Egitura

Okerrenetan okerrenak

Finantza erreskatea amaitu da, baina Bankiak eta beste banku batzuek eraginiko faktura ez. Egun, 53.000 milioiren galerak onartu dira, baina zifra hori handituko da.

joxerra senar
2014ko urtarrilaren 19a
09:42
Entzun

Fins aviat, gangster. Fora la mafia" (Hurren arte, gaizkile; kanpora mafia). David Fernandez CUPeko parlamentariak azaroan hitzok egin zizkion Rodrigo Rato Bankiako zuzendari ohiari Kataluniako Parlamentuan, eta musulmanek "boterearen botereari erdeinua" adierazteko sinboloaren bidez, zapata eskuan, bere mespretxu gorena azaldu zion. Oso salaketa gogorra, baina errealitatea are gordinagoa da. Bankiarekin soilik, zergadunek 13.600 milioi euro galdu dituzte jada, eta gaur-gaurkoz, okerren zeuden finantza erakundeetan 53.000 milioi euro galdu dira guztira. Ostegunean, hilak 23, Europako Batzordeak amaitutzat emango du finantza erreskate plana, baina horrek ez du esan nahi bankuek eragindako galerak amaitu direla. Izan ere, faktura hori ez da oraindik erabat itxi, eta azken zifra handiagoa izango da, oraindik ez baita amaitu finantza krisia. Bitartean egoera horri aurre egiteko, Espainiako Gobernuak gastu murrizketak eta zerga igoerak ezartzen dihardu.

1. Amaitu al da EBren finantza erreskatea?

Bai. Europako Batasunaren finantza erreskateak bi alde ditu: dirua eta baldintzak. Berez, 2012ko ekainean EBk onartu zuen gehienez 100.000 milioi eurora arteko laguntza emango ziela arazoak zituzten bankuei. Horretarako, ESM erreskate funtsak mailegatu zion dirua Espainiako Gobernuari, eta hark bankuei eman. Guztira, 41.300 milioi euro hartu zituen Madrilek. Diruaren epemuga abenduaren 31n amaitu zen. Dirua jasotzearen truke, 2012ko uztailean, Ulermenerako Memoranduma izenpetu behar izan zuen Espainiak. EBk finantza sektorea berregituratzeko baldintzak eta egutegia ezarri zizkion. Horrekin batera, defizit publikoa murrizten jarraitzeko exijitu zuen, "desoreka makroekonomikoak, finantza publikoak eta finantza sektorearen sendotasuna elkarri lotuta daudelako". Handik gutxira, 2012ko irailean, Espainiak BEZ zerga igo zuen.

Urte eta erdi honetan, EBko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtsako ordezkaritza batek —troika edo beltzezko gizonak— lau bidaia egin ditu Madrilera, planaren nondik norakoak betetzen ote ziren egiaztatzera. Ekainean susmatzen zen erreskatea beste urtebetez luzatuko zela eta diru gehiago beharko zuela Espainiak. Haatik, irailean egindako azken bidaiaren ondotik, ondorioztatu zuten Madrilek euren irizpideak bete dituela. Hartara, plana hurrengo ostegunean amaituko da. 

2. Arrakastatsua izan al da finantza erreskatea?

Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuak hala saldu nahi izan dute. Erreskate plana eraginkorra izan dadin, finantza sistemak egonkortasuna lortu behar du, baina hori ez da egun batetik bestera eskuratzen. Egoera ekonomiko orokorrari lotuta dago: krisiak kalte egiten die bankuen balantzeei, eta alderantziz. Bankuek nahiago dute euren egoera egonkortu, ekonomia erreala finantzatu baino. Hala, enpresa zein familiak finantzatzeko kreditua handitu izanaren zantzurik ez dago. Europako Batzordeak berak iragarri du bankuen egoera "hauskorra" dela oraindik, eta kredituaren uzkurtzeak aurten joko duela behea.

3. Saihestu zitekeen finantza erreskatea?

Inplizituki EBk onartu du erreskatea eskatzea gehiegizkoa izan zela. Duela gutxi, Klaus Regling ESM erreskate funtsaren zuzendariak elkarrizketa batean nabarmendu zuen konprometitutako 100.000 milioi eurotik 41.300 milioi euro "soilik" erabili dituela Espainiak. EBk askoz diru gehiago jarri du Europako beste bankuetan
—Alemanian, kasurako—, eta, Irlandari salbu, ez die baldintza berezirik jarri herrialde horiei. Reglingen arabera, bankuentzat laguntza eskatzeko unea izan da arazoa: "Euroaren eremua oso egoera zailean zenean egin zen, Londresko eta New Yorkeko finantza merkatuetan jende askok euroa desager zitekeela pentsatzen zuenean". 

4. Nola kudeatu du PPren gobernuak?

Oso gaizki. Mariano Rajoy gobernura iritsi zenean, Jose Luis Rodriguez Zapaterorengandik oso ondare txarra jaso zuen, bai, baina ezin zezakeen esan egoeraren berri ez zekiela. Arazo handienak PPk kudeatutako taldeek izan dituzte: Bankiak, CAMek eta Galiziako aurrezki kutxak. Ekonomia ministro izendatu aurretik, informazio osoa zuen De Guindosek, baina hasieratik hark eta Rajoyk nahiago izan dute benetako egoera ezkutatu eta gezurra esan: "Ez diet euro bakar bat ere emango bankuei diru publikotik". Rajoyk bere hitza jan behar izan du.

Gerora gezur gehiago etorri dira. Bankian, 23.000 milioi euroko zuloa azaleratu zenean, Rajoyk zioen ez zela erreskatatuko sistema. Handik hilabetera, finantza erreskatea eskatu zuen. Orduan, ziurtatu zuen erreskateak ez zuela eragingo finantza publikoetan; orain kontrakoa dio: "Lehen hamar urteetan ez da itzuli behar, baina gero %0,5eko interes tasan ordaindu behar da. Hamar urte barru, zor publikoa izango da". Baldintza onetan, baina zorra.

5. Guztira, zenbat diru jarri da bankuetan?

Bankuek eta aurrezki kutxek jasotako diru laguntza guztien argazki orokor bat egin du Carlos Sanchez Mato ekonomistak azaroan kaleratutako Por una banca pública txostenean —euskaraz, Banka publiko baten alde—. Bertan biltzen dira laguntza guztiak: arazoak zituzten erakundeetan jarritako kapital publikoa, Sareb banku txarrak bere gain hartutako higiezin aktiboak, bankuen zorraren gaineko estatuaren bermeak, Europako Banku Zentralak hiru  urtera emandako maileguak eta bestelako mekanismoak. Hala, laguntza osoa 634.425 milioi eurokoa da.
Finantza sistema osorik hartuta, komeni da bereiztea oso gestio txarra egin duten erakundeen eta gainerakoen artean. Lehengoei, estatuak eta EBk zuzenean eman diete kapitala, eta hura gabe kiebra joko zuketen. Bigarrengoei, etxebizitza merkatua erori ondorengo anabasa kudeatzeko babes neurriak eman zaizkie. Diru hori itzuliko da baina zehar kaltea da erakundeak sendotu bitartean ekonomia ahul egongo dela.

6. Zuzenean zenbat diru publiko jarri da?

Gaur-gaurkoz, 89.500 milioi euro. Diru kopuru horretatik zatirik handiena (61.000 milioi euro), 2009an Zapateroren garaian sortutako FROB funtsaren bidez ordaindu dira, eta Europaren erreskatea ere bide horretatik etorri da. 
Esku hartze publiko horrekin, gaizkien zeuden erakundeak nazionalizatu ditu estatuak, ondoren berriro saltzeko. Gehienak salduta daude, baina etorkizunean balioa gal dezaketen aktibo ustelak oraindik badituztenez, erosleei aktibo horien arrisku ia dena (%80 eta %100 artean) bermatu egin die, EPA Aktiboen Babeserako Eskemaren bidez. Funtsean, beste 27.800 milioi euro jarri dituzte bertan.

7. Zenbat euro dira onartutako galerak?

Oraingoz, guztira, 52.900 milioi euro dira estatuak onartutako galerak. Oso kopuru esanguratsua da. Izan ere, azken bi urteetan, Espainiako Gobernuak eta erkidegoek defizit helburua betetzeko ezarritako murrizketa guztiak gainditzen ditu. Dena den, gardentasunik ez dago. Informazioa tantaka banatzen dute Espainiako Bankuak eta Gobernuak. Lehen aldiz iragan uztailean onartu zituen FROBek 26.000 milioi euroren galerak zituela, baina sei hilabeteotan handituz joan da zifra.

8. Zenbatera igoko da bankuen faktura?

Ez dago jakiterik, baina gauza bat dago argi: 53.000 milioi euro baino gehiago izango dira. Zergatik? Batetik, zifra horretatik kanpo daudelako EPA eskeman espero diren ia galera denak. Oraingoz ez dago datu ofizialik, baina Europako Batzordeak kalkulatu du EPAn jarritako 27.800 milioi euroetatik 11.200 milioi euro inguru galduko direla.
Bestetik, egoera gehiago nahasteko, Sareb banku txarraren emaitzak gertutik jarraitu behar dira. Ziurrenik, hamar urte beharko dira emaitza jakiteko eta, horrenbestez, azken fakturaren zifra gordina osorik ezagutzeko.

9. Zer da Sareb?

Banku txarra delakoa. Antzeko mekanismoa erabili izan dute iraganean finantza krisiak jasandako herrialde askok: Suedia, Estatu Batuak eta Irlanda. Espainian, Rajoyk 2012 hasieran ziurtatu zuen ez zela banku txarrik egongo, baina Europaren aginduz, beste behin hitza jan du.

Berez, bere gain hartu ditu etxebizitza burbuila lehertuz geroztik balio galera handia izan duten aktiboak, guztiak ere higiezin sektorearekin zerikusia dutenak: batetik, etxegintza sektoreari emandako kredituak, eta, bestetik, bankuek urteotan irentsitako zoru eta etxeak. Guztira, 89.000 etxebizitza eta 13 milioi metro koadro adinako zorua du bere gain, eta herrialdeko higiezin agentzia handiena bihurtu da.

Bere jabegoaren erdia (%49) publikoa da. Gainerako partaidetza pribatua da, eta bertan daude, besteak beste, Euskal Herriko finantza erakundeak (BBVA, Kutxabank eta Laboral Kutxa).

10. Zenbateko aktiboak irentsi ditu Sarebek?

Guztira, 50.450 milioi euroren aktiboak bereganatu dizkie arazotan diren finantza erakundeei: besteak beste, Bankiari 22.100 milioi euro, Catalunya Caixari 6.600 milioi euro, Novagaliciari 5.700 milioi euro, eta Banco Mare Nostrumi 5.800 milioi euro. Berez aktibo mota bakoitza prezio jakin batean erosi die, eta etxebizitza merkatua maila gorenean zegoeneko balorazioaren alderatuta beherakada handia ezarri du. Salneurriaren beherakada aktiboaren araberakoa da, ez baitute merkatuan jasan galera bera zoruak, etxebizitzak eta kredituak. Hortik aurrera, Sarebek hamar urte ditu etxe eta zoruok saltzeko. Erositako prezioaren gainetik ala azpitik salduko ditu? Hori da gakoa.

11. Zenbateko galerak izan ditzake Sarebek ?

Berez, Sarebek espero du hamar urteren buruan galerak ez baizik irabaziak izatea: 5.600 milioi euro inguru. Alta, etxebizitza merkatuaren bilakaerak baldintzatuko du aurreikuspen hori.

Hasi, behintzat, oso gaizki hasi da. Logikoa denez, lehen urtean, berehala sal zitzakeen aktibo onenak merkatura atera zituen. Guztira, 3.700 etxe eta kreditu saltzea lortu zuen, baina oraindik ez du esan salmenta horiek irabaziak edo galerak eragin dizkioten. Sarebek kaleratutako datuak etxebizitza merkatuaren prezioekin erlazionatuta, aditu talde batek kalkulu bat egin du. Kalkuluen arabera, 315 milioi euroren galerak izan ditu. Datu hori baieztatuko balitz, zer gertatuko da aurrerantzean zoruarekin edo salmenta zaileko etxeekin?

12. Zeintzuk dira banku okerrenetan okerrenak?

Erakunde jakin batzuek eragin dute anabasa hori guztia. Horiek dira erantzule nagusiak, txarren artean okerrenenak. Lehena, Bankia da. Caja Madrid eta Bancaja aurrezki kutxek gidatutako taldean sartu da kapital publiko gehien, eta haren zuloek bultzatu zuten Espainiako Gobernua finantza erreskatea eskatzera. Bankian, dagoeneko, 13.600 milioi euro galdu dira. Bigarrena Caja Mediterraneo da. Sabadellek euro baten truke erosi zuen, baina estatuak 20.000 milioi euro sartu ditu, eta, hala ere, 15.000 milioi galdutzat ematen ditu jada. Hala onartu du De Guindosek asteon.  Tamainaz txikiagoak badira ere, Banco de Valencian, Catalunya Caixan eta Novagalician galerak handiagoak dira. Banco de Valencian kapital publiko guztia galdu da. Catalunya Caixan ere ia dena. Galiziako aurrezki kutxak abenduan enkante bidez saldu zitzaion Venezuelako Banescori, eta, prezioa ikusita, jarritako ia diru dena galdu du (8.000 milioi euro). Caja Madrid kenduta, banku eta aurrezki kutxa horietako agintari bakar bat ere ez dago ikerketa judizialpean. Eta, jakina, bakar bat ere ez dago espetxean.

13. Ez zen hobe bankuak likidatu eta ixtea?

Rajoyren arabera, banku horiek itxi eta bezero bakoitzari 100.000 eurora arteko aurrezki gordailuak ordaintzea "garestiago ateratzen zen". Ez du azaldu zergatik. Erantzutea zaila da, eta bestelako interesak ere jokoan sartzen dira. Adibidez, Europako Batzordeak Espainiari eskatu zion Banco de Valencia likidatzeko. Horren ordez, estatuak Caixabanki euro baten truke saldu zion, eta guztira erosleak 9.800 milioi euro jaso ditu. Askok susmatzen dute Nafarroako Kutxaren Banca Civica irentsi izanaren konpentsazioa izan dela. Caixabankek bere kabuz 4.000 milioi euro jarri behar izan dituelako Civica taldearen zuloak estaltzeko.

Beste aukera bat zen banku publiko sendo bat antolatzea. Alta, PPren gobernuak nahiago du nazionalizatutako bankuak ahalik eta azkarren saldu, nola edo hala, ahal den prezioan. 

14. Nola eragin die egoerak euskal kutxei?

Neurri batean, kalte egin die. Bankia eta enparauen gehiegikeriarik gabe, finantza krisia ez zen hain sakona izango, eta ez zen ez finantza erreskaterik, ez troika-rik izango. EBk Espainiako Aurrezki Kutxen legea moldatzera behartu du, eta aldaketa horrek euskal kutxei, adibidez, bete-betean eragin die. Aurrezki kutxak finantza erakunde gisa desagertu egin dira, eta banku fundazio bihurtu. Gainera, Kutxabank moduko bankuetan, EBk debekatu egin du akziodun batek %50 baino gehiago izatea. BBK, gaur egun %57 izaki, %7 saltzera behartuta dago. Ikusteko dago nola egingo den salmenta hori.

15.Zer beste laguntza jaso dituzte bankuek?

Gainerako taldeek ez dute kexatzeko arrazoi handirik. Alde batetik, batzuek (Caixabank, Sabadell eta BBVA) estatuaren babesa jaso ostean abantaila onean nazionalizatutako bankuak eskuratu dituzte. Bestetik, guztiek izan dute etxebizitza merkatuarekiko menpekotasuna. Gehienen gaitza izan da bere baliabide propioen oso gainetik handitu dituztela euren aktiboak. Diferentzia da batzuen jokabidea irrazionala zela eta besteena neurriz kanpokoa. Adibidez, Bankiaren kasuan bere aktiboak kapitala baino 50 bider handiagoak ziren, eta BBVA, Popular edo Santanderrenak 15 eta 20 bider artean. Kutxabank zuhurrago agertu da.

Orain, guztiak ere atzerantz ari dira, palanka efektu hori txikitzen eta kapitala handitzen. Salbuespen egoeran, orotariko laguntzak izan dituzte. Nagusia Europako Banku Zentralak hiru urtera %1eko interesarekin emandako 358.000 milioi euroko mailegua da. Beste laguntza esanguratsuak bankuen zor tituluen gaineko estatuaren bermeak dira. Bankuek azken hamarkadan 1,2 bilioi euroko zorra pilatu dute, eta estatuak 116.000 milioi eurorekin bermatu du. Gehien erabilitako hirugarren mekanismoa FAAF funtsa da, eta bankuen finantza produktuak (batik bat hipoteka zedulak) hartu ditu bere gain: guztira, 19.350 milioi euro.

16. Zer bankuk jaso du laguntza gehien?

Zuzeneko kapitalizazioa eta beste mekanismo guztiak kontuan hartuta, beste behin, Bankiak jaso du: 157.500 milioi euro. Ondoren, finantza sistemako banku handienek hartu dute diru gehien: Caixabankek 84.700 milioi euro, Sabadellek 59.100 milioi euro eta Santanderrek 54.600 milioi.

Euskal erakundeen artean, berriz, BBVAk jaso du diru gehien: 54.600 milioi euro. Kutxabankek, EBZren mailegu eta estatuaren berme bidez, 4.700 miloi euro jaso ditu; Laboral Kutxak, 2.300 milioi euro; Nafarroako Caja Ruralek FAAF funtsa bidez 64 milioi, eta Ipar Kutxak 12 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.