Atzerako kontua hasi da Orona kooperatiba Hernaniko Galarretan eraikitzen ari den egoitza nagusiarentzat. Orona Ideok, enpresaren egoitza, I+G zentroa, Orona Unibertsitate Korporatiboa eta Orona fundazioa jasoko ditu, besteak beste, 70 milioi euroko aurrekontuarekin; atzodanik zabalik da fundazioaren eraikina, auditoriuma, liburutegia, kafetegia eta datorren astean martxan jarriko diren ingeniaritza alorreko bi graduondo hartuko dituen gunea. 2014ko maiatzean ezagutuko dute parke osoa kooperatibako 4.000 langileek, estralurtarren espaziontzi bat gogora ekar dezakeen eraikin erraldoia barne; ekainean inaugurazio ofiziala izango da, Mondragon taldeko kooperatibaren 50. urteurrenean.
Orona fundazioa abiaraztearekin batera, bazkide fundatzaileak omendu nahi izan zituen enpresak atzo. 1964an Orona martxan jarri zuten hamazazpi bazkideetatik hamaikak Oronako gaur egungo agintarien laudorioak eta txaloak jaso zituzten, «haien balioak egungo enpresarenak direlako eta izango direlako etorkizunean ere» Jose Miguel Lazkonategi zuzendaritza kontseiluko lehendakariaren hitzetan.
Fundatzaileei ez ezik, rol berezia eman zien Oronak inguruko herrietako ordezkariei fundazio inauguratu berriaren «izaera irekia» nabarmentzeko. Haien proposamenak jasotzeko prest daude Oronan, instalazioak «ahalik eta erabilera onena eduki dezaten». Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta beste 13 udalerritako alkateak izan ziren Orona fundazioko auditoriumean.
Kooperatibak, «lan harresi»
«Orona eredugarria da benetako balioak ordezkatzen dituelako. Kooperatibak lan harresi bihurtu dira krisi honetan», esan zuen Garitanok. Orona gisako proiektuak eta kooperatibak, oro har, «etorkizuneko berme» direla erantsi zuen. Ildo horretatik mintzatu zen Luis Intxauspe Hernaniko alkatea ere: «Honen neurriko oso proiektu gutxi jarriko dira martxan gaur egungo krisi garaian, Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo».
Oronak 569,1 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2012an, aurreko urtean baino %2,3 gehiago. Hala ere, 83,5 milioi euroren irabaziak lortu zituen, %7 gutxiago.Hamar herrialdetan dauzka zentroak, eta guztira, 4.000 langiletik gora dihardute enpresan. Jadanik 250.000 igogailu jarri ditu munduan; Europan jartzen diren hamar igogailu berri bakoitzeko bat Oronarena da. Munduko ehun herrialde baino gehiagotan jartzen dira Orona igogailuak.
Orona fundazioa martxan da, eta Ideo egoitza nagusia ekainean irekiko dute
Orona kooperatibako fundatzaileei omenaldia egin diete Hernaniko eraikin berrian, eta haien ahalegina eskertu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu