Ondare zerga berriro ezartzea proposatu du orain Bizkaiak

Zergak ez ikutzeko politika alde batera utzi du Jose Luis Bilbaok; Arabak ezezkoarekin erantzun dio

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ondare zerga gustuko izan ez arren, auzoek berreskuratuz gero Bizkaiak ere indarrean jarriko zuela iragarri zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Ez ditu 24 ordu ere itxaron. Diputatuen Kongresuak zerga hori Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian berriro ezartzeko legegaia onartu eta biharamunean, berdin egiteko eskaini die Bilbaok Gipuzkoako eta Arabako aldundiei.

Orain arte sutsu defenditu izan du Bilbaok krisi garaian ezin dela zergarik igo, «gaixo dagoen behiari esne gehiago ateratzea» ezinezkoa zelakoan. Atzo, zerga horrek bilketan dauden zuloak estaltzeko gai izango ez dela onartuta ere, «dirutza garrantzitsua» biltzeko aproposa dela ziurtatu zuen. Espainian onartutako irizpideak ezarriko balira —700.000 eurotik gorako ondarea dutenek pagatzea—, Bizkaian 42 eta 45 milioi artean ordaindu beharko lukete 4.000 lagunek.

Berez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskubidea dute ondare zerga edo beste edozein zuzeneko zerga ezartzeko, baina hiru lurraldeekbateratu ohi dituzte, bildutako dirua guztien artean eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatzeko gero. Horregatik, Bilbaok eskatu die beste diputazioei «gogoeta» zabaltzeko. Hiruen artean ados jarriz gero, proposamena Zergak Koordinatzeko Organora eramango lukete diputazioek.

Gasteizek ezezkoarekin erantzun dio Bilbaori. «Arabak ez du egingo», erantzun diote Eferi Arabako Aldundiko iturriek. Javier de Andres (PP) ahaldun nagusiak aurretik esan du nahiago duela auzoek aurretik ezartzea eta horrek izan ditzakeen ondorioen arabera jokatu. Edonola ere, PPk ez du gehiengo osorik Biltzar Nagusietan.

Gipuzkoakoak ez dio jendaurrean Bilbaori erantzun, baina ez da espero eragozpenak jartzea. Izan ere, joan den asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusiek neurri sorta bat proposatu zuten zerga sistemaren «berdintasuna» bermatzeko. Horien artean zegoen ondare zerga berreskuratzea, baita errenta zerga progresiboagoa egitea ere, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Proposamen horren aldeko botoa eman zuten Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek, eta EAJ abstenitu egin zen, «zehaztasun falta» argudiatuta.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ontzat jo du Bilbaok «iritziz aldatu izana». Kontra azaldu da, berriz, Miguel Angel Lujua Confebaskeko presi- dentea. «Deigarria da garai batean zerga zaharkitua eta bidegabea zena berreskuratu nahi izatea», idatzi du bere blogean. Haren arabera, zerga horrek aurrezkia zigortzen du: «Diru kopuru bera irabazi duten bi pertsonetatik batek aurrezten badu eta besteak gastatu, ondare zergak aurreztu duena zigortuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.