Orain arteko protesta handienarekin erantzun diete greziarrek murrizketei

Parlamentuaren atarian istilu gogorrak izan dira, diputatuak azken neurriak eztabaidatzen ari zirela

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Greziaren bi aldeek talka egin zuten atzo Atenasko Syntagma plazan. Parlamentuaren barruan,gobernuak diputatuen sostengua eskatu zuen azken gastu murrizketak eta zerga igoerak onartzeko; kanpoan, berriz, azken urteotako manifestazio jendetsue- tan, neurritasun politika bertan behera geratzeko eskatu zuten hamarnaka mila lagunek.

Manifestazioak eta greba eguneroko kontua izan dira Grezian azken bi urteotan, baina atzoko protesta egunak azkenaldiko oihartzun handiena izan zuen. Lantegi handiak, administrazioa eta eskolak ez ezik, bankuak, dendak, tabernak eta supermerkatuak ere itxita egon ziren. Aireportuak, portuak eta trenbideak geratu egin ziren. Gaurko ere herritarrak grebara deitu dituzte Adedy, GSEE eta PAME sindikatuek.

Dozenaka hiritan izan ziren manifestazioak, eta horietatik jendetsuena, Atenasen.70.000 eta 100.000 lagun artean elkartu ziren hiriburuko plaza nagusian, Syntagman, parlamentuaren aurrean. Greziako agintarien eta Europako Batasunaren politiken aurkako oihuak tartekatu ziren. «Nor engainatu nahi dute? Ez gaituzte salbatuko. Neurri hauekin pobreak pobretzen dira, eta aberatsak aberastu. Ez dugu zuen erreskatea nahi!», adierazi zion Ekathimireni egunkariari Akis Papadopulos langileak.

Haserre giroak indarkeria ere ekarri zuen. Lehen aldiz protestak hasi zirenetik, poliziak parlamentuaren inguruan jarritako hesia haustea eta eraikinaren eskaileretara heltzea lortu zuten manifestariek bultzaka; batzuek su eman zioten soldaduen egurrezko etxola bati. Poliziak negar gasa bota zien atzera egiteko eta manifestari batzuek harriak eta molotov koktelak jaurtiki zizkieten agenteei. Atenasko beste kale batzuetan ere izan ziren istiluak, eta dozenaka lagun zauritu ziren. Sindikatuek deituta, milaka manifestari plazan zeuden iluntzean, eta gauean han geratzeko asmoa zuten, diputatuei presio egiteko.

Gobernuaren deia diputatuei

Egoitzaren barruan, diputatuen sostengua lortu nahian zebilen Evangelos Venizelos Finantza ministroa. «Haserretuei azaldu behar diegu herriak bizi duena ez dela krisiaren garairik txarrena. Ezinbesteko ahalegina egiten ari gara krisiaren azken maila, sakonena eta larriena, eragozteko. Egoera zail baten eta hondamendiaren arteko aldea izugarria da». Hitz horiekin eragotzi nahi zuen Pasok bere alderdiko diputatu batzuek neurrien aurka ez bozkatzea. Pasokek oso gehiengo estua du parlamentuan —300 diputatuetatik 154 ditu— eta haietako batzuk oso haserre daude neurrietako birekin, hala nola gutxieneko soldata jaistearekin eta lan itunak ezerezean uzteko aukerarekin. Atzo gauean zuten bozketa bat egitekoa, eta gaur, berriz, behin betikoa.

«Hemendik igandera arte, guduen gudua ari gara borrokatzen», gaineratu zuen Venizelosek. Igandean Europako Batasunak egingo duen goi bileratik zorraren zati handiago bat barkatzea espero du Atenasek. Uztailean bankuei zorraren %21 ez itzultzea hitzartu zuten, baina kopuru hori %30 eta %50 artera igotzea aztertzen ari dira orain.

Nicolas Sarkozy, Angela Merkel, Jose Manuel Durao Barroso eta Christine Lagarde Frankfurten biltzekoak ziren atzo, akordioa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.