Olatu surf oholen enpresaren pabiloi bat suntsitu du suak
Astelehenean piztu zen sua, eta 71 suhiltzailek zortzi ordutik gora behar izan zituzten garrak kontrolatzeko

OIARTZUN. Sute indartsu batek guztiz kiskalita utzi zuen astelehenean Olatu enpresaren pabiloi bat, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako bost parketako 71 suhiltzaileek zortzi ordu behar izan zituzten sua kontrolatzeko, eta gauean han geratu ziren, berriz piztu ez zedin. «Oso baldintza gogorrei» aurre egin behar izan zietela nabarmendu zuen atzo Arkaitz Orbegozo lurraldeko suhiltzaileen arduradunak: 200 graduko tenperaturei aurre egin behar izan zieten kanpoan, eta 1.000 gradutik gorakoei barruan. Zazpi artatu behar izan zituzten, bero kolpeengatik, baina denak onik daude. Olatu Pukasen adar bat da, eta surf oholak egiten ditu harentzat eta beste enpresa batzuentzat. Imanol Lasa foru diputatuak babesa azaldu dio enpresari, eta azaldu du berriro zabaltzeko asmoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu