Giorgos Pontikos. PAME sindikatuko ordezkaria

«Orain antolatu beharra daukagu, gobernuari atzera eginarazteko»

CARLOS CASTRO.
jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Protestak bai, baina antolatuak. Jendearen haserrea bideratu nahi du PAME sindikatu komunistak, Parlamentuak murrizketa plana onartu ostean.

Nola sentitzen zara Parlamentuak murrizketa eta pribatizazio neurriak onartu ostean?

Espero genuen. Zenbait diputatu sozialistak murrizketen kontra daudela esan duten arren, bagenekien ez zutela planaren babesa kolokan jarriko.

Zer egingo duzue?

Protestekin eta grebekin jarraituko dugu. Politikariek, diputatuek, murrizketak onartu dituzte, baina herritarrek eta langileek ez. Horregatik, langileei eskatu nahi diegu parte har dezatela sindikatuetan eta sindikatuen ekintzetan. Hori da bidea gobernuaren neurrien eta kapitalaren kontra.

Antolatu beharra daukagu, enpresetan eta auzoetan, gobernuari atzera eginarazteko.Datozen egunetan zer egin nahi dugun eta zertarako egin nahi dugun erabaki behar dugu, eraginkorrak izateko. Ezin du bakoitzak nahi duena egin. Klase sindikatuetara hurbiltzea komeni da, ezin dugu plazetara besterik gabe joan.

Murrizketa plana onartu dute, baina gero indarrean jarri beharko dute. Zailtasunak izango al dituzte?

Bai, jakina. Gobernuak badaki jendea oso haserre dagoela eta ez dituela neurriak onartuko.

Eta jendeak ba al daki benetan gaur zer onartu den?

Bai, bai. Grezian 800.000 langabe daude.

Jendea oso haserre dago?

Langile gehienak murrizketan eta pribatizazioen kontra daude.Jendearen erantzuna izugarria izaten ari da, eta gero eta jende gehiago parte hartzen ari da mobilizazioetan.

Istiluak gero eta gogorragoak dira.

Datozen egunak oso konplexuak izango dira eta kontuz ibili behar dugu. Gobernuak bitarteko guztiak erabiliko ditu protesten kontra: Polizia, komunikabideak, propaganda, probokazioa... Egoera duela bi urtekoaren parekoa da [Istilu gogorrak izan ziren Poliziaren eta herritarren artean, Alexis Grigoropulos 15 urteko gaztearen heriotzaren urteurrenean. Poliziak hil zuen, tiroz].

Eta zer egingo duzue horretarako?

Enpresetara joan behar dugu, langileekin hitz egin behar dugu. Langileei egoeraren garrantzia ulertarazi behar diegu. Sektore publikoan langileen %90 daude afiliatuta; sektore pribatuan, aldiz, %15. Langile horiek guztiak antolatu behar ditugu.

Horrek zer esan nahi du, GSEE eta Adedy sindikatuekin elkarlanean arituko zaretela?

Ez. Oso ikuspegi ezberdinak ditugu. Haiek gure kontra daude. Kontserbadoreak eta sozialdemokratak babesten dituzte. Langileen etsaiak dira. GSEE Espainiako CCOOren parekoa da, eta CCOOk Espainiako Gobernuaren neurriak babesten ditu. Antzeko estiloa dute.

Europako eta Greziako agintarien esanetan, iaz murrizketa neurriak eta erreskate plana ezinbestekoak ziren. Aurten ere bai. Zein da PAMEren alternatiba?

Europako Batasunetik eta eurotik ateratzea, eta zorra ez ordaintzea. Sistema ekonomiko ezberdin bat antolatzea.

Grezian badago talde bat zorrarenikuskatzea eskatzen duena. Bidezkoa den zorra bakarrik ordaintzea proposatzen du. PAMEk ere bai?

Ez, guk zorraren zatirik ez ordaintzea proposatzen dugu. Zorra ez baita herritarrena eta langileena, plutokraziarena baizik. Ezin dugu zor hori onartu.

Papandreuk hauteskundeak aurreratu beharko al ditu?

Orain momentuan ez, baina hilabete batzuk barru, udazkenean, bai, Greziaren egoera ez baita konponduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.