Fagorren porrota. Inazio Azkarragaurizar. Arrasateko alkatea

«Oraindik ez dira pospolo guztiak erre»

Haren ustez, kudeaketan egin ditu akatsak Fagorrek, baina horrek ez du esan nahi kooperatibismoa amaituta dagoenik. Areago, sinetsita dago krisiari aurre egiteko eredua dela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herria bezala, bera ere «jota» dagoela aitortu du Arrasateko alkateak. Baina ez du dena galdutzat. Egoera konpontzeko ahaleginetan ari da. Egin daitekeena urgentziaz aztertzeko eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera batzarra antolatu du astelehenerako. Mondragonekin, Fagorrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira.

Egoera konponduko den esperantzak bukatu dira?

Ez. Uste dut esperantza ez dela sekula galdu behar, eta oraindik saiatu beharra dago. Hor ardura dutenak Mondragon korporazioa eta Fagor bera dira, eta Eusko Jaurlaritza ere bai, berak duelako enpleguari dagokion eskumena. Esperantzari eusten diot, ezin delako sinetsi duela astebete posible zena orain ez izatea.

Kooperatibismoaren eredua kolokan dago?

Kolokan dago kudeaketa zelan egin den. Badakigu hori kanpotik esatea erraza dela, eta zaila dela tamaina horretako enpresa batean kooperatibismo eredu hori aurrera eramatea. Baina nik uste dut akatsa kudeaketan egon dela. Informaziorik ere ez da eman; kooperatibistak, langileak informazio faltaz kexu dira. Nolanahi ere, hori eurek konpondu behar dute, barrutik, eta berriro ez gertatzeko ahalegin berezia egin: komunikazio iturriak eta jendearen parte hartzea ondo zaindu behar dira. Azken finean, ereduak pertsonak baditu oinarri, eta kudeaketa pertsonen gainetik egiten baduzu, gauza ez doa ondo. Hala ere, jarraitzen dut pentsatzen elkartasunean oinarritzen den kooperatibismoa baliagarria dela. Beste biderik ez dagoela, gainera. Krisiari aurre egiteko denok jarri behar dugu zerbait, eta denok inplikatu behar dugu. Eta, kudeaketan, kooperatibak eredugarri izan behar du.

Mondragonen eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen duzue oraindik, ezezko argia eman duten arren. Oraindik aldatu dezakete jarreraz?

Nik esperantza badaukat. Guk bilera urgente bat eskatu dugu, eta astelehenean dugu bilera udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak korporazioarekin, Fagorrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Egoera aldatzeko ahalegina egin behar dugu. Zeren orain astebete Fagorren zati handi bat bideragarria bazen, orain ere bideragarri izan beharko da. Hor ipini beharko dituzte kartak mahai gainean, eta azaldu argi; bestela, beste zerbait dago ihes egiten diguna.

Zer espero daiteke asteleheneko bilera horretatik?

Gehiegi ere ez, egia esan. Baina gu saiatuko gara gauzak argitzen. Ezin ditugu kolokan jarri milaka eta milaka lanpostu. Kontuan hartu behar da kooperatibistez gain behin-behineko langile asko daudela, eta Fagorrentzat lan egiten duten enpresa asko ere bai. Garraiolariei, ostalaritzari ere eragiten die. Sare handia dago Fagorren inguruan, eta ahalegin berezia eskatzen du horrek, bai barrutik, bai instituzioetatik.

Udalak, adibidez, zer egin dezake?

Udalak eta foru aldundiak mahai bat osatu dugu, eta guri dagokigu zein eragin sozial eta ekonomiko izan daitekeen aztertzea. Egoeraren mapa bat osatu dugu eragin hori ikusteko, eta gero ikusi beharko dugu diputazioarekin batera zein laguntza lerro abiatu.

Mondragon taldeak azalpenik eman dizue zuzenean?

Ez, guri ez. Krisia hasi zenean, alde guztietatik bazterrak nahasten ez ibiltzeko, diputazioarekin jarri ginen harremanetan. Aldundia ari da haiekin zuzenean, eta gu, diputazioarekin. Pentsatzen dugu administrazioak batera joan behar duela; ez dugula ezer egiten udal bakoitzak eta diputazioak bere aldetik joanda.

Zer etorriko da hemendik aurrera?

Korporazioari eta Jaurlaritzari eskatzen diegu Fagor bizirik mantentzeko eta enpleguari eusteko ahalegin berezia egiteko. Egoera honetatik ateratzeko inportantea da herri izaerako estrategia bat abiatzea, eta hori exijitzen diegu euskal instituzioei. Pentsatzen dugu bideak badaudela, baina borondate politikoa behar dela hori lortzeko. Sekula baino garrantzi handiagoa dauka herri gisa aurrera egiteak. Mondragoni dagokionez, uste dugu arazoa ezin dela konpondu enplegua suntsituta eta produkzioa beste leku batera eramanda. Beraz, herri gisa jarduteko aldarrikapenak sekula baino indar handiagoa dauka.

Esan nahi duzu eragile guztiak elkar hartuta aritzen badira kasu honetan posible dela aurrera egitea?

Nik baietz pentsatzen dut. Oraindik ez dira pospolo guztiak erre, eta, datozen notiziak txarrak izan arren, esperantza badago.

Esperantza hori herrian ere badago?

Ezin dugu galdutzat jo Fagor Etxetresnak. Hemen ez da irudikatzen panorama bat Fagor gabe, sortzen den kaltea izugarria delako. Beraz, kezka dago, sinetsi ezin bat ere bai, eta urte askoan hor ibili den jendea, desilusioarekin. Zeren, azken finean, hau izan da eta da lan egiteko era eta filosofia oso bat. Badakigu krisia astindu gogorrak ematen ari dela, eta indartsuak ziren beste enpresa batzuk ere jausi direla; herrian bertan ikusi dugu. Edonola ere, kasu honetan Fagor kolokan egon arren, uste dut eredu horrek badakiela aurre egiten krisiari. Beste kooperatiba batzuk oso ondo dabiltza. Eta krisi honen oinarrian indibidualismoa dagoela salatzen bada, hori apurtu eta esperantza pixka bat ematen duena elkartasuna eta elkarlana da; kooperatibismoaren oinarriak. Noski, hori praktikara eramateko jendeak parte izan behar du, onerako eta txarrerako. Eta horretarako informaziorik ez badago, uste dut pareta baten kontra jotzen dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.