Berriro ere UPNren bakardadea islatu da. Nafarroako sozietate publikoetan bultzatutako kaleratzeak atzera bota eta Parlamentuaren baimenik gabe horrelako neurriak ez hartzeko lege proposamena onartu dute PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik. UPNk, berriz, adierazi du lege proposamena inkonstituzionala dela. Onartu eta gero, Parlamentuan zeuden sozietate publikoetako langileek txaloka hartu dute neurria.
Maiatzaren 13an aurkeztu zuen CPEN Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko administrazio kontseiluak sektore publikoko enpresen moldaketarako bigarren plana. Bertan proposatzen zen enpresa publikoak 13tik zortzira murriztea eta langilerian %15 eta %20 arteko murrizketak ezartzea, kaleratzeen bitartez edo aurre-erretiroen bitartez. Horren aurrean, oposizioak bat egin eta lege proposamena aurkeztu zuen plan hori atzera botatzeko. Sanferminen bezperan, Ganasa enpresan 65 langile kaleratzeko erregulazioko espedientea aurkeztu zen, eta abuztuan Parlamentua itxita egon arren, oposizioak erreakzionatu eta ezohiko bilkura antolatu du.
Bere hitzaldian, Yolanda Barcinak gogorarazi du, “krisiaren ondorioz”, diru sarrerak %48 jaitsi direla: 2010etik gaur arte, sozietate publikoetan 200 milioi euro inguruko galerak pilatu dira eta 300 milioi eurotik gorako zorra eragin du. Sektore publikoaren murrizketa “inoren gustokoa ez izan arren hartu beharreko neurriak” direla defenditu du. Bere hitzetan, oposizioaren bizkar gainean utzi nahi izan du hemendik aurrera enpresaren bat kiebran deklaratu edo konkurtso legean sartzen bada.
PSNko Samuel Carok, berriz, azpimarratu du UPN dela sektore publikoa “kiebraren amildegiaren ertzera” eramatearen erantzule politikoa. Carok erantzukizuna langileen bizkar gainean uztea eta egoera txarraren erantzule zuzenak diren zuzendariak ez kaleratzea egotzi dio Barcinari. Caroren ustez, sinesgarritasunik gabe geratzen da UPN, enpleguaren aldeko neurriak defenditzen dituen bitartean kaleratzeak bultzatzen dituelako.
Bilduko Maiorga Ramirezek, “UPNren erregimenaren aroa amaitu da”. Nafarroako Kutxarekin gertatutakoarekin parekatu du sozietate publikoei jazotakoa. Gestio desegoki batek eta erabaki txarrek eraman dute dagoen tokira, eta aipatu du herritarren diruarekin egin dela hori guztia. Sektore publikoko enpresen erabaki nagusiak, gainera, “Parlamentuaren bizkar” hartu nahi izatea egotzi dio Gobernuari.
Aralar-Nabaiko Patxi Zabaletaren irudiko, enpresa publikoen egoera txarra ezin zaio soilik leporatu krisiari eta ardura nagusia gobernuarena da. Gogora ekarri ditu erabaki txarrak: 2004ko udazkeneko EHNren salmenta Accionari, eta lortutako diruaren zati handi bat Iberdrolaren akzioak erabiltzeko baliatzea, kasu. Zabaletak defenditu du oposizioaren lege proposamenak ez du Konstituzioa urratzen, edo enpresa publikoetako zuzendaritzen funtzio exekutiboa urratzen edo lan arloko legediarik urratzen, gobernuak defenditzen duen alderantziz.
Ezkerrako Jose Miguel Nuinek gaineratu duenez “anormaltasun bakarra da Gobernua gutxiengoa dagoela”. Nuinek gogora ekarri du Ganasan kaleratu nahi diren langileekin, kasu, 6,5 milioi euro aurrezten direla, baina iaz Los Arcoseko zirkuituak 4 milioi euroko galerak izan zituela eta Tuterako Ciudad Agroalimentaria azpiegiturak beste lau milioi euro.
Geroa Baiko Manu Aierdik ez du ulertzen zergatik hartu duen hain azkar Gobernuak Ganasan hainbeste langile kaleratzeko erabakia. Bere ustez, gai horrekin pultsu politikoa sortu da Gobernuaren eta oposizioaren artean, eta gobernuak bera gutxiengoa izaki “muturrera” eraman du auzia, oposizioari erantzutera behartuz. “Zergatik eraman duzue muturreraino egoera hau?”, galdetu die. Bere ustez, Parlamentuak orain hasierako planteamendua berraztertu eta bestelako proposamena egin dio Gobernuari eta hori kontuan hartu beharko luke, hain neurri gogorrak hartu aurretik.
UPNko Carlos Garcia Adanerok amaitu du oposizioko alderdiei erantzuten eta aipatu die alderdiek gobernatzen duten erkidegoetan antzeko neurriak hartzen ari direla. Era berean, alderdi batzuen kontraesanak ere iradoki ditu, PSNri erreferentzia eginez. Izenik aipatu gabe, iraganean enpresa publikoetan hartutako erabakiak txalotu izan dituztela aipatu du eta orain iragana kritikatzea gaitzetsi du.