Bazterrak ederki nahastu ondoren begibistakoa zena esan du Espainiako Ogasun Ministerioak: Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek erabaki behar dute nola ordaindu behar duten opor fiskalen dirua ez berreskuratzeagatik jasotako 30 milioi euroren isuna. Hori egiteko asmoa zuten euskal erakundeek, eta Arabako Aldundiak ziurtatu duenez, jada hasi zituzten elkarrizketak. Madrilen esku hartzeak, ezer egitekotan, negoziazio mahaian beren alderdikide bakarraren posizioa ahuldu dute, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarena.
Banaketa zein izango den hurrengo aste edo hilabeteotan erabakiko dute, baina ziurtzat jo daiteke ez dela izango Espainiako Ogasun Ministerioak herenegun proposatutakoa: %65,85 Arabak (ia 20 milioi), %21,29 Bizkaiak eta %12,86 Gipuzkoak. Portzentai horiek aipatzean, herrialde bakoitzak opor fiskaletatik zenbat diru berreskuratu zuen hartu zuen kontuan Madrilek. Proposamen hori, baina, aldundiekin edo Jaurlaritzarekin hitz egin gabe egin zuen Ogasun Ministerioak, eta berehalako erantzuna jaso zuen Arabatik: «Onartezina da», esan zuen atzo arratsaldean De Andresek. Konponketa hori PPko alderdikideek eskainitakoa izatea are mingarriagoa zen De Andresentzat.
Arabako ahaldunak Cristobal Montoro Ogasun ministroari deitu dio gaur «berehalako zuzenketa» bat egin eta auzian muturra ez sartzeko eskatuz. Ministroa «harreratsu» azaldu da, Ana Morales Arabako Biltzar Nagusietako PPko bozeramailearen arabera. Handik gutxira, Ogasun Ministerioak agiri bat kaleratu zuen esanez euskal erakundeei zegokiela isunaren banaketa erabakitzea.
Aferak PPren barnean sortu duen zauria ez handitzea erabaki dute beste erakundeek. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurretik ere egindako proposamena berritu du: Jaurlaritzak isunaren %70 hartu beharko luke bere gain, eta gainontzekoa hiru aldundiek, bakoitzak baliabide publikoen banaketan duen pisuaren arabera. Horixe bera da Arabaren proposamena ere, eta Eusko Legebiltzarrak bere egin du. Banaketa zehatz horri ez dizkiola ateak ixten onartu du Bizkaiko aldundiak. Agerraldi publiko batzuetan Iñigo Urkullu lehendakariak berak onartu izan du Jaurlaritzak isunaren zati bat bere kutxatik ordainduko duela.
Kalparsororen ekimena
Banaketaren gaia ez ezik, erabat konpontzeke dago isunaren alde judiziala. ELAren eskaerari jarraituz, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak iragarri du ikertu egingo duela aldundiek arduragabekeriaz jokatu ote zuten opor fiskalen diruaren berreskuratzea hainbat urtez atzeratuta. Europako Auzitegiaren epaia ez betetzeko «interes politikoak» egon zirela salatu zuen ELAk txosten baten bidez.