderen baten kontrolik gabeko porrota eta eurogunea apurtzea aipatzen ditu. Dena den, ez du uste herrialderen batek euroa utziko duenik.

Langabezia tasak oso handiak dira herrialde gehienetan eta hala izaten jarraituko dute, OCDEren arabera. Ez du gorabehera handirik espero 2013 bitartean, hamarren batzuetakoak baino ez. Hala ere, Espainian langabeziak ez duela goia jo uste du, 2012an langabezia tasaren batez bestekoa %23ra iritsiko dela baitio. 2013an, gainera, %22,7ra bakarrik jaitsiko litzateke. Alegia, bost milioi langabe baino gehiago.

«Enplegu politika eraginkorrak» eskatu ditu langabeziari aurre egiteko, langabezia ziklikoa izatetik egiturazkoa izatera pasatzeko arriskua baitago. OCDErentzat enplegu politika eraginkorrak dira soldatak enpresen premietara egokitzea eta sektoreko lan hitzarmenak baztertzea eta enpresetakoak lehenestea.

Europa da munduko ekonomiaren arrisku nagusia, baina ez bakarra. OCDEk Ameriketako Estatu Batuen arriskuei buruz ere hitz egin du. Ez dago atzeralditik salbu. Demokratek eta errepublikanoek aurrekontuei buruzko akordiorik lortzen ez badute, atzeraldian sartuko da. Kasu horretan, gainera, Fed Erreserba Federalak aukera gutxi izango ditu ezer egiteko. OCDErentzat «gehiegizkoak» dira, bai errepublikanoek nahi dituzten gastu murrizketak, bai demokratek nahi dituzten zerga igoerak (George Bush presidente ohiak indarrean jarritako kenkariak bertan behera uztea).

Barack Obama AEBetako presidenteak Europako Batasuneko agintariak hartu zituen atzo Washingtonen. Obamak bat egin zuen OCDErekin, eta Europako Batasuneko agintariei esan zien beharrezko erabakiak hartzeko, zorraren krisia azkar konpondu ahal izateko.

Gorabidean diren herrialdeek hazten jarraituko dute, hazkundea espero baino apalagoa izango bada ere: Txinak BPGaren %8tik gora, Indiak %7 inguru, Errusiak %4 eta Brasilek %3. Brasilen kasua adierazgarria da. Iaz BPGaren %7,5ko hazkundea izan zuen, baina aurten %3,4koa espero du, iazkoaren erdia baino gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.