Olatuen energia ustiatzeko teknologiaren lidergoa lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Itsas energiaren nazioarteko adituak daude Bilbon egunotan, Itsas Energien ICOE 2010 kongresuan

Mikel Carramiñana.
Barakaldo
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Iraganean arrantzarekin eta aurreko mendean ontzigintzarekin gertatu bezala, itsasoa berriz ere «Euskadiren etorkizuna» bilakatzeari pozgarri deritzo Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak. Energia berriztagarrien eremuan itsasoak, etabereziki olatuek eskaintzen dituzten aukerak ikertu eta garatzeko lasterketa teknologikoan «Euskadik lidergoa lortzeko apustua» egin duela ziurtatu du Undak.

Bilbao Exhibition Center erakustazokan atzo abiatutako Itsas Energien ICOE 2010 kongresuaren atarian hitz egin zuen sailburuak. Euskal industriarekin elkarlanean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia «energia berriztagarrietan nazioarteko erreferentzia» bilakatu daitekeela ziurtatu du, horretarako proiektuak, dagoeneko, martxan daudelako.

EEE Energiaren Euskal Erakundeak Armintzan (Bizkaia)eta Mutrikun (Gipuzkoa) aurreikusitako proiektuak «estrategitzat» jo ditu Undak. Lehenengoa, Biscay Marine Energy Platform (Bimep) deritzona, olatuetatik energia lortzeko ikerketa eta esperimentazio zentroa izango da. Datorren urtearen amaieran jarriko dute martxan eta 20 milioi euroko inbertsioa beharko du.

Mutrikuko portuan, berriz, hamasei turbogeneradore instalatzeko lanean ari dira, urtea amaitu aurretik 300 kW-eko potentzia instalatzeko, 600 lagunek urtebetean kontsumitzen duten beste. Jaurlaritzak itsas energia ustiatzeko teknologia egokia zein den ikertu eta erabakitzeko azpiegiturak sustatu dituela gogorarazi du sailburuak.

Teknologiak dituen «erronkei» ere heldu die Xabier Biteri Iberdrola Renovableseko kontseilari delegatuak BECen: «Itsasoaren energia erabiltzeko modua garatu behar dugu eta, horretarako, erakunde publikoen laguntza beharrezkoa da».

Itsasoak, berez, «badauka mundu osoko energia eskaerari erantzuteko ahalmen teorikoa» baina, gaur egun, energia hori lortzeko kostuak ez direla bideragarriak merkatuan uste du. Ohiko energia iturriak baino hamar edo hogei aldiz garestiagoa da itsas energia lortzea, «berriztagarrien aldean ere kostu handia dauka».

Europan, edonola ere, itsasoaren energia ustiatzeko «ahalmen handia» dago; aurreikuspenen arabera, 2020. urterako 3,6 GW-eko potentzia lortuko da eta 188 GW ingurukoa 2050erako. Ordurako, zuzeneko edo zeharkako 470.000 lanpostu sortuko ditu itsas energiak Europako Batasunean.

Gamesa Nortropekin

Itsas sektorekoa da Gamesak AEBetako energia berriztagarrien merkatuetan zabaltzeko egindako bazkide berria ere. Zamudion egoitza duen taldeak Northrop Grumman enpresarekin elkarlanerako akordioa sinatu du. AEBetako ontzigile nagusia ez ezik, defentsa sektoreko erraldoia da estatubatuarra. Bien artean, G11X-5,0 MW offshore plataforma ezarriko dute Virginian 2012. urteko bukaeran. Gamesak turbinak jarriko ditu eta Northropek instalatzeko azpiegiturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.