Euroguneko krisiari «baturik» erantzuteko borondatea berretsi dute Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuek. Ordea, hartu beharreko neurriei buruzko sakoneko ezadostasunak bere horretan jarraitzen duela agerian geratu zen Angela Merkelek eta David Cameronek Berlinen izan zuten bileran.
Bi agintariak adiskidetasun irudia ematen ahalegindu ziren, eta batzarraren ostean, batera egin zuten agerraldia. Puntu askotan bi herrialdeetako gobernuak bat datozela azpimarratzen saiatu ziren. Esaterako, Europako ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko beharrean edo defizita eta zor publikoa mugatzeko estrategian. Biek, halaber, Europako Batasuneko aurrekontua inflazioaren gainetik igotzea eragotzi nahi dute.
Baina garrantzitsuenean, eurogunearen krisiari aurka egiteko tresna eta neurrietan, bakoitzak bere jarrerari eutsi zion. Finantza salerosketak zergapetzeko Alemaniak egindako proposamenari ezezko borobila eman zion Cameronek berriro ere. Erresuma Batuko Gobernuak, hasiera batean, ez luke tasa global bat begi txarrez ikusiko, baina soilik Europan onartzeak Londresi, finantza munduko gune den aldetik, kalte egingo liokeela uste du.
Trukean, Europako Banku Zentralak (EBZ) krisiaren kontra egiten ari den lana zalantzan jarri du Downing Streetek. Cameronen ustez, kaosa amaitzeko «bazuka handi bat» atera behar du euroguneak. Zer esan nahi du horrek? Besteak beste, EBZk herrialdeen zorra zuzenean erosteko aukera behar duela, Ingalaterrako Bankuak edo AEBetako Erreserba Federalak egiten duten gisara.
Alemaniak, ordea, ez ditu entzun ere egin nahi EBZren zeregina aldatzeko proposamenak, eta argi utzi zuen Merkelek atzo berriro ere. «Sinesgarritasuna handitzeko munizio gehiago erabiltzeko Erresuma Batuak egin duen eskaera zuzena da. Hala ere, ezin dugu pentsatu ez daukagun boterea dugula, merkatuek berehala jabetuko direlako horretaz». Alemaniaren ustez, EBZk arazoak dituzten herrialdeen bonuak zuzenean erosten baditu, horien arduragabekeria fiskala bultzatuko du.
Jarrerak aldenduta
Neurri zehatzetan ez ezik, aurrera begira Europako Batasunak hartu beharreko norabidean ere jarrerak aldendu dira azken garaietan. Alemaniak eta Frantziak euroguneko herrialdeen arteko loturak handitu nahi dituzte. Elkartasun handiagoaren truke, konpromiso fiskal komunak hartzea nahi dute. Euroa duten herrialdeen batasun politiko eta fiskalean aurrera egin ahal izateko, Europako lege eta arauak zuzentzen saiatu nahi du Alemaniak.
Bi abiadurako Europa hori —euroa dutenena eta ez dutenena— mesfidantzaz ikusten du Erresuma Batuak. EBko azken goi bileran euroguneko arazoez aritzeko eskumena exijitu zuen Cameronek, eta erantzun gogorra eman zion Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk.
Etxean ere Europako Batasunaren inguruko orekari eusteko zailtasun geroz eta gehiago ditu Cameronek berak, krisiak elkatuta, alderdi kontserbadoreko euroeszeptikoen indarra geroz eta handiagoa izaten ari delako.
Zorraren krisia. EBren geroari buruzko eztabaida
Oraindik ere sakoneko ezadostasunak dituzte Merkelek eta Cameronek
Finantza salerosketak zergapetzeari buruz edo krisian EBZk zer betekizun izan behar duen ez datoz bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu