Saltokiak igande eta jaiegunetan irekitzeak piztu duen eztabaida areagotu egin da Espainiako Gobernuak atzo egindako iragarpenarekin. Ordutegiak liberalizatzera behartuko ditu gobernuak hamalau hiri, gune turistikoetan —horien artean dago Bilbo—. Hiri horiek turista gehien biltzen duten gunea zein den zehaztu beharko dute, eta horretarako sei hilabeteko epea izango dute, araudi berria indarrean sartu ostean. «Irizpide objektiboak» erabilita hautatu dituzte hiriok, jasotzen duten bisitari kopurua aintzat hartuta, besteak beste. Dena den, beste hiriren batek aukera horren alde egin dezake, hark ere ordutegi zabalagoa eduki ahal izateko.
Orain arte zortzi jaiegun eta igandetan zuten irekitzeko baimena, eta 2013rako aukera hori hamar egunera zabaltzea erabaki du gobernuak. Nafarroan zabaltzen ziren dendak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoa ez, Bilbon azken hilabeteetan hainbat salbuespen izan badira ere.
Horrekin batera, Aurrerantzean 300 metro koadro baino gutxiago dituzten denda txikiei«erabateko askatasuna» emango die gobernuak ordutegien aldetik—orain arte 150 metro koadro baino gutxiago dituzten dendek zuten aukera hori—. Lanorduen kasuan, astero gehienez 72 orduan ireki ahal ziren lehen, eta 90 orduan ireki ahalko dira aurrerantzean
Erreforma horiek egiteko, ordutegien 1/2004 Legea aldatu beharko du gobernuak. Jaiegunetan irekitzeari «mugak» jartzea «desabantaila» dela uste du Jaime Garcia-Legaz Espainiako Gobernuko Merkataritza idazkariak, eta, horregatik, «egiturazko erreforma» bat egingo dutela adierazi du, turismoa eta merkataritza «suspertu» ahal izateko.
Ordutegiak liberalizatu beharko dituzte Bilboko gune turistikoan
Orain arte zortzi jaiegunetan irekitzeko aukera zuten saltokiek; orain hamar egun ezarri ditu Espainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu