Ontziolak

Ontzigintza sektorearen itxaropena zapuztu du Almunia komisarioak

Almuniak adierazi du ontzijabeek ez baina inbertsiogileek itzuli egin beharko dituztela 'tax lease' bidez jasotako laguntzakFrantziari egindako ikerketa aintzat hartu ez izana leporatu dio Espainiari

Miren Garate.
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Asteazkenean etorriko den epaiaren aurretik, atzoko bileran zituzten jarrita itxaropen guztiak ontzioletako ordezkariek. Ez ziren, ordea, nahi bezain gustura atera. Argumentu berriek ez zuten konbentzitu Joaquin Almunia Lehia komisarioa, eta berretsi zuen tax lease sistemaren bidez emandako laguntzak itzuli egin beharko dituztela. Nork jarri beharko duen dirua, hor aldatu zuen iritzia. Aurrez ere esanda zeukan ontziolek ez dutela inongo erantzukizunik, eta, beraz, salbuetsita geratuko direla laguntzak itzultzetik. Atzo gaineratu zuen ontzijabeek ere ez dutela ordaindu beharrik izango. «Beraz, inbertsiogileak bakarrik geratzen dira». Horrek ez duela ezer konpontzen azaldu zuten ontzioletako ordezkariek: «Gure sistemak hiru hanka ditu: ontziolak, ontzijabeak eta inbertsiogileak. Arazo hau konpontzen ez den bitartean etorkizuna oso baldintzatuta izango dugu», zioen Vicente Galdeano Zumaiako Balenciaga ontziolako zuzendari nagusiak, eta inbertsiogileen faltak sektorea geraraziko lukeela nabarmendu zuen.

Lehia komisarioarekin egindako bileran ordezkaritza zabalak hartu zuen parte. Ontziolak dauden herrialdeen interesak defendatu nahian joan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentea eta Javier Fernandez Asturiasko presidentea; Espainiako Gobernutik, Jose Manuel SoriaIndustria ministroa bertaratu zen; langileak Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoak ordezkatu zituzten; eta enpresen izenean, Alvaro Platero Pymar patronaleko presidenteak hartu zuten parte. Bi ordu pasatxo iraun zuen batzarrak.

Epeekin jokatuta saiatu zen Espainiako Gobernua Almuniari presio egiten. Izatekotan ere, 2011tik gaur egunera arte emandako laguntzakbueltatu beharko liratekeela esan zion Soriak. Espainiak 2011ko ekainean utzi zion tax lease-a erabiltzeari, Bruselak legez kanpokotzat jo zuenean. Martxan, berriz, 2002an jarri zuen. Ordutik 2011ra arte, haren aurka «inork ezer» ez zuela esan argudiatu zuen Industria ministroak. «2009an, Neelie Kroes orduko Lehia komisarioak gutun bat bidali zion Norvegiako Gobernuari, esanez Espainiako ontzigintza sektorea erabat bateragarria zela Europako lehia arauekin».

Almuniak, ordea, argudio horrek ez duela balio erantzun zion Soriari. «Kroesen gutuna ezin da kontuan hartu ikuspegi juridikotik». Eta Espainiak Frantzian gertatutakoari erreparatu behar ziola erantzun zion. «Espainiako sistemak funtzionatzen jarraitu zuen, nahiz eta Frantziakoa, haren analogoa, legez kanpokotzat jo». 2005ean hasi zuen Frantziaren gaineko ikerketa Bruselak, horregatik nahi du Lehia komisarioak 2005etik aurrerako laguntzak itzularaztea.

Dirutan, kalkulurik ez

Dirutan zenbat ordaindu beharko den kalkulatzea gobernuari dagokiola gaineratu zuen: «Inoiz ez dut laguntzen bolumenari buruzko kalkulurik egin, eta, gainera, iruditzen zait kopuruei buruz ari diren horiek akats handi bat ari direla egiten». Guztira 2.000 milioi inguru itzuli beharko direla aipatu izan da, eta horietatik erdia dira Bizkai eta Gipuzkoako ontzioletako tax lease kontratuen bidez emandakoak. Almuniak gogoratu zuen erabakia hartzea Bruselari dagokion arren dirua ogasunek jasoko dutela. Halaber, esan zuen Espainian gaur egun ere badagoela pizgarri bidezko zerga sistema bat, eta hura, zalantzarik gabe, bat datorrela Europako arauekin.

Bost egun barru emango du Bruselak bere erabakiaren berri. Urkulluk ordura arte geratzen den denboraz baliatzeko eskatu zion Madrili. Besteak beste, Rajoyri esan zion Jose Manuel Durao Barroso batzordeko presidentearekin hitz egiteko gaiari buruz. «Ziur gaude batzordeak oraindik baduela tartea ontziolen itxiera saihestuko lukeen erabaki bat hartzeko, baita azken erabakia laguntzak itzultzearena balitz ere». Atzoko bileratik «kezkatuta» atera zela esan zuen Urkulluk, Almuniak ez zielako «behin betiko erantzunik» eman ontziolen alde jarritako argudioei. Gaur bilduko da Jaurlaritza sektorearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.