Denbora irabaztea ala denbora galtzea, bietatik zer izango den jarri gabe martxan da Greziaren bigarren erreskatea. Euroguneko finantza ministroek atzo goizaldean hitzartu zuten Greziari beste 130.000 milioi euroko laguntza ematea. Horri esker ez du oraingoz porrot egingo, euroan jarraituko du eta dirua izango du hurrengo hilabeteotan ordainketei aurre egiteko. Haren truke, subiranotasunaren galeran beste urrats bat egingo du Atenasek, Troikak bere kontuak bertatik bertara gainbegiratuko baititu.
Greziako Gobernuak hitz handiekin hartu du akordioa. «Ekonomikoki, Bigarren Mundu Gerraz geroztiko neurri garrantzitsuenak dira», ziurtatu du Evangelos Venizelos Finantza ministroak. Onartu du neurrietako batzuk ez direla «oso arrazoizkoak», baina pozik da, «Greziak bigarren aukera lortu duelako», eta eredu ekonomiko lehiakorragoari esker «Europan berriro bere tokia aurkituko duelako». Euroguneko herrialdeek nabarmendu dute Grezia porrotetik salbatu dutela. Noiz arte, horixe dago ikusteko.
Zer hitzartu dute?
Euroguneko kideek eta nazioarteko Diru Funtsak beste 130.000 milioi euroko maileguak emango dizkiote Greziari. Horietatik 23.000 dagozkio NDFri —10.000 milioi lehen erreskatekoak dira, artean banatu gabekoak—. Diru horretatik gutxi iritsiko da greziarren eskuetara: Konstituzioa aldatuko dute lehentasuna zorra pagatzeari emateko. Maileguaren dirua Greziako banku zentralaren kontu batera iritsiko da, eta horretan hiru hilabeteko zorrak pagatzeko adina diru izan beharko du. Europarrak eta batez ere iparraldekoak Atenasko agintariekin fio ez direnez, Troikak komisario batzuk izango ditu Grezian bertan, diruaren erabilera «egokia» eta neurri ekonomikoen aplikazioa bertatik bertara kontrolatzeko.
Bankuekin, zer?
Hartzekodun pribatuen izenean, joan den hilean Nazioarteko Finantzen Institutuak (IIF) onartu zuen Greziari zorraren erdia barkatzea. Azkenean, 107.000 milioi euroko zorra barkatu beharko dute, gaur egun duenbalioaren %53; kopurua %70era ere iritsiko da bonu horiek eman behar zituzten interesak kontuan hartuz gero. Inoiz barkatutako zor kopuru handiena dela nabarmendu ondoren, IIFk ontzat jo du euroguneak erabakitakoa, Charles Dallara presidentearen hitzetan, «porrot desordenatua eragotzi delako». Aste gutxi dituzte bankuek, inbertsio funtsek eta halakoek akordioa onartzeko; egiten ez badute, Greziako Gobernuak lege bat egingo du bankuak behartzeko. Batzuek agian aukeratuko dute bide hori, geroago modu batera edo bestera zor osoa jasoko dutelakoan.
Greziako bankuek dute hango zor gehien. Atenasko gobernuak iragarri du kapitala utziko diela, porrot egin ez dezaten. Frantziako eta Alemaniako bankuek ere diru asko utzi izan diote Greziari, baina azkenaldian erreserbak bildu dituzte izan ditzaketen galerez babesteko.
Nork galduko du dirua?
Printzipioz, Greziari dirua utzi zioten erakunde pribatuek soilik. Estatuek onartu dute bere maileguen truke interes tasa txikiagoak jasotzea. Horrek dirua galtzea ekar diezaieke batzuei —Italiari eta Espainiari kasu—, Greziari dirua utzi ahal izateko merkatuari eskatutako dirua garestiagoa delako. Horiei konpentsatze aldera, Europako Banku Zentralak bere 40.000 milioiko zorrari ateratzen dizkion etekinak banatuko dizkie. Greziaren zorra BPGaren beste 1,8 puntu jaiste aldera, euroguneko banku zentralek Greziari utzitako 12.000 milioiren interesak itzuliko dizkiote Atenasi.
Trukean zer egin behar du Greziak?
Argaltze dieta gordinarekin jarraitu, bestela ezingo baitu nahiko diru bildu. Hasteko, gaur bertan bilduko da Parlamentua joan den asteburuan hitzartutako 325 milioi euroko gastu murrizketa eztabaidatzeko. Diruaren zati bat gastu militarretik etorriko da, baina pentsio batzuk ere jaitsiko dituzte. Bestetik, astebeteko epea dute 3.000 milioi euro murrizteko neurriak indarrean jartzeko.
Parlamentuak onartuko al ditu neurriak?
Teorian, bai. Lukas Papademos teknokrataren gobernua sostengatzen dute bi alderdi nagusiek, PASOK sozialdemokratak eta Nea Demokratia kontserbadoreak, eta batek zein besteak idatziz agindu dute plana indarrean jarriko dutela. Neurrien aurka zeuden diputatuak bota eta gero ere,gehiengoa dute. Baina ikusteko dago zer gertatuko den apirileko hauteskundeetatik irtengo den Parlementuarekin. PASOK hondoratu egingo dela diote zundaketek, eta NDk indarra galdu du austeritatearen bidea onartu duenetik. Etengabe indartzen ari dira, berriz, murrizketen aurkako ezkerreko hiru taldeak, KKE komunista, Syriza koalizioa eta Ezker Demokrata. Syrizako buru Alexis Tsiprasek dagoeneko ohartarazi du akordioak ez duela bere taldea ezertara lotzen.
Funtzionatuko al du?
Nekez. Planak ahulgune asko ditu. Horien artean, espero izateaGrezia gai izango dela 2013an hazkundearen bidera itzultzeko eta geratu zaion zorra kitatzen hasteko. Baina hori sinesteko oso baikorra izan behar da: lau urte daramatza Greziak atzeraldian —ia %16 jaitsi da tarte horretan—, eta iragarle guztiek uste dute ez duela hondoa jo. Atzeraldiaren gurpil zoroa elikatzen dute langabeziaren handitzeak —%20tik gora jada—, milaka langile publikoen kaleratzeek, soldaten eta pentsioen jaitsierek, zergen igoerek... Halako egoera batetik ihes egiteko ohiko bidea da esportazioena, baina Grezia oso ahula da arlo horretan. Industriaren lehiakortasun pattala da Greziaren arazoetako bat, eta ezin du debaluazioen bidez sustatu euroan jarraitzen duen bitartean.
Beste arazo bat da Greziari geratuko zaion zorraren jasangarritasuna. Denak funtzionatzen badu, BPGaren %160 zor izatetik %120,5era igaroko da 2020an. Nahiz eta beste azterketa batzuek dioten %154ean geratuko dela. %120ko kopuru hori hautatu dute Italiak ere beste hainbat zor duelako, baina aditu askok ez dute uste hori ere pagatzeko gai izango denik. Italiak orain arte egin du gai zelako superabit primarioa lortzeko, hots, zorra edo haren interesak pagatzeko behar zuen dirua aparte utzita, Estatuak diru gehiago biltzen zuelako zergetan gastatzen zuena baino. Grezia, egitura ekonomiko ahulagoarekin eta atzeraldian egonda, zaila du halakorik lortzea, besteak beste, zerga iruzurra oso zabaldua dagoelako. Eta dirua iristen ez bada, murrizketa gehiago egin beharko ditu, herritarrak are gehiago sumindu eta zirkulua elikatu.
Hortaz, inork ez du baztertzen hilabete batzuk barru hirugarren erreskateaz hitz egin behar izatea, eta horretan estatuek galerak onartu behar izatea. Politikoki hori askoz zailagoa izango da saltzeko.
Greziak euroa uzteabaztertu behar al da?
Ez. Euroguneko iparraldeko herrialdeei amaitu zaie Greziarekin izan duten pazientzia; Alemaniak argi eta garbi erakutsi dio atea azken asteotan, eta ez badu bultzatu ez da elkartasun kontuengatik izan, baizik eta ez dakielako zer ondorio izan dezakeen euroguneko beste herrialdeetan; berezikiPortugal, Italia edo Espainian. Hortaz, uler daiteke Grezia erreskatatuta Alemaniak eta haren aliatuek denbora irabazi dutela euroguneko beste herrialdeak eta Greziari dirua utzi dioten bankuak babesteko. Behin hori ziurrago dutenean, Greziaren patuak gutxiago inportatuko die.
Greziarrek nola hartu dute?
Etsipena, haserrea, umiliazioa eta halakoak entzun dira gehien Greziako hedabideetan. «Dosia jaso duten drogazaleak gara; lehen aldiz, lotsa ematen dit greziarra naizela esatea», adierazi dio 70 urteko Iulia Ioannu erretiratuak Reutersi. Sindikatuek manifestaziora deitu dituzte gaur arratsaldean herritarrak Parlamentuaren aurrean.
Oraingoz, euroan
Greziaren berehalako porrota eragotzi du eurogunearen bigarren erreskateak, baina ez ditu uxatu luzera begirako zalantzakMaileguen truke, bere kontuen kontrol zuzena onartu behar izan du Atenasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu